Udal langileak kalera atera dira berriro, beraien lan baldintzak "okertzen" ari direla salatzeko
Gaur (otsailak 23) astelehena dela aprobetxatuta, elkarretaratze ibiltaria egin dute Gernika-Lumoko udal langileek herrigunetik, herritarrei ere beraien egoeraren berri emateko asmoz.
Gernika-Lumoko Udaleko eta udal zerbitzuetako langileak berriro atera dira kalera, beraien lan baldintzak “okertzen” ari direla salatzen jarraitzeko. Hori dela eta, gaur (otsailak 23), astelehena dela aprobetxatuta, elkarretaratze ibiltaria egin dute herrigunetik, herritarrei ere beraien egoeraren berri emateko asmoz.
Izan ere, langileek bizi duten barne egoerak zerbitzu publikoetan duen eragina gernika-lumotarrei helarazi nahi izan diete, “langileentzako lan-baldintza duinak defendatzea kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea delako”. Horretarako, eskuorriak banatu dituzte ELA, LAB eta P.L.E.S. sindikatuen izenean, langileek jasaten dituzten alde bakarreko erabakiak eta negoziazio mahairik edo elkarrizketarik ezaren errealitatea plazaratzeko. “Benetako negoziaziorik eza” salatu dute, baita “lan giroaren okertzea” eta “presiopean eta plangintzarik barik” lan egiten ari direla ere.
Baina beraien aldarriak ere argi erakutsi dituzte: negoziazio-mahaia benetan aktibatzea, lanpostuen zerrenda eguneratzea eta adostea, langile guztiekiko errespetuzko tratua eta funtsezkoak diren gaiak jorratzea; azken horien artean, besteren artean, lanpostuak betetzea, lanpostuen balorazioa egitea, barne-sustapena, lan eskaintza publikoak, erretiroak edota zerbitzuen antolaketa aipatu dituzte. Eta, egiturazko arazo horiei aurre egin ezean, “egoerak okerrera egiten” jarraituko duela esan dute.
