Hamabi langabe kontratatuko ditu Gernika-Lumoko Udalak, Herrilan Plana programaren bidez
Lanbide eta Lanbide Ekimenak erakundeek eta Udalak bultzatuta, sei hilabeteko kontratua izango dute, 120 prestakuntza-ordu uztartuta, enplegagarritasuna hobetzeko
Gernika-Lumoko Udalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin eta Lanbide Ekimenak Zentroarekin elkarlanean, hamabi langabe kontratatuko ditu, sei hilabetez. Herrilan programaren bidez, martxotik abuztura bitartean ariko dira beharrean, lanaldiaren %75ean.
Lanpostuak lehentasunezko arretakotzat jotzen diren pertsonei zuzenduta egongo dira; alegia, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei emango diete lehentasuna, hala nola iraupen luzeko langabeei edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradunei.
Kontratatutako pertsonek udal-brigadari laguntzeko lanak egingo dituzte, batez ere udalerriko hainbat tokitan espazio publikoaren mantentze, lorezaintza eta garbiketa lanetan.
Baina programa ez da aldi baterako kontrataziora mugatzen: parte-hartzaile bakoitzak 120 orduko talde prestakuntza jasoko du. 40 ordu pintura-lanetarako izango dira, 20 ordu lorezaintzarako, 60 ordu gizarte trebetasunetarako, eta sei ordu banakako orientaziorako, konpetentzia profesionalak indartzeko eta ondorengo laneratzea errazteko.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak erakundearen presidentearen esanetan programa hau ez da bakarrik aldi baterako enplegua izateko aukera bat, “lan-merkaturako trantsizioa egin ahal izateko tresna” baino. “Benetako lan-esperientzia eta banakako prestakuntza eta laguntza uztartzen ditugu; izan ere, badakigu enplegagarritasuna trebetasun teknikoak eskuratzearen menpe ez ezik, konfiantza eta trebetasun pertsonalak indartzearen menpe ere badagoela”, adierazi du Lejarragak. Eta, gehitu du lan-merkatutik kanpo denbora daramaten pertsonentzako bigarren aukera bat eskaintzea ahalbidetzen duela, udalerriaren mantentzea hobetzeaz gain.
Gernika-Lumoko Udalak laugarren urtez bultzatu du programa, enplegu-politika aktiboak eta zerbitzu publikoen hobekuntza bateratzen dituen formula finkatzeko helburuz.