Hamarretik ia zortzi haur euskaraz ari dira Urretxindorrako jolasgaraian
Hizkuntzaren erabileraren neurketa egin zuten abenduan Muxikako Urretxindorra eskolan, 82 elkarrizketa behatuz eta 303 solaskideren hizkuntza erabilera jasoz. Elkarrizketen %77,2 euskaraz izan ziren, baina, datuak mailaz maila aztertuz gero, desberdintasun handiak antzeman daitezke.
Muxikako Udalak eta Uemak Urretxindorra eskolako jolasgaraian hizkuntza erabileraren neurketa egin zuten abenduaren 1etik 5era bitartean, eta emaitzek erakutsi dute hamarretik ia zortzi haur euskaraz ari direla jolasgaraian. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza guztiko ikasleen hizkuntza erabileraren neurketa egiteko irakasleek adin desberdinetako ikasleak aztertu zituzten, ahalik eta emaitza errealenak lortzeko. Guztira 82 elkarrizketa behatu zituzten, eta horietan 303 solaskideren hizkuntza erabilera jaso zen: HH3-HH4 eta HH5eko 102 ikaslerenak, LH1-LH2 mailetako 81 ikaslerenak, LH3-LH4ko 44 gaztetxorenak, eta LH5-LH6 mailetako 76renak.
Solaskide horietatik 234 euskaraz aritu ziren, 57 gaztelaniaz eta 12 elebiz. Elkarrizketen %77,2 euskaraz izan ziren, %18,8 gaztelaniaz eta %4 elebiz. Eta, guztira, euskararen nagusitasuna argia bada ere, badaudela kezkatzeko datuak adierazi dute: jolastokiko erabilera udalerriko kaleko erabilera baino baxuagoa izatea edota adinean gora egitean euskararen erabilera jaistea. Izan ere, Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara dagoen aldea oso esanguratsua da: % 18 egiten du behera euskararen erabilerak. HHn elkarrizketen %89,2 euskaraz izan ziren, ea LHn ordez, %71,1.
Baina, datuak mailaz maila aztertuz gero, desberdintasunak daudela antzeman daiteke. Lehen hezkuntzako azken zikloetan (LH4, eta LH5-6) daude erabilera daturik baxuenak; bereziki arreta jartzekoa da LH4ko kasua: erdiak baino gutxiagok egiten du euskaraz jolasgaraian (%44). Aldiz, azpimarratzekoa da HH5 eta LH2koen euskararen erabilera, %100 eta %96,2 izatea, hurrenez hurren.
Datuak generoaren arabera aztertuz gero, jasotako elkarrizketa guztietatik %50,2 alditan solaskideak neskak izan dira eta %49,8 alditan mutilak. Neskak solaskideak izan diren aldietan, aldien % 71,3an, euskaraz aritu dira eta mutilen kasuan, euskaraz aritu dira aldien % 82,1ean. Beraz, jolasgaraian Urretxindorrako mutilek euskara neskek baino gehiago erabili zuten.
Datuen bilakaera
Lehenengo aldiz egin dute ikastetxeko jolasgaraiko euskararen erabileraren neurketa, eta ez dago aurreko daturik datu berri hauek horiekin alderatzeko. Horretarako erabili daitekeen datua 2021ean egindako kale erabileraren datua izan daitekela diote, eta, horretan, 10 urtetik beherakoen kale erabilera %85,2koa izan zen. Testuinguru desberdinak izan arren, erabileran jaitsiera dagoela iradoki dezakete datuok; dena den, 2026an berriro neurtuko dutela kale erabilera jakinarazi dute, horrek alderaketa egokiagorako erreferentzia eman dezakela gehituta.
Uemak eta udalak Urretxindorra eskolarekin lankidetzan jarraitzeko borondatea azpimarratu dute. Izan ere, neurketa hau lankidetza horren seinalea ere bada. Ze, Muxikako Udalak Uemagaz lau urterako Euskara Plana adostu zuen, eta horrek bi helnburu zituen: bata, udalaren barne funtzionamenduan euskara hutsezko funtzionamendu baterantz aurrera pausoak ematen jarraitzea, dena euskaraz egiteko; eta, bestea, herriko euskararen erabilera indartzea, udalerria beti izan delako oso euskalduna, baina azkenengo urteetako joera, leku guztietan bezala, beheranzkoa izan delako. “Hainbat neurri proposatzen ziren plan horretan, eta euretariko bat zen eskolarekin batera zenbait esku hartze egitea. Ondorioz, iaz euskara talde bat sortu genuen, eta horretan eskolako ikasleen gurasoek ere parte hartzen dute, eta beraiek plazaratu zuten gazte eta umeen artean gaztelera gehiago entzuten zenaren kezka”, azaldu dute udal arduradunek. Eta, hori dela eta, udalerrian kale erabilera neurtzen den bezala, eskolako jolastokian neurketa bat egitea erabaki zutela diote.
Hala ere, elkarlanean ari dira erakundeak eta eskola, ze dagoeneko martxan dute Hedatu hezkuntza proiektua: Ispiluari begira (LH2) eta Bagoaz (LH6) tailerrak egiten dituzte, besteak beste. Izan ere, uste dute hizkuntza ohiturak aldatzea eskola komunitate osoaren ardura dela: ikasle, guraso, irakasle eta erakundeena. “Lehenengo tailerrean familiek ere parte hartzen dute, ze tailer horrek norberaren hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa egitea bilatzen du, etxean zein beste esparru batzutean euskara sustatzeko. Bestalde, bigarren tailerrak LH6. mailakoekin hausnartzen du beraiek euskara sustatzeko duten garrantziaz. Izan ere, LH amaitzean DBHra egingo dute salto, alegia, horren euskalduna ez den leku batera joango dira, eta inguru erdaldunago batera joatean beraiek izan dezaketen paper garrantzitsuaz hausnartzea bilatzen du tailerrak”, azaldu dute.
Datuak kaleratuta, egoeraren berri eman nahi izan dute, eta Uemak gurasoei eskuorri bat banatuko diela adierazi dute, zenbait gomendio emanez. Eskuorriaren bidez gurasoei bultzatu nahi diete etxean ere euren seme-alaben hizkuntza ohituretan eragiteko, eredu baitira. Ahozkotasuna lantzeko deia egiten diete, ipuinak kontatu, abestiak abestu, gauza kontatzeko eskatzeko diote, besteren artean, baita euskararekiko jarrera positiboa izateko adierazteko ere. Horrez gain, eskolatik kanpo haurrei euskara eskaintzea garrantzitsua dela uste dute: eskolaz kanpoko jardueretan, telesailetan edo musika ikuskizunetan.