‘Viaje a Idaho 1938’ obra ezagutzeko aukera egongo da eguenean
Eguenean [otsailak 12], literatura eta euskal herritarren iraganaren zati esanguratsu bat ezkontzen dituen Viaje a Idaho 1938 lana ezagutzeko aukera egongo da, 18:00retan, Euskal Herria Museoan. Manu de la Sotak idatzitako liburua da, Maitena Iragorriren edizioduna. Interesdunek izena eman beharko dute, museora bertaratuz edota Internet bidez, sarrera doakoa den arren.
De la Sotak, bere eskuizkribuan, Antonio Iralagaz batera Ameriketara egindako bidaia kontatzen du, Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko delegatua zela. 1938ko abenduan, Utah, Nevada, Idaho eta Oregonen egon zen, diasporako euskal komunitatea batu guran. Obra hori, bestalde, esangura handikoa izan da Joseba Sarrionandiak Simon Sam Gandarias ibarrangelutar-elantxobetar bertsolariari buruz berriki idatzitako We are plenty in here, Euzkadin eginak lana idazterakoan, bertako dokumentazio datu ugari baliatu baitzituen iurretarrak.