Ibarruriko Mendi Martxako eta Lasterketako izen ematea, zabalik
Martxoaren 1ean egingo dute, eta Internet bidezko aurretiazko izen ematea zabalik dago, hilaren 23ra bitartean. Parte hartzearen arabera, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da.
Martxoa hasteagaz batera, hala eskualdeko, nola inguruko mendi martxalarien nahiz korrikalarien epizetnro bihurtzeko prest dago Ibarruri. Martxoaren 1ean, Ibarruriko Mendi Martxaren eta Lasterketaren XIII. ekitaldia egingo dute. Urteroko formatuari eutsiz, aurtengoan ere hiru garroko egitaraua prestatu du Saltsamendi Kultur Elkarteak: mendi martxa labur biz eta mendi lasterketaz osatutakoa.
Internet bidez aurretiaz izena emateko prozedura martxan dago dagoeneko, otsailaren 23a bitarte. Hori bai, “tokirik balego”, proben egunean bertan ere hiru aukeretarako izena emateko aukera egongo litzatekeela aurreratu dute. Bai ibilbide luzeko martxalariek, bai lasterkariek 21 kilometroko eta 1.100 metro positiboko desnibeldun azterketari aurre egin beharko diote; aukera laburra hautatzen dutenek, ostera, 9 kilometro eta 300 metro inguruko desnibela izango dituzte eguneko menuan. Urteroko punturik “entzutetsuenak” mantendu egingo dituztela iragarri dute: “Besteak beste, Berroia, Urrutxu edota Oiz”.
Izena ematerakoan, parte hartzaileek anoa postuetako zein helmuga guneko jana zein edana doan lortuko dute, baita “oroigarriren bat edo beste” ere. Horrez gain, Euleuk Elkarteari laguntza emateko asmoz daude aurten. Horrenbestez, mendizaleei “izena emateko eta bertaratzeko deialdia” luzatu diete: “Ibarruri moduko herri txikien kasuan, tankerako egitasmoa antolatzea ez da batere erraza, baina erabateko ilusioz egiten dugu; beraz, etor daitezela, goza dezatela eta izan dadila egun gogoangarria”.