Markel Enzunza: "Belaunaldi arteko aldaketa osasuntsuaren eredu gara Bizkaiganen"
1983az geroztik, Errigoitiren bihotzean kokatzen da Bizkaigane, eta tokiko produktuak eskaintzen jarduten du.
Bizkaigane proiektua tokiko ekoizpenaren eta salmenta zuzenaren aldeko apustu sendoa izan da hasieratik. Urteotan, esne salmentatik esneki propioen ekoizpenera jauzi egin, jarduera dibertsifikatu (ardiak, baratzea, negutegia) eta nekazaritza ekologikora bideratu da, tokiko kontsumoa eta hezkuntza komunitatearekiko lotura ardatz izanik.
Noiz eta zelan sortu zen Bizkaigane?
Bizkaigane 1983an sortu zen, Errigoitiko hiru baserritarren elkarlanetik. Izan ere, horietako bakoitzak bere ustiategi propioa sortu beharrean, Bizkaigane auzoan behi guztiak bildu zituzten, Bizkaigane proiektua martxan jarriz.
Bertoko produktuak eskaintzen dituzue, ezta? Sasoikoak?
Hori da. Behi-produktuak urte guztian zehar eskaintzen ditugu, ardi-produktuak, ordea, ardi sasoian baino ez.
Esnekiak bakarrik eskaintzen dituzue?
Ez, okelak ere bai: behi okela, behi hanburgesa, ardi okela, txorizoak eta noizean behin saltxitxoiak ere eskaintzen ditugu esnekiez gain.
Zelan funtzionatzen duzue?
Momentu honetan, hamaika kide gara, eta txandaka lan egiten dugu; batzuk goizetan datoz, eta beste batzuk arratsaldeetan. Asteburuetan ere txandakatu egiten gara, eta gutxieneko lanak egiten saiatzen gara, asteburu libreak izateko. Hilabeteko atsedenaldia ere izaten dugu, horrela, atzetik datozen belaunaldiek ere honekin jarraitzeko gogoa izan dezaten, guk izan genuen bezala.
Belaunaldi arteko aldaketa aipatu duzu. Zaila da hori mantentzea?
Bai, eta horregatik eman diogu buelta bat lan egiteko moduari. Lehenago, 365 egunez lan egiten genuen; orain, aldiz, txandakako lana eta oporraldiak uztartzen ditugu, jendearentzat erakargarriagoa izan dadin eta belaunaldi aldaketa hori bermatuta egon dadin. Ez da erraza jendeak bizimodu edo lanbide honekiko apustua egitea. Bizkaigane belaunaldi arteko aldaketa osasuntsuaren eredu da, baina hori ez da sektore honen errealitatea. Orokorrean, ez da horrela izaten, eta hamaika arazo izaten dira aurrera egiteko.
Bisita gidatuak ere egiten dituzue, ezta?
Bai, gehienbat eskoletatik etortzen dira, bi ordu inguruko bisitak egitera. Bisitak amaitzean, gainera, dastaketa txikitxo bat ere egiten dugu. Sarri etortzen dira, eta 25 pertsonatik 100 pertsonara arteko bisitak egin izan ditugu.
Zelan heltzen zarete erosleengana?
Webgunea dugu, baina egia esan, ez dugu askorik erabiltzen. Lehenago gehiago erabiltzen genuen. Sare sozialak izan arren, normalean, ahoz ahoko komunikazio bidez heldu izan gara jendearengana, asteroko azokez gain.
Eta zuen produktuak nola eskuratu daitezke?
Esan bezala, plazetan egoten gara astero. Astelehenetan Gernika-Lumon, barikuetan Mungian eta zapatuetan Portugaleten. Horrez gain, hilabetero, lehenengo domeketan Arrietako azokan izaten gara. Etxerik etxeko banaketak ere egiten ditugu, eta herrietako denda txikietan ere banatzen ditugu produktuak. Dena den, 689 62 29 23 telefonora idatziz eskuratu daitezke gure produktuak.
Zelakoa da erosleekin daukazuen harremana?
Zuzenekoa, oso hurbila da. Azken finean, lehenengo sektoreko langileon kasuan, bezeroekin harreman zuzena izatea oinarrizkoa da. Edozein zalantza edo arazo izanez gero, jarraian konpontzen gara eurekin, eta bezeroek argi eta garbi ezagutzen dute eskaintzen dugun produktua eta horren atzean dagoen lan guztia.
Baserritik Gernikara proiektuaren parte zarete. Garrantzitsua da lehenengo sektoreko ekoizleen arteko sare bat edukitzea?
Bada, bai. Baserritik Gernikara proiektuan gaude, eta Mungialdeko Uribe Butroeko Sarean ere bagaude. Biak oso garrantzitsuak dira guretzat.
Zelan baloratzen duzue, hortaz, Baserritik Gernikara?
Oso positiboki baloratzen dugu. Etorkizunera begira, hazkunde handia izan dezakeen proiektua dela uste dugu. Horrelako proiektuak beharrezkoak dira, ze, ekoizleok plazetan egoten gara, baina jende asko ezin da horietara bertaratu; Baserritik Gernikara proiektuak, ostera, guztientzako aukera eskaintzen du, bertoko produktuekin eta sasoiko produktuekin. l