Herrian funtsezkoa den kirol-espazioa egokitzen aurrera egiten du Gautegiz Arteagako Udalak udal frontoia dinamizatzearen baitan. Gainera, otsailerako eta martxorako auzo batzarrak deitu ditu.
Gautegiz Arteagako Udalak udal frontoia dinamizatzearen aldeko apustua egin duela jakinarazi du, legegintzaldiko programa kudeatzeko ardatz estrategikoetako bat dela zehaztuz. Horregaz, herrian funtsezkoa den kirol-espazioa egokitzen aurrera egiten du, “erabilera dinamikoa, zeharkakoa eta herritarren beharrizanekin bat datorrena bermatzeko”.
Udal frontoian egin diren hobekuntzen artean aldagelen erabarritze integrala nabarmendu dute udal ordezkariek. Horrez gain, spinning eskola birtualak egiteko balio anitzeko espazio bat ere prestatu dute. “Jarduera hau osogarri ona da 2023an ireki zen gimnasiorako, udalerriko kirol eskaintza handitu eta indartzeko aukera emango dauelako”, gaineratu dute. Jarduketaren barruan, bestalde, aurretiaz zeuden instalazioak berritu ere egin dituzte, azaldu dutenez, “banaketa barrira egokitzeko”. Aireztapen-sistema barri bat ere ezarri da eremu guztietan, hala nola.
Esan dutenez, 2023an, legegintzaldiko planaren baitan, udal-azpiegitura hobetzeko asmoz, segurtasun-sare bat jarri zuten frontoian, “jokalariak eta ikusleak gehiago babesteko”. Gainera, horri esker instalazioak pilota partidu profesionalak hartu ditzake, eta zelan ez, herrian kirol eta gizarte topagune izateari eutsi.
Patrik Saitua udalerriko alkateak lanon helburua azpimarratu du: “Gure udal frontoia beti izan da herrian topagunea, edonori irekia eta funtzio anitzeko espazioa eskaintzen duena. Gobernu taldetik hori dinamizatzearen eta herriko benetako beharrizanekin bat datozen zerbitzuak ematearen aldeko apustua egin dugu. Egin ditugun hobekuntzekin, gure frontoiak, pelota jardueraz gain, pelota partida profesinonalak barne, beste kultur ekintza batzuk be hartzen ditu, hala nola bertso jaialdiak, festetako dantza tradizinonalak, eskalada bertikala eta beste kirol jarduera batzuk. Herriaren bizitzarako funtsezko ekipamendu batek eskaintzen dituen aukerak eta gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatzea da helburua”.
Eta, esan du 2025eko udal aurrekontuan jasotako inbertsioari ekiteko, udalak diru-laguntza bat kudeatu zuela Bizkaiko Foru Aldundian, eta horri esker eramango direla aurrera biziberritze lanak. Halaber, “iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua” aipatu ditu giltzarri gisa, eta gogoratu du udal frontoia dinamizatzeko lanez gain, 2025. urte hasieran plaka fotovoltaikoak ere jarri zirela frontoiko estalian: “Energia-eraginkortasuneko proiektu horretan 48.000 euro inbertitu ziren, 45.000 euroko dirulaguntzarekin. Horrek energia eta diru asko aurreztea ekarri digu”.
Auzo batzarrak.
Horrez gain, Gautegiz Arteagako Udalak otsailean zein martxoan auzo batzarrak egingo dituela eman du aditzera udalak. Hala, Saitua auzo bakoitzera joango da jasotako ekarpenen bilakaeraten berri emotera; barikuro udaletxean egiten diren batzarren inguruko informazioa ere emango dute batzarretan, bestalde. Otsailaren 21ean eta martxoaren 7, 14, 21 eta 28an izango direla esan dute: “Zapatu goizetan egingo dira, eta bilera bakoitzaren eguna hurbildu ahala jakinaraziko ditugu eguna eta tokia, udaleko komunikazio bideen bidez”.
Udalak espero dau “entzute aktiboko” prozesu horreek, auzobarratzak, komunikazino bide bikainak izaten jarraitzea, herritarrek dituzten beharrak zuzenean ezagutzeko.