Ia 400 mendizale, aurretiaz izena emanda
Dena prest dago domekako [martxoak 1] Ibarruriko Mendi Martxa eta Lasterketaren XIII. ekitaldirako. 360 lagun inguruk aurretiaz izena eman dute mendi martxa luze, labur eta lasterketara. Egunean bertan ere horrexetarako aukera egongo da.
Argazkia: Saltsamendi Kultur Elkartea. Datorren domekan [martxoak 1], Ibarrurik eskualdeko nahiz inguruko mendizaleen urteroko hitzordu esanguratsuenetako bat hartuko du: XIII. Ibarruriko Mendi Martxa eta Lasterketa. Ohiko modura, mendi martxa luzea zein laburra egingo dituzte, baina bizkorrago aritu gura dutenek ere beren plaza edukiko dute, mendi lasterketa tarteko. Internet bidezko aurretiazko izen ematea ia 400 lagunekoa izan dela aurreratu dute Santsamendi Kultur Elkarteko antolatzaileek: “360 mendizale inguruk aurretiaz beren konpromisoa erakutsi dute, baina egunean bertan gehiago izatea espero dugu”.
21 kilometro eta 1.100 metro inguruko desnibela izango dituzte hala lasterketak, nola martxa luzeak; azken horrek jaso ditu, hain zuzen, izen emate gehienak. “180 martxalari inguru animatu dira aukera luzea egitera; 9 kilometroko eta 300 metroko desnibeldun martxa laburrera 12ok izena eman dute, eta 60 bat izango dira, berriz, korrikalariak”. Egunean bertan parte hartu gura dutenek, irteera ordu bakoitza orduko bertaratu baino ez dute egin beharko, bai irteera, bai helmuga hartuko dituen Ibarruriko plazara. Antolakuntzak “sasoiz ibiltzeko” eskakizuna egin du, pilaketak ekidin eta egitarauaren noranzkoari eutsi asmoz. Domekan bertaratzen direnek 15 euro ordaindu beharko dituzte, izena ematearren. Martxa luzea 08:30ean abiatuko dute; lasterketa 10:00etan hasiko da; martxa luzea, azkenik, 10:15ean.
Lasterketak eskualdeko zein “urrunagotik” hurreratutako parte hartzaileak hartuko dituela arigtu dute: “Busturialdeko ohiko ordezkaritzaz gain, badira Lea-Artibaitik, Durangaldetik nahiz beste inguru batzuetatik etorriko direnak ere, zenbait gipuzkoar barne. Ibarruri moduko herri txiki batentzako oso garrantzitsua da babes hori, ekimen xumea baina mimo handiz eginikoa antolatzen saiatzen baikara”. Iaz emakumezkoen lehen sailkatua izandako Onditz Iturbe Arginzoniz igorreztarra irteera zerrendan dago egun; ez, ostera, gizonezkoen artean bizkorrena izan zen Paul Ormaetxea Bilbao muruetarra.
Ohiturari jarraituz, ibarruritarrentzat hain berezia den asteburua jubilatuek ipini dute abian: gaur [otsailak 25] bertan, Askari mendiaren tontorrean ikurrina altxatu dute lau haizetara, horixe baita egitasmoa ate joka dela islatzen duen keinua.