XIX. mendetik gaur egunera salto, antzerkiaren bitartez
Otsailaren 28an eta martxoaren 1ean oholtzaratuko du Gernika Antzerki Taldeak ‘Los Tres’ antzerkia, Lizeo Antzokian. Horretan, hemeretzigarren mendetik gaur egunerako saltoa antzeztuko du 35 pertsonako lan taldeak.
'Los Tres' antzerkia aurkeztu du Gernika Antzerki Taldeak, gaur. Antzerkiak zerbait badu, garai desberdinetako istorioak gaurkotasunera ekartzeko ahalmena da. Behin gertatutakoei bigarren bizitza bat ematen die antzerkiak, eta zelan ez, gure lurraz eta horren istorioaz jabezeko aukera ere ematen du, era berean.
Gernika Antzerki Taldeko kideek “amateur” gisa definitzen dute taldea, baina pasioz eta gogoz jardutearen etengabeko erakusle dira, eta horri tiraka plazaratu dituzte orain arte sei antzezlan. Azkena, Los Tres, aurkeztu berri dute gaur antzerki taldeko kide diren Toribio Beares, Vicente del Palacio, Arantza Atxa, Alaitz Luaces, Ana Belen Verger, Juan Sagredo eta Xabi Ayarzaguenak.
Gernika Antzerki Taldearen eta Gernika-Lumoko Kultur Etxearen elkarlanetik jaio da Los Tres antzerkia, zeinek herriaren eta eskualdearen historia nolabait gaur egunera ekartzen duen. XIX. mendean kokatzen da istorioa, hain zuzen ere, hirugarren gerra karlistaren garaian. Aurreratu dutenaren arabera, otsailaren 28an [zapatua], 19:00etan eta martxoaren 1ean [domeka], 12:00etan plazaratuko dute lana Lizeo Antzokian.
Euren berbetan, “bi zatitan banatutako tragicomedia” bat da lana, eta Filipinaseko, Hong-Kongeko, Singapurreko, eta beste hainbat itsasotan zaildutako marinelen nondik norakoak aipatzen ditu: “Marinelak, handik eta hemendik nabigatzen aritu ostean, euren jaioterrira itzultzen dira, Kanalara. Bertan, arrantzan aritzeko elkartea eratzea erabakitzen dute, Urdaibaiko Txirenen Elkartea deiturikoa. Arrantzaren onurak ospatzeko, baina, errekaren beste aldera jotzen dute, igerian; Axpe-Busturiko tabernara, eta han, eguneroko zalapartekin inguratzen dira hirurak. Istorioa azken karlistadan girotzen da, eta besteak beste, tamainako arma kargamendu kontu batean nahastuko dira pertsonaiak”.
Antzerki taldeko kide den Vicente del Palaciok sortu du gidoia, Juan Irigoienek 1936an idatzitako Los Tremendos de Kanala nobelan oinarrituz: “Nobela irakurri nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Horren inguruko zerbait oholtzaratzeko aukera bilatu nahi nuen, eta buelta asko emanda sortu zitzaidan antzerki honen ideia. Nobelak, izatez, elkarrizketa gutxi ditu, eta hori nolabait moldatu behar izan dut, antzezleak euren arteko elkarrizketez baliatuz kontatu nahi genuen istorioa kontatzea lortzeko”.
Testuingutu hori landu bitartean antzeztuko dute, beraz, plazaratzen duten seigarren lana. Orain arteko bideagaz pozik daude, eta uste dute seigarren lanak ere “harrera ona” izan dezakela. “Oso dibertigarria da antzerkia, nahiz eta une ilun eta tristeagoak ere badituen. Uste dugu jendeak gozatu dezakeela antzerkia ikusi bitartean”, azpimarratu dute.
Gainera, dagoeneko ezaguna den istorioa antzeztuko dutenez, jakin badakite jendeak istorioa aurretiaz ezagutuko duela, eta horrek “hurbiltasuna” eman dakiokela lanari. Izan ere, taldearen oinarrietako bati eutsiko dio Los Tres antzezlanak, ze, argi eta garbi esan zuten: herriaren historiaren pintzelkadak oholtzaratu nahi ditu taldeak sortzen dituen lan desberdinetan. Eta beste behin, lortu dute. Ondo lortuta, gainera.
Emakumeak, hizpide.
Gernika-Lumotik aldentzen da istorioa, baina baditu hala ere udalerriaren istoriarekin lotutako xehetasunak. Emakumeek ere “garrantzia berezia” izango dutela kontatu dute: “Kontuan izan behar dugu XIX. mendean kokatzen dela antzerkiaren testuingurua, eta garai hartan emakumeek ez zutela eskubiderik. Dezente matxista da antzerkian kontatzen den istorioa bera, garaia ere matxista zelako. Baina nolabait moldatu dugu, eta emakumeen roll-a berebizikoa ere bada sarri istorioan zehar suertatzen diren arazo edo misterioak argitzeko”.
Antzerkia gazteleraz egingo badute ere, “euskarazko zatiak” ere hartzen ditu beregain, atzo azaldu zutenez: batik bat, haurrak protagonista diren eszenetan euskara nagusituko da, “naturalagoa delako, hala eurentzat, nola denontzat”.
Gernika Antzerki Taldeko kideek Del Palacioren lanari behar bezalako aitortza egin diote, euren esker ona adieraziz: “Vicenteren lanagatik izango ez balitz, ez genuke antzerki hau burutuko. Gidoia berak idatzi du, bai, baina hortik haratago ere joan da bere lana; atrezzo guztia ere berak antolatu eta pentsatu ditu”. Bestalde, “pozik” daude, “talde-kohesio itzela” dutelako, eta entsegu zein lanetan euren artean sortzen den giroa “oso polita” delako, eta hori azken lanetan nabaritzen delako.
35 pertsonak osatzen dute Los Tres antzerkiko lan taldea, eta nabarmendu dute horren baitan hogei antzezle nagusi, zazpi haur eta zortzi laguntzaile tekniko daudela, tartean soinu eta argiztapen teknikoak edota elektrizistak daudelarik. “Berebiziko aipamena egin nahi diegu haurrei, eurekin lan egitea plazer hutsa baita”, gehitu dute.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeagaz ere “oso eskertuta” agertu dira taldekideak, etengabeko laguntzagatik: “Asko lagundu digute. Elai Alai aretoan egin izan ditugu entseguak duela zazpi edo zortzi hilabetetatik, kultur etxeari esker. Martitzenero bildu gara entseatzeko, eta azken hilabete honetan barikuetan ere batu izan gara”. Horrez gain, Montajes Encimeras de Urdaibai eta Xaibor Diskofestak ere laguntza eman die, eta oso presente izan dituzte horiek ere.
Giro onean, pasioz eta gogotsu lan egitearen emaitza hartuko du, alegia, Lizeo Antzokiak, datorren astean. Gogoratu dute sarrerak dagoeneko salgai daudela Lizeo Antzokiko webgunean, sei eurotan. Egunean bertan, leilatilan ere egongo dira eskuragarri, halaber.
Talde amateurra izanik, lan aparta egiten du Gernika Antzerki Taldeak, eta horren testigu bihurtuko da Lizeo Antzokia. Hori horrela, herritar zein ingurukoei bertaratzeko deia egin die taldekideek, Gernika-Lumoko eta eskualdeko istorio zaharrak antzerkiaren bidez berreskuratzeko, eta herriko kultur eragileetariko baten egunez eguneko lanaren emaitzaz gozatzeko.