Kopuruari barik, kalitateari begiratzen dion mendi martxa
Onditz Iturbe eta Paul Ormaetxea gailendu dira XII. Ibarruriko Mendi Martxaren lasterketan. Igorreztarrak eta muruetarrak aurkariak erosotasun osoz menperatu dituzte. XII. ekitaldiko martxa luze eta laburrak nahiz lasterketak 300 mendizale inguru erakarri dituzte.
Lasterketako protagonistak, podiumean.Saltsamendi Kultur Taldea Iragan domekan [martxoak 2], lasterketa bi egon ziren Ibarruriko Mendi Martxaren XII. aldian: alde batetik, Onditz Iturbe eta Paul Ormaetxearena; bestetik, gainontzeko korrikalari guztiena. Igorreztar eta muruetar korrikalariek beraien legea ezarri zuten mendi lasterketaren lehendabiziko metroaz geroztik, garaipen boteretsua eskuratzeko. Aurtengo ekitaldiak beste urte batzuetan baino mendizale “gutxixeago” erakarri ditu, 300 lagun pasatxo, baina Saltsamendi Kultur Taldeko antolakuntza lantaldea “pozarren” azaldu da aurtengo aldiagaz: “Kopuru aldetik apalagoa izan da, baina eguraldiak, inguruneak eta mendizaleen jarrerak asko lagundu dute; helmugan, umeentzako jolasek eta jan-edanak emaitza ona utzi dute”.
Urtero legez, mendi martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa eduki ditu aurtengo egitarauak. Hala mendi martxa luzeak, nola lasterketak 21 kilometro eta 1.100 metroko desnibel metatua eduki ditu; martxa laburrak, ostera, 9 kilometro eta 300 metroko desnibel positiboa. Askari mendira jo zuten aukera laburreko martxalariek, aldarte ederrean. Martxa luzeko parte hartzaileek, berriz, goizeko lehen orduetako hotzari aurre egin zioten, Astoagana ingurura eta San Kristobal baselizara igotzeko; tartean, Ajuria, Berroja eta Urrutxutik pasatu ziren, eta ostean, aldiz, Lapazaran eta Asteitik, helmugaratu orduko. Bai Ormaetxeak, bai Iturbek hasieratik amaierara dominatu zuten lasterketa. Muruetarrak 01.40.57an gelditu zuen erlojua, bigarren sailkatutako Kepa Bastegieta gernika-lumotarrari (01.46.40) ia sei minutuko aldea ateraz; gizonezkoen podiuma beste gernika-lumotar batek, Paul Goitisolok (01.47.53) osatu zuen.
Iturberi dagokionez, 02.00.59an biribildu zituen lanak, bigarren sailkatu Itsasne Urkiaga zornotzarraren (02.13.44) eta Alluitz De Bilbao kortezubitarraren (02.19.52) aurretik. Emakumezkoen beterano sailkapena Maialen Basterra gernika-lumotarrak (02.31) poltsikoratu zuen, eta Alots Aiartza durangarra (02.09.45) izan zen gizonezkoen artean sailkapen hori eskuratu zuena. Gazteen sailkapena, hurrenez hurren, Alluitz De Bilbaorentzat eta Aimar Artetxe gernika-lumotarrarentzat (02.11.55) izan zen.
Aurtengo aldiaren balorazio “baikorra” egin ondoren, antolatzaileak honezkero hurrengo urteko ekitaldiari begira daude: “Parte hartzea apur bat mardultzeko, emakumezkoen esku hartzea sustatzen jarraitzearen alde eta Ibarrurik mendiko proben egutegian bere tokitxoa eduki dezan lanean jarraituko dugu“.
