Aurrekontuaren %42,2 inbertsioak egiteko baliatuko du Nabarnizko Udalak
Nabarnizko Udalak 1.001.794,14 euroko udal aurrekontua onartu du. Udaletxe zaharra eraberritzeko lehen fasea aurrera eroateko 150.000 euro bideratuko dituzte.
Nabarnizko Udalak 1.001.794,14 euroko udal aurrekontua onartu zuen urtarrileko osoko bilkuran, aho batez; iazkoa baino txikiagoa da aurtengo aurrekontua, iaz 1.077.584,4 eurokoa izan baitzen. Hala ere, diru sailetik 422.323,63 euro bideratuko dituzte inbertsioetara, aurrekontuaren %42,2.
Zehaztu dutenez, udal aurrekontuaren %27 (273.600 euro) giza baliabideetara bideratuko dute, hau da, langileriaren gastuak ordaintzera, eta %26,2 (262.270 euro) izango da ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuetarako erabiliko dutena. Diru sarrera nabarmenenenak, ohi legez, udal kutxatik jasotzen dituztela azaldu dute, baita zergetatik ere.
Hala ere, udalak beti egiten du ahalegin berezia inbertsioen diru saila osatzeko eta herria hobetuko duten proiektuak herritarrei eskaintzeko. Horregatik, inbertsioetako diru sailaren zati handi bat udal zerbitzuak hobetzeko eta herria irisgarriago egiteko baliatuko dute.
Hain zuzen ere, proiektu garrantzitsuenetako bat izango da Elexaldeko udaletxe zaharra eraberritzeko erabiliko dute, hori irisgarriagoa, seguruagoa eta balio anitzekoa bilakatzea. Hain zuzen ere, udaletxe zaharraren konponketarako lehen faserako 150.000 euro bideratuko dituzte. Aurretik, udaletxearen ingurua egokitu eta irisgarriago bihurtu dute, herriko irisgarritasun proiektuan jasotako hobekuntza plana kontutan hartuta; herriko tabernaren sarbidearen irisgarritasuna hobetu eta Elespe aurreko kalearerekiko oinezkoentzako lotura ere hobetu zuten. Orain, baina, udaletxe zaharra eraberritzeko lehen fasera bideratuko dute dirua, eta fase horretan, eraikinaren oinarria egitura eta fojadurak egokituko dituztela azaldu dute udal arduradunek.
Elexaldeko zein auzoetako parkeak eraberritzea ere bada udalaren asmoa, eta horretara aurtengo aurrekontuko 142.000 euro bideratuko dituzte. Ikazurietako, Zabaletako, Uribarriko, San Migeleko, Elexaldeko eta udaletxe aurreko parkeak eraberritzea da asmoa, eta dagoeneko hasi dituzte lanak Ikazurietan eta Zabaletan. Izan ere, parke txikiak zaharkituta eta egoera txarrean daude: irisgarritasuna ez da beti betetzen, lurra labana da batzutean, eta zenbait jolas zaharkituta daude. Hori horrela, parke horien zoruak hobetuko dituzte, eta irisgarritasuna bermatuko dute; gainera, jolas berriak ipintzea ere badute asmo, baita behar den lekuetan jesarlekuak berriak instalatzea ere.
Mendi bideen mantenu eta berritze lanak egitea ere beti bilatu du Nabarnizko Udalak. Hori dela eta, Kurtziaganetik eta Zabaletara arteko bidea konpontzeko hirugarren faseko lanak egin gura dituzte, eta 70.000 euro bideratuko dituzte horretara. 2024an lehen fasea egin zen eta iaz bigarrena; horretan, egoera txarrean zeuden hormigoizko plaka altxatu zituzten eta plaka berria jarri.