3.163.939 euroko "ezinbesteko" udal aurrekontua adostu dute EH Bilduk eta EAJk
Aipatutako alderdi politikoen aldeko zazpi botoekin eta Herritar Alternatibaren kontrako biekin, aurtengo aurrekontua "giltzarri" izango da, zabor bilketa eta garbiketa zerbitzu berriaren lizitaziorako "beharrezkoa" baita.
Udal aurrekontua onartu zuten unea: zazpi boto alde, bi kontra. EH Bilduren eta EAJren aldeko zazpi botoekin —Herritar Alternatibak kontrako bi boto eman ditu—, mundakarrek 2026. urterako udal aurrekontu adostua daukate: 3.163.939 eurokoa izango da, eta “berebiziko esangura” edukiko du, atzoko [otsailak 27] osoko bilkuran aditzera eman zutenaren arabera. Izan ere, aurrekontua adostea “ezinbestekoa da” udalerrian zabor bilketa eta garbiketa zerbitzu berriaren lizitazioa egin ahal izateko, Sorne Rubio alkatearen hitzetan.
Aurtengoa iazko ikasturteko udal aurrekontua baino handiagoa da, hura ia hiru milioi eurokoa baitzen. Aipatutako bilketa eta garbiketa zerbitzuaren lizitazioa, aurrerantzean, urte osokoa izan ahalko dela argitu dute, eta, gainera, lantaldea handitzeko aukera ere egongo da, “egun seinalatuetan edota beharrezkoa litzatekeenean”. Kontratua iazkoa baino dezente mardulagoa izango da, zehatz-mehatz, %78,6 handiagoa: 197.310 eurokoa.
Sorne Rubio: “2026ko aurrekontua ezinbestekoa da, udalerrian zabor bilketa eta garbiketa zerbitzu berriaren lizitazioa egin ahal izateko”
EAJk zenbait emendakin aurkeztu ditu aurrekontuari dagokionez. Alderdi jeltzalearen ordezkari Irati Gondrak argitu zuen lortutako akordioa “puntuala eta soilik udal aurrekontuari dagokiona” dela: “Aukera bi ikusten genituen hasieratik: blokeo egoera edo proiektuak elkarlanean ateratzeko behar egitea; guk, arduraz, bigarren alde jo dugu, herriarekiko erantzukizunez”. Udal aurrekontuaren hitzarmena gauza dadin “erraztea” EH Bilduren eta Herritar Alternatibaren arteko “itun antinaturala” baino esanguratsuagotzat dute jeltzaleek: “Itun hori, nola ez, ez da denboran mantendu; udalerria paralisira, beharrezko proiektuak blokeatzera eta bi bazkide ohien arteko liskar politikora eraman du.
Irati Gondra: “Aukera bi ikusten genituen hasieratik: blokeo egoera edo proiektuak elkarlanean ateratzeko behar egitea; guk bigarrenaren alde jo dugu”
Horren aurrean, elkarlanerako “borondatez baina zorroztasunez” jardun dutela azaldu zuen Gondrak: “Beharrizan nagusietako batzuei heltzea bermatuko duten aurrekontuak onartu ditugu, baina herritarrei emandako hitza bete egin behar da, eta hori gobernuak egin behar du: oso zorrotzak izango gara jarraipenean”. Alderdi jeltzaleko kideek emendakin “argiak” txertatu dizkiote aurrekontu proposamenari. Etxebizitza turistikoen gaineko kontrola zorrozteari erreparatuko diote: “Udalarekin batera lan egiteko, etxebizitza turistikoen kudeaketan jardungo duen zerbitzu bat kontratatzeko 14.000 euroko diru saila bideratzea proposatzen dugu”.
Horrez gain, Lorategi kalearen erreformarako proiektu bat erredaktatzeko eskatu zuten (25.000 euro). Astoagatik hilerrirako errepidea egokitu beharra ere plazaratu zuten (12.000 euro). Zerbitzuen alorrari ere heldu zioten: alde batetik, mediku kontsultategi berria irekitzean ipini zuten fokua; bestetik, adineko herritarrentzako arretan, “suteak prebenitzeko programa bat” tarteko.
“Kopiatutako” aurrekontuagatik “harrituta”.
Herritar Alternatibako zinegotzi Mikel Bilbaok bere alderdiak aurkeztutako emendakinak “aintzat hartu ez izana” salatu zuen, eta udal gobernu taldearen jarreragatik “engainatuta” azaldu zen. Aurtengo udal aurrekontua azken bi ikasturteetakoen “kopiatzea” zela nabarmendu zuen Bilbaok: “Guk langai zehatzen inguruan behar egitea proposatu dugu: etxebizitza, ongintza eta mantenua, aurrekontu parte hartzaileetan bete ez ziren neurriak betetzeko eskatzeaz gain. Herria ezin da iazko aurrekontuaren kopia batekin, herriaren iazko erronkak jakin batzuk baitira, eta aurtengoak, ostera, beste batzuk; ez dugu aurrerapausorik sumatzen“.
Mikel Bilbao: “Aurtengo udal aurre,ontua azken bi ikasturteetakoen kopiatzea da; ez dugu aurrerapausorik sumatzen”
Etxebizitzari dagokionez, HAren ordezkariak gazteak etxebizitzen alokairuarekin diruz laguntzea proposatu zuen, “edonork etxebizitza duina edukitzeko aukera izan dezan”. Ongintzari helduta, azpimarratu zuen diru sail bat bideratzea proposatu zutela beren emendakinetan: “Nagusiei laguntza emateko, adibidez”. Zabor bilketaren eta garbiketaren ardatzaz gain, herritarren alde landu beharreko “beste hainbat esparru” daudela nabarmendu zuen, bere alderdiak sentitzen duen “harridura eta dezepzioa” plazaratzearekin batera. EAJk aurkeztutako emendakinen aurrean, “zentzuzko alderdiak” direla zehaztu zuen HAk, baina horiek “azken orduan” jaso izanak “sakon aztertzeko aukerarik gabe” utzi zituela eta, abstentzioaren alde egitea erabaki zuten.
Mikel Bilbao: “Material berria ipiniko da, baina, denbora zein prozedura aldetik, ez dugu uste egoera larregi hobetuko denik”
Zabor bilketa zerbitzu berriarekiko ere, mesfidati azaldu zen HA: “Material berria ipiniko da, baina, denbora zein prozedura aldetik, ez dugu uste egoera larregi hobetuko denik; langileentzat ere, ez da sistemarik bidezkoena. Geure aldetik, gai horrekin erlazionatutako ideia asko geneuzkan, baina, prozesuak izandako dinamikak tarteko, ezin izan ditugu plazaratu. Beraz, ez gaude horren alde“. EH Bilduk lizitazioaren kargu orriak “lantaldeetan zehaztu” zirela erantzun zuen, eta prozesua “erabat adostua” izan zela. EAJk, ostera, zerbitzu berriaren abantailak plazaratu zituen: “150.000 euroko inbertsio handiagoarkein, asteko egun guztietan edukiko dugu zerbitzua, eta behargin bat gehiago kontratatu ahalko da. Honezkero abian dauden 2026rako lizitazioei dagokienez, gaur-gaurkoz, Turismo Bulegoaren kudeaketa, 35.517 eurokoa, eta Gazteleku zein Ludotekakoa, 118.181 eurokoa, daude.
Euskara planaz.
Udal aurrekontuaren onarpenaz gain, bestelako auziei ere heldu zioten osoko bilkuran. Euskara planari dagokionez, Mundaka Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) barruan egonik, plan horren onarpenari ere heldu zioten. Hiru kolore politikoak planarekin “ados” azaldu ziren, eta aurreikusi zuten urtero “jarrera batzorde bi” egingo dituztela, haren jarraipena bermatze aldera.
Irati Gondra: “M8ko adierazpena hitz soiletan ez geratzeko eskatzen dugu; berdintasunak inbertsioa eta lana eskatzen ditu”
Martxoaren 8ari begira, egun horretako adierazpen instituzionala onartzea ere eztaibaidatu zuten. EAJ eta EH Bildu alde azaldu ziren; HA, berriz, abstenitu egin zen. Jeltzaleek adierazpena “hitz soiletan ez geratzeko” eskakizuna egin zuten: “Berdintasunak inbertsioa eta lana eskatzen ditu”. HAk azpimarratu zuen adierazpena beste hainbaten “kopia” dela, ez baitago “Mundakara egokituta”: “Plan horretara bideratutako diru saila jaitsi egin da. Adierazpen horretan ageri diren berbak oso politak dira, baina ekintzak ez dira betetzen udalerrian”.
Alkatetzaren intereseko gaiak plazaratzerakoan, martxoan egingo dituzten ekimenen berri eman zuten. Rubiok aurreratu zuen eguaztenean [martxoa 4] eskolako haurrek osoko bilkura txikian parte hartuko dutela. Halaber, bestelako egitasmoak ere iragarri zituen: “Martxoaren 7an, Katillotxu Mundakako Emakume Elkarteak Izan Ginelako Gara erakusketa inauguratuko du, eta ostean musikaz girotutako poteo feminista egingo dute; emakumeen aldeko pankarta margotzea ere egingo da, herriko hainbat gunetan ipintzeko; martxoaren 8an, manifestazioa, musika saioa eta Lapseren emanaldia egongo dira”.
Sorne Rubio: “Osasun zentroko obrak bukatuta daude, eta hilabete honetan zabaltzea aurreikusten dugu”
Bizkaibusaren harira.
Bizkaibusen autobus geltokietan (hala udalaren, nola Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzapeko orubeetan), garbiketa eta argiztapen beharrak egin direla ere adierazi zuen alkateak: “Aldunditik esan digute 2026an zehar geltokietarako ekipamendu berria iritsiko dela. Ostean, aldundiak parte hartze prozesua egitea aurreikusten du, udalerriaren beharrizanak bertatik bertara ezagutzeko”. HAk, Bizkaibusen auziari dagokionez, “informazio eza” nabarmendu zuen: “Ez dakigu aldundiari zein alegazio helarazi zaizkion”. Beste alde batetik, Rubio EAJk bere emendakinetan aipatutako mediku kontsultategiaren gaiaz mintzatu zen: “Osasun zentroko obrak bukatuta daude, eta hilabete honetan zabaltzea aurreikusten dugu”.
Galde-erreguen tartean, HAk eskola seguruen proiektua “ez doala ondo” azaldu zuen: “Eskolara doazen umeek zabor bilketarako kamioiarekin tupust egiten dute, ordutegi berean. Hori ez da batere segurua, eta neurriak har daitezela eskatzen dugu”. Bestalde, Bilbaok grafitiak, debekatutako guneetan barik, “horretarako egokitutako tokietan eta baldintzekin” egitea proposatu zuen: “Behar ez diren lekuetn agertzen dira, eta uste dugu sormen artistiko hori bideratzeko modurik badagoela”. Ez hori bakarrik: Santa Katalina baseliza interes publikoko toki modura “babesteko eta indartzeko” eskaria egin zuen.