Euskarabentura espediziorako izen ematea, zabalik
Martxoaren 2a izango da Euskarabenturara izena emateko epemuga, eta hautatuen zerrenda apirilaren 22an plazaratuko dute.
Euskara, saretzea eta kultura ezkontzen dituen Euskarabentura espedizioak uztailean zeharkatu ditu Euskal Herriko lurrak. Hori bai, parte hartu gura dutenak sasoiz ibili beharko dira izen ematerakoan, martxoaren 2a izango baita horretarako epemuga. 2009, 2010 eta 2011. urteetan jaiotako gazteei zuzendutako proposamena da Euskarabentura; azken urte horren kasua bakarrik aplikatuko zaie Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan edota diasporan jaiotako gazteei. Hautatuen zerrenda apirilaren 22an emango dute argitara; hilabete horren 22tik 30era bitartean, hautagaitzak baieztatu beharko dira.
Uztailaren 1ean hasita eta 31n amaituta, 127 gazte hautatuko dituzte aurtengo ekitaldian, Euskarabenturaren ibilbideko zortzigarrenean, Euskal Herria euskaraz eta oinez zeharkatzeko. Interesdunek, alde batetik, izen emateari dagokion formularioa bete beharko dute eta, bestetik, aurkezpen bideo txiki bat ere bidali beharko dute. Formularioan bai hautagaiaren, bai bere legezko tutoreen datuak jaso beharko dituzte.
Gehienez minutu bateko iraupena izan beharko duen bideoan, aldiz, hautagaiak bere burua aurkeztu beharko du: “Nor den zehaztu, espediziotik zer espero duen adierazi eta taldeari zer nolako ekarpenak egin ahalko lizkiokeen argitu, besteak beste”. Halaber, nabarmendu dute bideoa bidaltzeko esteka WeTransfer bidez egindakoa izan beharko dela, eta ez dutela onartuko Drive bidez sortutakorik.
Banakako proiektua.
Beste alde batetik, interesdunek “banakako proiektu edo lan” bat aurkeztu beharko dute. Proiektu hori egiteko, sei lan ildo edota formatu proposatu dituzte sustatzaileek, eta horietako bakoitzean agertu diren hiru gaietako bat hautatu beharko dute. Honakoak izango dira hiru langaiak: Zer da euskalduntasuna?, Ametsak egi bihur daitezke? eta Zein garai historikora joan nahiko zenuke?. Formatuei dagokienez, historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa edota sormen digitala izango dira. Alorretako bakoitzak dokumentazio jakin bat eskatuko duela aurreratuta, hautagaiei Interneten eskuragarri duten informaziora “oso adi” egoteko deia egin diete.
Gainera, 2026ko espedizioan parte hartzeko lantalde urdina osatzeko kide bila ere badabiltza. Talde hori, hain zuzen ere, medikuek, erizainek, komunikazio arduradunak, bideogileak eta argazkilariak eratzen dute. Interesdunek euskarabenturaren web orrialdean eman dezakete izena. Galdetegia ere bete beharko dute, bakoitzaren datuak, CVa eta motibazio gutuna txertuta. Otsailaren 20a izango da izena emateko azken eguna.