Erasoetan nahiz esprintera, Corres nagusi
Caja Rural-Aleak Euskaldun Txapelketaren orain arteko bi probak poltsikoratu ditu. Azkena zapatuan [martxoak 1] lehiatu dute: Ereñoko Udala Sari Nagusia. Gorka Corres gailendu da, Telcom etxeko Pablo Araren eta Eulen etxeko Meredithen aurretik.
Beste urte batez, Ereñoko Udala Sari Nagusiak ez du hutsik egin. Ibilbide berrituagaz lehiatu zuten iragan zapatuan [martxoak 1] Euskadun Txapelketaren bigarren probaren 22. ekitaldia, eta Caja Rural-Aleak jarraipena eman zion joandako asteburuan Zumaiako Sarian hasitako garaipen boladari: Gorka Corres biko esprint batean gailendu zen Elizaldeko helmugan, taldelan apartaren ondoren.
Lasterketa gogorra izan zen hasieratik amaierara bitartean. Izan ere, urteroko ibilbide gorabeheratsu eta teknikoari Omara igoera bi gehitu zitzaizkion. Lehen kilometroetatik, eguneko ihesaldia egiteko hainbat saiakera egon ziren, tartean, lehiaketaren behin-behineko lider Diego Ruiz de Arkauterena. Bere ekinak bost laguneko ihesaldia egitea ahalbidetu zuen, Laida eta Lagako bigarren itzulian txirrindulari gehiago gehitu zitzaizkiona. Edozelan ere, talde batek ere ez zuen errenta handiegirik lortu, Gomur etxearen kontrola tarteko. Ibilbideko lehen puntu berora, Omarako tontorrera, hainbat lasterkari aurrea hartuta iritsi ziren; tropelaren buruan, berriz, Finisher-Kern Pharmako kideak zeuden.
Omako bigarren pasaera are gogorragoa izan zen, gaina harrapatu bezain pronto Nabarnizko maldei aurre egin behar izan zieten ere ziklistek. Corres Euskadi Fundazioko Aimar Tadeogaz batera ihes eginda pasatu zen; Caja Rural-Aleak, gainera, atzean ere ordezkaritza zuen, Antonio Gonzalezegaz. Hautagaien taldea gehiago eta gehiago murriztu zen, Nabarnizko mendate pankartatik pasatu orduko. Talde hartatik erasoa jo eta lasterketa burura iritsi zen Eiser-Hirumet etxeko Iñaki Trujillo. Jarraian iritsi ziren lasterketa burura Eulen etxeko Charlie Meredith, Telcom taldeko Pablo Ara eta Euskadi Fundazioko Luis Garcia. Seikote horrek borrokatu zuen Ereñoko garaipena.
Beste behin, Eatik Natxitura arteko Angelutxuko maldak egin zituen epaile beharrak. Bere kartak jokatzen lehenengoa Ara izan zen; Corresek nahieran erantzun zion jarraian. Ondoren, Euskadi Fundazioak lagun biko nagusitasuna probestu zuen, erasoak txandakatzeko. Ez zen nahikoa izan, baina, Corresen hanken sendotasunaren aurrean: Caja Ruralgoak ondo kontrolatu zituen mugimendu denak, eta Natxitura heldu orduko metro batzuen arrakala zabaldu zuen. Lasterketa buruagaz bat egin ahal izan zuen bakarra Ara izan zen. Bien arteko esprint gogorrean, aldapa gora, Corres nagusitu zen azkenean, Araren eta ondoren helmugaratu zen Meredithen aurretik.

Gorka Corres, lehia bete-betean.Oscar Blanco
Gainontzeko sailkapenei dagokienez, mendikoa podiumaren atarian geratu zen Tadeok patrikaratu ahal izan zuen; tarteko helmugen sailkapenean, ostera, Trujillo izan zen sendoena. Taldekako sailkapena Euskadi Fundazioak irabazi zuen, Caja Rural-Alea eta Eiser Hirumet orduko. Euskaldun Txapelketaren sailkapen orokorrean, berriz, aldaketa egon zen. Ruiz de Arkautek lidergoa galdu zuen, Euskadi Fundazioko Aimar Galdosen mesedetan. Hain zuzen, Galdosek 19 puntuko uzta dauka; Ruiz de Arkautek 15 puntu ditu; bere taldekide Corresek, beste horrenbeste.
Gorka Corres: “Garaipena lortzeko lehen urratsa maila handiko ihesaldian sartzeko adi egotea izan da, eta azken zatiko erasoak bigarren pausoa izan dira”
Podiumetik jaitsi berritan, irabazlea “oso pozik” agertu zen, garaipenagatik: “Lasterketa gogorra eta zoroa izan da eta, indartsu sentitu arren, ez zuen irabazterik espero“. Angelutxuko maldetan birritan erasora jo eta bakarrik ihes egin ondoren, Arak harrapatutakoan esprinterako “zalantzekin” azaldu zela aitortu du, baina azkenean “lortu duela” apzimarratu: “Banekien abiadura puntatxoa banuela, eta ondo aprobetxatu dut. Garaipena lortzeko lehen urratsa maila handiko ihesaldian sartzeko adi egotea izan da, eta azken zatiko erasoak bigarren pausoa izan dira”. Datozen helburuei begira, Corresek azpimarratu zuen, orain arteko probetan legez, “irabazten segitzea” izango dela Euskaldun Txapelketarako jomuga: “Maila handiko taldeak daude, baina dinamika positiboa harrapatua dugu, eta hurrengo probetan molde horretan jarraitzeko prest gaude”.