Adiskidetza Digitala, segurtasun digitalean eta adimen artifizialaren erabileran trebatzeko
Bizkaiko Foru Aldundiaren egurtasun digitalari eta adimen artifizialaren erabilera praktikoari buruzko prestakuntza tailerra egongo da Bermeon, otsailaren 18an ta 25ean. Lekuak mugatuak dira eta martitzena [otsailak 17] aurretik izena eman beharko da.
Argazkia: Pexels Arrakala digitala murrizteko Bizkaiko Foru Aldundiaren Adiskidetza Digitala ekimenak geldialdi bikoitza egingo du Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean datozen asteetan. Izan ere, otsailaren 18an [eguaztena] egingo dute segurtasun digitalari eta adimen artifizialaren erabilera praktikoari buruzko lehen prestakuntza-tailerra, eta otsailaren 25ean [eguaztena], ostera, bigarrena. Bi saioak 11:00etan izango dira.
Lehenengo saioan Segurtasuna eta Konfiantza Digitala tailerrean trebatuko dira, Interneten modu seguruan nabigatzen ikasteko. Izena ematen dutenei arriskuak identifikatu eta informazio pertsonala babesten irakatsiko diete. Horretarako, tailerraren edukia sei ataletan banatu dute: segurtasun digitalerako sarrera, pasahitzen kudeaketa eta pribatutasuna, Interneteko nabigazio segurua, ohiko iruzurrak eta nola saihestu, segurtasuna mezularitzako aplikazioetan — WhatsApp eta zure modu seguruan erabiltzeko aholkuak.
Otsailaren 25ean, ostera, Zure egunerkotasunean interesgarria izan daitekeen AA izango dute hizpide. Azaldu dutenez, saio horretan parte hartzen dutenek adimen artifizialak mezuak bidaltzen, egutegia antolatzen, erosketa-zerrenda egiten eta beste hamaika gauzatan nola lagun diezaiekeen ikasiko dute. Horrez gain, adimen artifizialaren historian eta dauden mota ezberdinetan — AA ahula (AA estua) eta AA indartsua (AA orokorra) — edota AA non aurkitu daitekeen horretan ere murgilduko dira, gizartearen duen rola aztertzearekin batera.
Lehen saioak bezala, bigarrenak ere bi orduko iraupena izango du —biak 11:00etan hasita—, eta sei ataletan banatuta egongo da: hastapenak AAn, zergatik da garrantzitsua AA?. AA dsmitifikatzen, laguntzaile birtualak, prompt-ak AArekin menderatzen eta eguneroko egoeretan laguntzaile birtualak erabiltzeko adibide praktikoak.
Bi tailerrak doako saioak izango dira eta “adinekoei zuzenduta” daudela zehaztu du aldunditik, batez ere “teknologia ezagutza urria” duten horiei. Izan ere, saioetan “modu praktiko eta errezean eta zailtasun handirik gabe” teknologia hori erabiltzen ikasiko dute, ondorioz, ez da aurretiko ezagutzarik behar.
Lekuak mugatuak dira, tailer bakoitzak 15 laguntzako tokia izango baitu. Horregatik, parte hartu gura dutenek otsailaren 17ra arte [martitzena] dute izena emateko aukera, 94-426 88 44 telefono zenbakira deituz edota adiskidetza.digitala@bizkaia.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Baldintza bakarra telefono mugikor adimendua edo smartphonea eramatea izango da. Era berean, tailer bakar barrera joateko aukera badago ere, bi saioetara joatea gomendatzen dutela azpimarratu dute.
Bizkaian zehar.
Atsegintasun digitalari buruzko Adiskidetza Digitala programak Bizkaiko udalerriak zeharkatuko ditu datozen hilabeetan, eta geldialdiak egingo ditu, besteak beste, Gernika-Lumon (irailak 30 eta urriak 7), Lekeition (apirilak 16 eta apirilak 23), Ondarroan (urriak 26 eta azaroak 2) eta Markina-Xemeinen (urriak 27 eta azaroak 3). Saio guztiak euskaraz izango dira, eta izen-ematea zabalik dute denek.