Dena dago idazteko
Aldarria argia izan da gaur (otsailak 7) Gernika-Lumon. Garaipenak ospatu egin behar direlako, eta Guggenheim Urdaibairi dagokiona "garaipen handia" izan dela nabarmenduta, "herritarrek museoaren makroproiektua atzera botatzea" lortu izana ospatu dute gaur, Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak deituta. Biosfera erreserbaren kontrako "mehatxu zuzena" desagerrarazita, orain etorkizuna idazten hasi beharra azpimarratu dute.
“Guggenheim Urdaibai proiektua geuk geldiarazi dugu. Herritarrok. Herritarron lanari esker baztertu dute, herritarron borrokari esker. Proiektu hau baztertu da herritarrok kalean borrokatu dugulako, elkarrekin lanean ibili garelako, ahotsa altxatu dugulako. Proiektu hau baztertu da epaitegietara jo dugulako, gure lurra babesten duten legeak defendatu ditugulako. Proiektu hau baztertu da desinformazioari aurre egin diogulako eta informazioa herriz herri zabaldu dugulako”. Aldarria argia izan da gaur (otsailak 7) Gernika-Lumon. Garaipenak ospatu egin behar direla-eta, eta Guggenheim Urdaibairi dagokiona “garaipen handia” izan dela nabarmenduta, “herritarrek museoaren makroproiektua atzera botatzea” lortu dutela ospatzen ari dira gaur Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak deituta.

Agur, Guggenheim. Urdaibai martxan dau! lelopean, egun osoko ospakizun egitaraua prestatu dute, “lortutakoaz hausnartzeko eta lana baloratzeko”, eskualdeko eragileekin elkarlanean. “Egun handia da Busturialdearentzat. Egun handia da Euskal Herri osoarentzat. Agintekeriaren aurkako borroka asko egin behar izaten ditugu gure lurraren luze-zabalean, eta gutxitan izaten dugu bidearen amaieran ezer ospatzeko aukera”, adierazi dute gaurko ekitaldian. Horregatik, garaipen horrek herri-mugimenduen beharra eta balioa berresten dituela azpimarratu dute. Eta horregatik, garaipena elkarrekin ospatu gura izan dute, asko eta asko direlako lurra defendatzeko lanean dabiltzanak. “Jaso ezazue gure babesa, adorea eta indarra. Ez izan dudarik, borrokak merezi du”, adierazi diete.
“Orain etorkizuna idazten hasi behar dugu. Guztion artean. Gure eskualdearen beharrei erantzungo dioten proiektu bideragarriak eraiki behar ditugu”.
Eta, borrokak merezi duela sinetsita, herri plataformaren borroka ere ez dela amaitzen adierazi dute, Urdaibai eta Busturialdea zaintzeko lanean jarraituko dutela esanda: “Biosfera erreserbaren kontrako mehatxu zuzena desagerrarazita, orain etorkizuna idazten hasi behar dugu. Guztion artean. Gure eskualdearen beharrei erantzungo dioten proiektu sozioekonomiko bideragarri eta eraginkorrak eraiki behar ditugu”.
Baina, bide horretan, eten bat egin dute gaurkoan, garaipenak ere ospatu behar direlako. Elkarrekin lortu dugu, herritik eta herriarentzat. Elkarrekin irabazi dugu, eta elkarrekin ospatu nahi dugu”, esan dute. Eta, asko eta asko izan dira udalerrira gerturatu direnak.

Eguerdira orduko, prest zegoen elkartasun azoka Merkurio inguruan, eta jendearen joan-etorria etengabekoa izan da bertatik. Eskualdeko borrokan fokua ipinita ere, ingurukoak ez dituzte ahaztu antolatzaileek, eta borroka anitzen “kontzientziazio plaza” izan da goizeko elkartasun azokako espazioa. Hainbat izan dira euren postua jarri duten eragile, talde eta borrokak: Greenpeace, Aek, Euleuk, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura, LAB, Guggenheim Urdaibai Stop, Gure Esku, Lamiako Txopoeta Bizirik, Ekologistak martxan, Gernika Memoriaren Lekuko, Izarkom, Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma, BaSOS, Mobidu eta Etxalak, Arostengiendako absoluzioa, Intersexio elektrikorik ez, Eguzki, Subflubiala ez… Talde eta borroka horiei guztiei euren aldarria zabaltzeko aukera eskaini diete, eta asko izan dira bertaratu diren herritarrak.
Elai-Alai areto handia ere bete dute eguerdiko ekintzek: Agur, Guggenheim! Trantsizio ekosoziala Urdaibain berbaldia eskaini dute Martin Lallanak (LAB trantsizio ekosoziala) eta Mirene Begiristainek (EHUko irakasle eta Agroekologian aditua), eta zelako eskualdea gura duten eta egungo beharrizanei zerk erantzuten dien galdegin diete bertaratutakoei, hori dena inor atzean utzi barik zelan egin eztabaidatzeaz gain.. Busturialdeak bere ekonomia suspertzeko zein proiektu onartu ditzakeen eta zein baztertu beharko lukeen azalduko dute. Eta, ostean, Urdaibaiko sakrifizioa laburmetrajearen proiekzioa eta egilearekin solasaldian aritzeko aukera izan dute.

Aldarri askoren plaza izan da gaur Gernika-Lumo. Baina, ekintza desberdinekin, Busturialdean abiatutako borrokatik Euskal herriko bazter guztietakoak ezagutzeko parada ere egon da. Eta, sare hori herri plataformakoek egindako lanari esker lortu da, izan ere, asko izan dira Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek igaro dituzten herri txiki zein hiri handiak, plazak eta auzoak, gaztetxeak eta kultur etxeak. “Lagunez lagun, elkartez elkarte, borrokaz borroka, gurearen berri eman dugu, eta besteenetik ikasi dugu. Apurka-apurka sarea sortu dugu, sare sendoa, trinkoa, eta sare horrek eutsi gaitu azkenera arte, sare horrek bultzatu gaitu garaipenera. Euriak itsasoan legez, guk ere, tantaz tanta, olatu erraldoia osatu
dugu, eta horrexek hondoratu du Guggenheim Urdaibai proiektua, olatu erraldoi horrek”, gaineratu dute.
Herritarrok badugu etorkizuneko belaunaldiei mundua ahalik eta bizigarrien uzteko betebeharra.
Herriak badu hitza.
Baina, hala ere, salatu dute erakunde publikoek eta agintari politikoek ez dutela lan hori aitortu: “Esan dute administrazio-prozedurek ekarri dutela proiektuaren amaiera. Interesen arteko talkek. Erabaki teknikoek. Gezurra da hori, gezurra! Guk itoarazi dugu proiektua, herriak! Eta horixe kontatuko dugu aurrerantzean, horixe azalduko diegu gure ondorengoei. Jakin dezaten ezetz, agintariek ezin dutela beti gogoa ematen diena egin”. Beraien ondorengoei adierazi nahi diete “herriak baduela hitza”, herriak ere baduela agintea, herritarrek ere dutela ingurumena zaintzeko betebeharra eta beraien inguruaz gozatzeko eta bizitza duinak izateko eskubidea: “Herritarrok badugu etorkizuneko belaunaldiei mundua ahalik eta bizigarrien uzteko betebeharra. Eta hemen gaude eta hemen jarraituko dugu. Ondo eginak txalotzeko eta astakeriak salatzeko”.

Guggenheim Urdaibai gelditzeko borrokak “jende asko batu” du: gazte, heldu, adineko; herriko, hiriko; ideologia bateko, besteko; ikasleak, langileak, pentsiodunak; ekologistak, feministak, zientzialariak, kulturgileak, legelariak. “Horiek guztiak gara gu”, esan dute. Eta, beraien lurra arriskuan dagoenean, beraien etorkizuna jokoan dagoenean borrokan segituko dutela adierazi dute: “Ez da onargarria epelkeriatan ibiltzea, ez da onargarria kalkulu politikoak egiten aritzea. Borrokarekin bat egin behar da, bai ala bai”.
Eta, biodibertsitatea zaintzeko lan horretan herritarren borrokak eragina duela islatu dute nazioarteko ikerketek ere hori argi diotela gogoratuta: “Tokiko mugimendu eta talde sozioekologistak funtsezkoak dira mundu mailan biodibertsitatea kontserbatzeko. Gure jarduna oztopatu eta kritikatu beharrean, aliatu gisa ikusi behar gintuzkezue. Egurtu beharrean, babestu. Elkarrekin, indartsuagoak izango gara; elkarrekin, mundu hobeago bat eraikiko dugu”.

Ingurumenaren alde lan egiteko batasun eta gogo hori nabarmena izan da gaur ere: 1.000 pertsona baino gehiago bildu dira Pasealekuan, mosaiko erraldoi batean. Plataformaren logoa irudikatu dute, euritarako koloredun zirekin, baina Stop berbaren ordez, agur hitza irudikatu dute.
Eta, egindako borrokak merezi izan duelako, eskerrak eman dizkiete bertan bildutako guztiei: “Eskerrik asko kalean gurekin bat egin duzuen guztioi; eskerrik asko lan ikusezina egin duzuen guztioi; eskerrik asko elkarte, talde eta norbanako guztioi; eskerrik asko zaindu gaituzuenoi eta bidean aurkitutako oztopoen aurrean ez etsitzeko adorea eman diguzuen guztioi. Elkarrekin irabazi dugu”.