Onintza Enbeitak irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa
Barikuan Belendizen jokatu zen kanporaketa irabazita, Astran jokatuko den finalean egongo da Enbeita. Antolatzaileak "oso pozik" agertu dira lehenengo saioagaz, eta gainontzekoak ere maila horretan jarraitzea nahi dute. Barikuan [otsailak 27] izango da bigarren kanporaketa, Muruetan.
Txapelketako lehenengo saioko parte hartzaileak. Lilibertso Iragan barikuan [otsailak 20] ekin zioten Busturialdeko Bertsolari Txapelketari, Belendizko Txokoan. Eskualdeko bertsolarien arteko txapelketa antolatzea eta sortu duten mugimendu sendoa laguntasunetik erakustea helburu duen lehiaketa lagunkoiaren lehen kanporaketan Onintza Enbeita, Eider Fernandez, Beñat Bilbao, Nagore Beitia, Janire Arrizabalaga eta Xabier Enbeita bertsolariek hartu zuten parte. Hala nola, Enbeitak lortu zuen garaipena, eta era berean, martxoaren 14ean Astran burutuko den finalerako lehen txartela.
Lilibertsokoak “gogotsu” zeuden txapelketari ekiteko, eta adierazi dute lehenengo saioa “oso ondo” joan zela: “Lehenengo saioak beti izaten ditu zalantza gehiago; ondo aterako den, jendearen erantzun ona izango duen, edota aurtengo bertasunek funtzionatuko duten. Horiek guztiak kontuan izanik, balorazio oso ona egiten dugu. Oso gustora egon ginen bai bertsolariak zein entzuleak, eta Belendizko txokoa bete-beteta egon zen”. Izan ere, gogoratu dute orain artekoagaz alderatuz berritasun batekin etorri dela aurten lehiaketa: orain arte lehenik afaria egiten zuten, eta ondoren hasten ziren bertsotan; aurten, ordea, lehenik saioa egingo dute, eta amaieran jango dituzte pintxoak, bakoitzak hamar euro ordainduta. Berritasun horrek lehenengo saioan izandako erantzunagaz pozik agertu dira antolatzaileak, oro har.
Besteak beste, bertsolariek erakutsi zuten maila altua nabarmendu dute, hasieratik “oso ondo” aritu baitziren guztiak. “Uste dugu Belendizko txokoan sortu zen giroak eta berotasunak ere lagundu ziela bertsolariei, eta horren erakusle izan zela saioaren maila altua”, gaineratu dute. Guztien artean, aipamen berezia egin diote Lilibertsotik Eider Fernandezeri, txapelketan bere debuta izan baitzen: “Urduritasunak albo batera uztea lortu zuen, eta bere denbora hartuz ondo aritu zen. Gainera, oso gustora aritu zela esan digu, esperientzia berri hori oso baliagarria izan dela beretzat, eta guretzat hori da garrantzitsuena”.
Bertsoak zerbait ahalbidetzen badu, gai anitzen inguruko hausnarketarako tartea da, eta hori argi erakutsi zuten barikuan eskualdeko bertsolariek. Gai jartzaile lanak Zihara Enbeitak egin zituela azpimarratuz, “gai potoloak” izan zituzten hizpide: “Futbola, sare sozialen erabilera, elizaren instituzioa, Guggenheim Urdaibai, irakaskuntza, apustuak edota gimnasioaren inguruan kantatu zuten, ariketa desberdinen baitan, eta horrek hausnarketa eta kritikarako espazioa ere ahalbidetu zuen”.
Hurrengoa.
Gauzak horrela, lehiakortasun osasuntsuaren isla izan zen lehenengo saioa, eta hurrengoak ere lerro horretan jarraitzea nahi dute. Hala nola, bariku honetan [otsailak 27] Muruetan izango dute bertsozaleek hitzordua, 20:00etan, eliza atzeko txokoan, Astrako final handirako txartela lortzeko lehian. Hain zuzen ere, Aitor Etxebarriazarraga, Helene Yerga, Koldo Muñiz, Mikel Retolaza, Asier Galarza eta Julen Ibarguengoitia izango dira bertsotan arituko direnak.
- Lehenengo saioko emaitzak:
- Onintza Enbeita – 188 puntu
- Janire Arrizabalaga – 159,5 puntu
- Beñat Bilbao – 159 puntu
- Nagore Beitia – 151 puntu
- Xabier Enbeita – 142 puntu
- Eider Fernandez – 137 puntu