Euskaraz lasaitasunez aritzeko Mintzodromoan bildu dira Astran
Hemeretzi pertsona bildu dira gaur (otsailak 10) Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatutako ikasturteko lehen Mintzodromoan, eta mintzataldeetan banatuta, denetariko gaiak jorratu dituzte.
Euskararen eguneroko erabilera sustatzea bilatzen duen elkar eragiteko espazioa da Mintzodromoa, eta Gernika-Lumoko Berbalagunak ikasturte honetako lehen Mintzodromoan elkartu dira gaur (otsailak 10) Astran.
19 lagunen topaleku izan da kulturarako fabrika soziala, eta euskaraz aritzea bultzatzeaz aparte, parte hartzaileen arteko saretzea bilatu dute; izan ere, hainbat taldetako kideak batu dira: Foruko barnetegikoak, AEK-ko ikasleak edota Berbalaguneko kideak. Eta, jorratu dituzten gaiak ere denetarikoak izan dira: bidaiak, ikus-entzunezkoen kontsumoa, asteburuetako ohiturak eta parranda.
“Euskaraz hitz egiteaz gain, mintzalagun berriak ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek”, esan dute Berbalaguneko antolatzaileek. Eta, gehitu dute, balorazio “oso positiboa” egin dutela, bai parte-hatzaileek, bai antolatzaileek.
