'Gaztemunduri Ateak Ireki' ekimenarekin bat egin du Urremendik
Busturialdea Gaztemundu Ateak Ireki ekimeneko harrera-lurralde izango da estreinakoz. Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean Australia, Argentina eta Uruguaitik etorritako euskal diasporako gazteak etxean hartzera animatu dituzte eskualdeko familiak.
Batzen Kultur Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz bultzatutako Ateak Ireki ekimenak eta Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak bat egin dute aurten, euskal diasporako gazteekin lotura eta harremanak zabaldu eta sendotzeko helburu duen Gaztemunduri Ateak Ireki egitasmoarekin. Aurten, lehen aldiz, Busturialdea harrera-lurralde izango da, Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik. Hala, elkarteak Euskadi Globalaren klabean “elkar trukatzeko eta ezagutzeko esperientziagaz bat” egingo du, aurreko ediziotako harrera-lurralde izan den Goierrirekin batera.
Gaztemunduri Ateak Ireki programak atzerriko euskal komunitateko 50 gaztetik gora ekarriko ditu eskualdera, denak beraien jaioterriko Eukal Etxeen federazioei lotuak. Busturialdearen kasuan, 18 eta 25 urte bitarteko gazteak Argentinako Federación de Entidades Vasco Argentinasen, Uruguaiko Federaciones de Instituciones Vascas de Uruguay-en eta Australiako Euskal Elkartearen eskutik ailegatuko dira.
Urremenditik nabarmendu dutenez, parte hartzaile askok “bizkaitar sustraiak” dituzte, eta Busturialdean murgiltze-esperientzia bizitzeko gogoz etorriko dira. Murgiltze-esperientzia hori izango da, hain zuzen, bai gazteen arteko harremanak bai harrera-familiekin sortutako loturak sendotzea ahalbidetuko duena. Izan ere, programaren azken helburua da Euskal Herriaren eta atzerriko euskal komunitateraren arteko loturak indartu eta parte hartzaileak “diasporan Euskadiren enbaxadore bihurtzea”.
Egonaldia eskualdearekin lotutako jarduera-proposamen batekin osatuko dela aurreratu dute, parte hartzaileei Busturialdearen errealitate sozial, kultural eta ekonomikora eguneroko eta tokiko ikuspegitik urreratzea ahalbidetzeko. Halaber, ingurunearekin eta bertan bizi diren herritarrekin “harreman zuzenak sustatzea” bilatuko dute.
Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean egingo dute egonaldia Busturialdean parte hartzaileek, eta eskualdeko familiek harrera-familia izateko aukera izango dute. Horretarako, lehen fase batean ekimenaren berri eman eta programa eskualdeko familiei ezagutaraztea izango du ardatz Urremendik. Jakinarazi dutenez, proiektuari eta parte hartzeko bete beharreko ezaugarriei buruzko informazioa gura dutenek sarean dute informazioa, www.ateakireki.eus/urdaibai helbidean. Urremenditik programan parte hartzeko dei egin die Busturialdeko familiei, euskal diasporako gazteak etxean hartzera animatuz.
Horrez gain, Busturialdeko udal, ikastetxe eta eragileekin elkarlana sustatuko dute, “ekimena eskualdean garatzeko beharrezko lankidetza-esparrua” sortu asmoz. Horregatik, Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea udalekin batzartuko da, programaren nondik norakoak azaltzeaz gain, “tokiko esparrutik inplikatzeko aukera ezberdinak partekatu eta lantzeko”. Ansotegiren ustez, Gaztemunduri Ateak Ireki bezalako ekimenek eskualdea gertutik erakusteko aukera eskaintzen dute: “Busturialdea-Urdaibaiko ateak are gehiago zabalduko ditugu harremanetarako espazio berriak sortuz, bertoko bizilagunen zein atzerritik datozenen esperientziak aberastuz”.