"Bermeok duen xarma berezia hitzez islatu nahi nuen eleberrian"
Izatez usansolotarra den arren, Bermeon bizi da Jon Azkueta idazlea, eta hori oinarritzat hartuz idatzi du bere azken eleberria. Izan ere, Bermeon girotutako thrillerrak amodioa eta misterioa uztartzen ditu, eta urtarrilean kaleratu zuela kontuan izanik, orain arteko harreragaz "pozik" agertu da.
Jon Azkueta Bermeon bizi den idazlea da, eta Las Trece Caracolas eleberriarekin irakurleen arreta bereganatu du, wattpad plataformetatik liburuetara salto eginez. Isiltasunez, erritmoz eta irudimenez josita, egilearen unibertso pertsonalera hurbiltzeko aukera ematen du istorioak: Bermeora hurbiltzekoa, hain zuzen. Thriller bat idazten duen lehenengo aldia izanik, «pozik» dago orain arteko emaitzarekin. Bere lanaren atzean dauden inspirazioez, idazketa-prozesuaz eta literaturak bere bizitzan duen lekuaz hitz egiten du, hitzen bidez eraikitako mundu horren gidari bihurtuz.
Noiz eta zelan piztu zitzaizun idazteko grina?
Berez txikitatik sortu izan ditut istorioak, baina zaletasun gisa. 13 urterekin, eskolan ere idatziak lantzen hasi ginen, eta, horrela, idazketan gero eta gehiago murgiltzen hasi nintzen. Hori izan zen abiapuntua, eta hortik aurrera interneten istorioak argitaratu izan ditut, wattpad plataforma batean.
“Duela urte askotatik, egunero idazten dut, eta zortea dut; izan ere, badaukat denbora horri eskaintzeko”
Zeintzuk izan ziren zure erreferente literarioak?
Erreferente literario asko izan ditut eta baditut oraindik ere, baina oinarrizko erreferente bat Agatha Cristie izan da niretzat. Berari esker hasi nintzen misteriozko eleberriak irakurtzen, eta mundu horretan gehiago sartzen. Beste bat aipatu behar izatekotan, Stephen King esango nuke; asko irakurri izan ditut beti bere liburuak.
Zein leku dauka idazketak zure eguneroko bizitzan?
Esango nuke nire bizitzaren %90 idaztea dela gaur egun. Duela urte askotatik, egunero idazten dut, eta zortea dut; izan ere, badaukat denbora horri eskaintzeko.
Orain arte istorioren bat zein beste idatzita duzula aipatu duzu.
Hori da. Esan bezala, 13 urte nituenetik sortzen ditut istorioak, horiek wattpad plataformetara igoz. Argitaratutako lehenengo istorio arrakastatsua Huyendo del Vicio izan zen: astero kapitulu berri bat argitaratzen nuen Internet bidez irakurtzeko. Horrekin, plataforma horrek eskaintzen zuen sari bat irabazi nuen, eta milioi bat irakurleko komunitatea ere osatu nuen.
Nola sortu zen Las Trece Caracolas-en ideia?
Nire bizitza nolabait islatuko zuen eleberri bat idatzi nahi nuen. Nahiz eta izatez Usansolokoa izan, orain, Bermeon bizi naiz. Hortik dator pasartea Bermeon kokatzearen ideia. Gainera, misteriozko zerbait idatzi nahi nuen, ordura arte idatzitakotik aldendu, thrillerrarekin ausartu. Arrisku puntu bat ere izan du eleberri honen argitalpenak, ze, nik dagoeneko irakurle komunitate sendo bat daukat atzean, gehienbat gaztetxoez osatuta dagoena, eta eleberri hau orain arte idatzitakotik aldentzen denez, beldur puntu bat izan dut nire baitan. Harrera ona izango ote zuen edota nire irakurle taldearen gustukoa izango ote zen ikusteak kezkatzen ninduen.
Eta, zelakoa izan da harrera?
Momentuz, oso ona da. Egia da urtarrilean argitaratu zela, eta oraindik ez dela denbora asko pasatu. Baina ondo doa; pozik nago eta argitaletxea ere bai.
Izenburua oso iradokitzailea da. Zer sinbolizatzen dute istorioaren barruan hamahiru karakolek?
Spoiler handirik egin gabe, esan dezaket pertsonai nagusiekin lotura oso estua daukatela hamahiru karakolek. Garrantzia handia dute eleberri guztian zehar, eta istorioaren nondik norakoa iradokitzeko tresna izan daitezke.
Bermeon kokatzen da eleberria; zergatik?
Sortu izan ditudan istorio guztiak kokatu izan dira nirekin nolabaiteko lotura daukaten tokietan; hurbiltasuna ematen duela uste dut. Nahiz eta idatzitako guztia fikzioa izan, Bermeoko kokapen erreal asko erabili ditut inspirazio iturri gisa. Gainera, uste dut Bermeo leku oso aproposa izan daitekeela mota honetako istorioetarako. Bi alor nagusitzen dira eleberrian: misterioa eta amodioa. Eta, biak ala biak lantzeko leku aproposak daude Bermeon, eta oso erraza egin zait horiek lantzea eta elkarren artean uztartzea. Bermeok badauka bere xarma, eta nolabait xarma berezi hori hitzez islatu nahi nuen eleberrian.
“Nahiz eta eleberria gazteleraz izan, euskarazko hitzak sarri agertzen dira pertsonaien arteko elkarrizketetan-eta”
Herri-giroa lantzeko, oroimen pertsonalera edo dokumentazio-lanera jo zenuen gehiago?
Esango nuke bietaz baliatu nintzela. Bermeon bizi naizen arren, ez naiz jaiotzaz hemengoa, eta beraz, ez ditut ezagutzen beste edozein herritarrek ezagutzen dituen izkina edo kondairak. Horiek ezagutzeko, Internetez zein bertako bizilagunez baliatu naiz. Baina, nire bizipen propioek ere izan dute pisua, zelan ez. Uste dut bien arteko nahasketaren emaitza izan dela eleberrian landutakoa.
Zure ustez, Bermeo ondo ezagutzen duen irakurleak beste modu batean irakurriko du istorioa?
Ziur. Eszenografia edota tokiak ezagutzen dituzunean, liburu bat hartzeko modua desberdina da. Bermeotar batek bere buruan liburuaren filma sortuko du, aipatutako toki eta esaera gehienak ezagutuko baititu. Uste dut horrelakoetan gehiago heltzen dela istorioa irakurleengana. Bermeotarrei diot, baina orokorrean, eskualdeko edonori zein hemen bizi den edo bizi izan den edonori ere helduko zaiola uste dut. Gainera, nahiz eta istorioa gazteleraz izan, euskarazko hitz eta zatiak sarri agertzen dira, pertsonaien arteko elkarrizketetan-eta. Azken finean, eskualde euskaldunean kokatzen da Bermeo, eta bere xehetasun garrantzitsuenetarikoa hizkuntza da; euskara. Nahitaezkoa zen eleberrian euskarak nolabaiteko presentzia izatea, beraz.
“Esan dezaket idazten jarraituko dudala, eta dagoeneko banabilela beste eleberri bati bueltak ematen”
Etorkizunera begira jarri zara?
Zaila da esatea, eleberri hau oraintxe bertan argitaratu dudanean. Baina bai, esan dezaket idazten jarraituko dudala, eta dagoeneko banabilela beste eleberri bati bueltak ematen eta horren lehenengo zirriborroak idazten.
Eta, helbururik finkatu diozu zeure bururi?
Helburuak? Bide honetan jarraitzea eta ibilbide hau pausoz pauso garatzeko gai izatea da nire asmoa. Buruan bueltaka daukadan istorioari hitzak jarri nahi dizkiot, eta hori ere argitaratzeko aukera izatea jarriko nuke, agian, helburu gisa. Baina, orokorrean, bertoko tokiak esploratzen jarraitu nahi dut, misteriotik eta literaturatik. Hori da etorkizunari eskatuko niokeena, eta idazten ditudan horiek harrera ona izatea, noski.