Den-dena lortzeko aukerei eutsiz
Gernika Rugby Taldeak 34 eta 41 irabazi dio Complutense Cisneros Zeta taldeari, Ohorezko Elite Mailako 12. jardunaldiko partiduan. Datorren zapatuan [otsailak 28], partidu oso garrantzitsua jokatuko dute Urbietan, egun bigarren postuan dagoen Recoletas Salud Fenixen kontra.
Argazkia: Gernika Rugby Taldea. Gernika Rugby Taldearen heburuek bizi-bizirik diraute. Basurdeak Ohorezko Elite Mailan sasoi itzela erakusten ari dira, eta sailkapenaren behin-behineko buruzagitzaren borrokari eusten diote. Talde gernika-lumotarrak azterketa esanguratsua eduki zuen iragan zapatuan [otsailak 21], Madrilgo Paraninfo zelaigunean, Complutense Cisneros Zeta taldearen kontrako neurketan. Hainbat taldekideren hutsuneak igarri arren, maila handia plazaratu zuten etxetik kanpo, hasieratik amaierara oso lehiatua izan zen 12. jardunaldiko neurketan.
Cisnerosek, sailkapenean atzetik egonagatik ere, ez zuen bere larrua merke saldu, eta, horrenbestez, taulako hirugarren sailkatuek gogotik behar egin zuten lehia osoan. Erritmo bizia izan zen partiduaren gidalerro nagusia. Izan ere, etxeko taldeek beren zelaia ezin hobeto ezagutzen dutela frogatu zuten, baita gehien interesatzen zaien jokoa egiteko lanabes egokiak dituztela ere. Hori bai, unerik erabakigarrienetan, gernika-lumotarrek asmatu zuten jokoa zelaiaren gune batetik bestera eraginkortasunez mugitzen eta fase estatikoetan intentsitatea ezartzen. Sendotasunaren erakusle, markagailuak bisitarien alde egin zuen, basurdeak 34 eta 41 nagusitu baitziren.
Egun, sailkapenaren hirugarren postuari eusten diote, baina nabarmendu beharreko ñabardura bategaz: gernika-lumotarrek gainontzekoek baino jardunaldi bat gutxiago jokatu dute. Hain zuzen, Valencia RCren kontra jokatu behar zuten 11. jardunaldia bertan behera uztera derrigortu zuen denboraleak. Beraz, hurrengo partiduetan garaipena lortzeak eta bonusen borrokan egoteak sailkapeneko hauspotzea ekar diezaioke Urbietako taldeari; gaur-gaurkoz Club de Rugby Sant Cugaten esku dagoen lidergoa oraindik helburu eskuragarria litzateke, beraz.
Bide horretan, datorren zapatuan [otsailak 28] zuzeneko arerioa izango dute aurrez aurre, 16:30ean abiatuta, etxeko jarraitzaileen aurrean. Basurdeek sailkapenean aurretik baina sailkapenean puntu berberekin duten Recoletas Salud Fenix taldearen kontra neurtu beharko dituzte indarrak. Esan bezala, arerioak basurdeek baino partidu bat gehiago dute jokatuta. Biek ala biek 36 puntu dituzte patrikan; Sant Cugatek, ostera, 39 dauzka. Aukerei eutsi eta dinakika positiboa mantendu asmoz, zapatukoa hitzordu garrantzitsua izango da, hortaz.