Sua piztu eta txorizoa parrillan erreta, Sasikoipetsu eta Txitxiburduntzi eguneko ospakizunak egin dituzte
Muruetako ospakizunak.Muruetako Udala Sasikoipetsu eta Txitxiburduntzi ospakizunak heldu dira eskualdera, eta ikastetxeetan zein herrietako plazetan giro berezia sortu dute. Busturialdean, hainbat herritan ospatu dute dagoeneko. Gernika-Lumon, domekan egin zuten Txitxiburduntzi Eguna, Goizale Mendi Taldeak eta Elai Alai dantzari taldeak antolatuta. Herritarrek Foruen plazatik Lumora egin zuten ibilaldia eguerdian, eta ondoren txitxiburduntzian batu ziren. Arratsaldean, Elai Alaikoek prestatutako jolasak izan zituzten, txorizoak eta bestelako jakiak parrillan erretzeaz gain.
Muruetan, Udalak antolatuta, Eleizalden elkartu ziren herritarrak domeka arratsaldean. Txitxiburduntzian txorizoak eta bestelakoak erre ostean, txokolate beroa ere izan zuten aukeran.
Natxituan, berriz, biharko hitzordua dago: 17:30ean ospatuko da Txitxiburduntzia Natxituko Bolatokian, ohiturari jarraipena emanez.