Sintonia lehiaketa antolatu dute, Eskolartekoaren inguruabarrean
Parte hartu gura dutenek martxoaren 10era arteko epea dute, proposamenak bidaltzeko. Garailea martxoaren 24an aurkeztuko dute.
Eskolarteko sintonia lehiaketa gazteen bertsozaletasuna hauspotzeko eta, horrekin batera, beste kultur diziplina batzuetan beraien sormena sustatzeko sortu dute Bertsozale Elkarteak eta k, elkarlanean. Herrialdeetako Eskolarteko txapelketak “hastear” dauden heinean, azaldu dute haur zein gazteei jendaurrean “kantatzeko, bertsozaletzeko, elkarren artean saretzeko eta arduretan zailtzeko” antolatu dutela ekimena; parte hartu gura dutenek martxoaren 10a orduko aurkeztu beharko dituzten beren proposamenak.
Sintonia lehiaketa Eskolarteko txapelketaren osagarri modura aurkeztu dute. Izan ere, Eskolartekoak izena nahiz irudia dauzka, baina “sintonia falta zaio“. Horrenbestez, lehiaren oinarriak aurkeztu dituzte sustatzaileek: parte hartzaile bakoitzak bere sintonia artxibo bitan entregatu beharko du; bata 2-2:30 minutu artekoa izan beharko da, eta bestea, aldiz, 30 segundoko iraupenekoa. Aurreratu dute galarazita egongo dela edukia AArekin egitea. Gainera, ez du letrarik izan beharko, “ez behintzat protagonismo handiarekin”. Gainera, argitu dute sintoniak Eskolartekoaren oinarriak islatu beharko dituela.
Oinarriok, hain zuzen ere, 2014an finkatu zituzten, Euskal Herriaren luze-zabaleko bertso eskolekin auzolanean egindako “gogoeta prozesu” baten emaitza. Bat-batean jendaurrean kantatzeko plaza eskaintzea zen zutabea, baita Euskal Herri osoko gazteen arteko hartu-emanak sustatzea ere; horiez gain, Bertso Eskoletan jarduteko akuilu izatea bilatu zuten, horrekin “bertso eskolen arteko elkargunea” onduz. Aurkeztu beharreko formatuak .wav edota .mp3 izango dira, eta sustapena@bertsozale.eus posta elektronikora bidali beharko dira.