Espainiako hamar adingabetik seik erabiltzen du AA sortzailea
20 herrialdetako 25.000 adingabe baino gehiagoren datuekin EU Kids Online Europako sareak egindako 'European children’s use and understanding of Generative AI' azterlanak AA haur eta nerabeen eguneroko bizitzan zelan txertatu den aztertu du. %23k eskolako jardueretarako idazlanak egiteko eskatzen dio AAri.
Adimen Artifizial Sortzailea ez da etorkizuneko teknologia. Espainiako eta Europako nerabe eta haurren eguneroko errealitate bihurtu da. Izan ere, EU Kids Online Europako ikerketa sareak egindako European children’s use and understanding of Generative AI ikerketaren arabera, AA “modu azkarrean” ari da integratzen adin txikikoek dagoeneko erabiltzen dituzten plataformetan (Snapchat eta ChatGPT, esaterako) eta, horrek, “askotan”, hautatzeko gaitasun aktiboa “mugatzen” du. Emaitzak 20 herrialdetako 9 eta 16 urte bitarteko 25.592 adingaberi egindako inkestetan eta 244 elkarrizketa sakonetan daude oinarrituta, eta, horiek erakusten dute Espainiako hamar adingabetik seik erabiltzen dutela AA sortzailea.
Datuak Europako 20 herrialdetako datu konparatiboetan oinarritzen dira, eta, talde eta herrialdeen arteko ezberdintasunak eta aukeretarako eta kezka iturrietarako funtsezko arloak identifikatzen ditu. Izan ere, horren bidez, AA sortzaileak gaztetxoenen haurtzaroa nola eraldatzen duen jaso gura izan dute, ikuspegi “goiztiarra” izateko. Hala ere, txostenaren datuek adierazten dutenez, kultur eta lurralde testuinguruak desberdinak izan arren, Europako haurrek “antzeko erabilera ereduak eta esperientziak” dituztela erabiltzen dituzten AA sortzaileko aplikazio eta zerbizu motei dagokioenez.
Espainiaren kasuan, AAren erabilera oso hedatua dago: hamar neska-mutiletik seik dio azken hilabetean erabili dutela. Gainera, ikerketak erakusten du erabilera handitu egiten dela adinarekin, eta “doakoa eta irisgarria” den baliabide gisa sendotzen dela. Esaterako, erabilera ohikoenak eskola eremuagaz lotuta daude: %30ek testu luzeak laburtzeko edo azaltzeko erabiltzen du; %23k eskolako jardueretarako idazlanak egiteko eskatzen dio AAri; eta, %15k era askotako gomendioak bilatzen ditu.
Ikerlanaren emaitzen helburua da haur eta nerabeen ongizatea eta eskubideak babestuko dituzten erregulazio eta hezkuntza politika berriak bideratzea
Hala ere, ikerketak erakusten du laguntza akademiko horrek “anbibalentzia” sortzen duela gazteen artean: “‘Lanak AA gabe egin ditzaket, baina ahalegin handia eskatzen dit horrek. Orain arreta gutxiago jartzen dut; izan ere, badakit edozein unetan azal diezadakeela’ dio 17 urteko mutiko batek. Eta, horrek agerian uzten du ikaskuntza prozesuan tresna horren bizkortasuna ordezkatzeko joera dagoela”, gehitu dute.
Baina datu aipagarri bat ere nabarmentzen du azterlanak: adingabeen %9,2k AA erabiltzen du bere kezkei buruz hitz egiteko. Hala, eremu pribatuarekin lotutako tokia betetzen ari dela AA ondorioztatu dute. Eta, sormenari dagokionez, zenbait gazterentzat AA teknologiaren demokratizatzailea dela jasotzen du ikerketak; izan ere, lehen lortu ezin zituzten proiektuak egiteko aukera ematen diela uste dute gazte askok, hala nola bideojokoak programatzea edo arte digital konplexua sortzea.
Arriskuak eta desinformazioa
Erabilera hedatuta dagoen arren, Espainiako adingabeak ez direla “akritikoak” erakusten du azterlanak: “Benetako kezka dago informazioaren fidagarritasun faltagatik, datuen pribatutasunagatik eta deepfake delakoen arriskuagatik —nahiz eta %2,5ek bakarrik onartu halakoak sortu —”. Eta, arrisku horiek nork kontrolatu behar dituen galdetuta, nerabeek erantzukizun partekatua aipatu dute, baina hierarkia argiarekin: enpresa teknologikoak, diseinuaren arduradun nagusi gisa; gobernuak, legezko mugak eta babesa ezartzeko; eta erabiltzaileak, erabilera kontziente eta etikoa egiteko.
Eskolako lanez gain, gazteek gero eta maizago erabiltzen dute beren kezka pertsonaletarako “konfidentzialtasuneko” espazio gisa
EU Kids Onlineren txostenak nabarmentzen duenez, eztabaida politikoan nagusi dira “sentsazionalismoa, ikara moralak edo tenologiari buruzko gehiegizko aurreikuspenak”, protagonisten iritziak alde batera utzita. Ondorioz, ikerlanaren emaitzen helburua da haur eta nerabeen ongizatea eta eskubideak babestuko dituzten erregulazio eta hezkuntza politika berriak bideratzea, “AA dagoeneko nonahi dagoelako”.
Izan ere, EU Kids Online ikerketarako sare multinazionala eta diziplina anitzekoa da, eta haurren aukerei, arriskuei eta segurtasunari buruzko ikerketak online egiten ditu. Sareak ikerketa metodo asko erabiltzen ditu haurrek eta gurasoek Interneten erabileran izandako esperientziak aztertzeko, eta Europako eta nazioarteko politiketarako eta jardunbideetarako garrantzitsua den ezagutza garatzen laguntzea du asmo. Hala, EU Kids Online ekimenak haurren eskubideetan oinarritutako ikuspegia hartzen du, Haurren Eskubideen Nazio Batuen Hitzarmenarekin eta Haurren eskubideak ingurune digitalean nola bermatu behar diren jasotzen duen 25. Behatoki Orokorrarekin bat eginda.