'Popel' ikusteko eta horren inguruan hausnartzeko aukera egongo da Ean
Barikuan [otsailak 13] jarri dute hitzordua Eskolondon filma ikusteko. Oier Plaza zuzendaria, Unai Egia ikerlaria eta Anton Gandarias Anjel Lekuona deportatuaren iloba izango dira bertan, horren inguruko solasaldian bilduz.
Oier Plaza gernika-lumotarraren Popel filma emango dute barikuan [otsailak 13] Eako Eskolondoko bigarren solairuan, 19:00etan. Istorio zirraragarri bat oinarri hartu, eta “ezinbesteko memoria ariketa bat” egiteko aukera egongo da, hala, udalerrian, jakinarazi dutenez. Hango eta hemengo festibaletatik igaro, eta hainbat sari eskuratu ostean helduko da Plaza Eara, eta aurreratu dutenez, ez da proiekzio hutsa izango: emanaldiaren ostean solasaldia antolatu dute, Plaza zuzendariagaz, Unai Egia ikerlariagaz eta Anton Gandarias Anjel Lekuona deportatuaren ilobagaz.
Izan ere, Popel —errautsak txekieraz— dokumentalak memoria historikoa eta gerra ditu ardatz, bereziki nazien kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten bertoko eta estatuko errepublikanoen gomuta. Plazak zuzendu du lana eta, besteak beste, dokumental onenaren Días de Cine saria eskuratuta eta Pessacen Dokumental historiko onenaren epaimahai profesionalaren saria jasota helduko da Eara.