Eskola komunitatearen elkartasuna, Palestinara
'Dekonak ez dekonari' proiektu komunitarioaren baitan, Barrutia eta Barrutialdeko eskola komunitateek azoka solidarioan bildutako 2.042 euroak palestinarrei laguntzeko bideratu dituzte, Gernika-Palestina eta Mundubat erakundearen bidez.
Barrutia eta Barrutialdeko ikasle eta irakasleak Gernika-Palestina eta Mundubat erakundeetako ordezkariekin. Gernika-Palestina Azken urteetan Barrutia Herri Eskolak eta Barrutialdek elkarlanean aurrera eroan dute Dekonak ez dekonari proiektu komunitarioa, Adouna Elkarteagaz Gambiako proiektuetan eta Valentziako Danako kaltetuei laguntza emanez. Aurten ere egitasmo bateratua garatu dute, abenduaren 19rako Azoka Solidarioa prestatuz. Bertan, 2.042 euro bildu zituzten, eta ikastetxeetako komunitateek diru hori Palestinara bidaltzea erabaki dute aurten, Mundubat fundazioaren bitartez. Hori dela eta, eguenean (otsailak 5) Ibon Meñika Gernika-Palestinako kidea eta Eneko Gerrikabeitia Mundubat fundazioko lehendakaria Arratzun izan ziren, ikasleei beraiek batutako dirua zertara bidaliko duten jakinarazteko asmoz.
DBH1eko eta LH6.mailako ikasleek adi entzun zituzten azalpenak, eta Mundubat erakundeak hamaika herrialdetan lan egiten duela ikasi zuten; 1998tik, Palestinarren eskubideak defendatzeko eta bake justua lortzeko apuntu sendoa egiten du. Hala, ikasleekin izandako solasaladian, Gernika-Palestina elkarteko ordezkariak eta Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundearen lehendakariak Palestinaren egoera eta euren eskuhartzeak azaldu zizkien ikasleei.

Izan ere, gaur egun, Gernika-Palestinak hiru heldulekutara bideratzen du elkartasun aktiboaren bidez jasotako ekarpen ekonomikoa, Mundubat erakundearen bidez: UAWC nekazari elkarteari, UPWC emakumeen elkarteari eta Al Awda ospitalera oinarrizko baliabideak izatera. “Barrutia eta Barrutialdeko komunitateak eskainitako ditu funtsak helduleku bera izango du. Izan ere, palestinarrak negu gordinean dauden honetan, eta denda kanpainetan bizitzera behartuak diren honetan, oinarrizko ura, elikadura eta hotzari aurre egiteko balibideetara bideratuko da diru ekarpena”, azaldu dute Meñikak eta Gerrikabeitiak.
Palestinarrei laguntzeko ghizartearen kontzientziazioa “ezinbestekoa” dela diote, eta hezkuntza eremuetako komunitateak espazio “oso baliotsuak” direla nabarmendu dute: “Hezkuntza eremuetako komunitateak espazio oso baliotsuak dira nerabe-gazteen kontzientziak pizteko, eta elkartasunari bidea emateko. Barruti-Barrutialdekoek egin dute, eta oso eskertuak gaude egindako lanagatik. Gainerakoei ere animatzen diegu holako edo antzerako ekimenak egitera, eta gu geu beti bidaide izango gaituzte”.
