"Gorri"
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Zure begiradak laztandu ninduenean, atzean gelditu zitzaizkidan izar gabeko gau luzeak. Bihotza beteta sentitu nuen. Zutaz oroitzen ez nintzen arren, ezagutzen zintudan. Ilegorri jaio zinen, eta, horregatik, Gorri jarri zizuten ezizenez herrian, zure bataio-izena bestelakoa bazen ere. Gerora kontatu zenidanez, ekaitz bortitza izan zen zure jaiotzean. Inusturiz eta euri zaparradaz betetako gau ernegatu hartan, Ortzik, nire aitak, erakutsi zuen nor zen eta nork zuen munduko boterea, nahiko gogorra izan omen baitzen. Nire ur azpiko munduak ere beldurra izaten dio haren haserreei.
Txikitan nahiko barrabasa omen zinen. Ondo gobernatu ezinik, amak hasperenka uzten zizun zure erara, eta egunak pasatzen zenituen lagunekin, harrapaketan eta fantasiazko arerioen atzetik norgehiagoka. Sagarrak osten zenituzten Almikeko baserrietan, edo ardiak uxatzen eskolaz geroko arratsaldeetan. Baita txoriak ehizatzen ere.
Gazterik ontziratu zinen, ohikoa zenez herrian. Bertan ezagutu zenuen jada gorputz herdoildua zuen gure Nestor, eta haren eskutik ikasi zenuen zer zen itsasoa eta zer misterio zituen. Denak ez, ordea. Itsaso askotako urak ikusi zenituen. Kolore eta neurri askotako baleak dantzan eta saltoka ikusteko aukera izan zenuen. Arrantzatu ere egin zenituen, nire atsekaberako. Aketxe adinako olatuetan kulunkatu zinen. Lan gogorra zer zen ezagutu zenuen, eta horrek gizondu egin zintuen.
Xixiliren istorioa Nestorren ahotik jakin zenuen lehen aldiz, ontziko lanak behin amaitu eta salda bero bat eskuan zenuen egun gris hartan. Nestorrek pipa piztu, eta haren keak margotu zuen nire erdi-emakume erdi-arrainaren ingerada. Bular gozoa eta ile horia eta luzea omen nuen, oso gustukoa nuena ibaiertzean edo itsasertzean urrezko orrazi batez apaintzea. Gizonak liluratzen nituen nire kantu xarmagarriez eta itsasora erakartzen, itotzen ziren arte.
Egun hartan portuan zinen, urrunera eramango zintuen barkuari azkenengo ukituak egiten. Ile gorriak zelatatzen zintuen, eta zure aurpegi eta gorputz ederrak beste guztiengandik bereizten. Zeruak ura zekarrela zirudien, baina itsasoa bare zebilen. Gutxitan joaten ginen portura, baina egun hartan Nestorrek nahi izan zuen urruneratuko zineten lagun gazteak agurtzera joan eta nik lagundu egin nion. Egun bedeinkatua, zugana eraman ninduena! Nestor beretan zebilen artean, hurbildu nintzaizun munduan ezer gehiagorik ez balego bezala. Eta nitaz ohartu zinenerako, hain gertu nengoen ezen zure aurpegia laztantzeko moduan nengoen.
Ezagutzen ninduzun, noski. Zuk aurkitu ninduzun haitzen eta itsas belarren artean emakume bihurtua, hiltzeko zorian. Zuk deitu zenion Nestorri eta nirekin gelditzeko esan, medikuaren bila txistu bizian herrirantz zindoazela. Handik gutxira, zure ogibideak behartuta, ontzia hartu eta ur handitara abiatu zinen, eta nik hainbatetan zeharkatu nituen itsas korronteek eramanda, iparreko toki ezkutuetan ibili zinen oparotasunaren bila. Ez ninduzun berriro ikusi egun hartara arte.
Irribarre egin zenidan. Zein polita zure aurpegia, eta zein biziak zure begiak, nireak urtzeko bezain distiratsuak! Bihotza taupada gozoz bete zitzaizkigun, eta zure beharra sentitu nuen, zure kresal-usainezko larruarena, zure ilearen laztanarena, zure gorputzaren beroarena
Izena galdetu nizun bat-batean. Nire lehenengo hitzak zuretzat izan ziren. Inork ez zuen jakin, ezta nik ere, hitz egiteko kapaz nintzenik, ez eta gizakien hizkuntza nekienik ere. Txinparta batek buruan eragindakoak izan ziren, edo agian bihotzeko taupaden erritmoari jarraituz sortutako soinuak izan ziren nire ahoak kaleratu zituenak. Ez nintzen izutu edo harritu, zure ahoaren bihurguneak bakarrik bainituen begi artean. Nestor, ordea, bai. Nire albora heltzen zen bitartean entzun zidan, eta nik aurpegia ikusi ez banion ere, a ze sorpresa harena!
Zuk alaiki erantzun zenidan Gorri deitzen zizutela, eta bazenekiela ni Zezilia nintzela. Masailak gorritu zitzaizkidan nire izena entzutean; baita zuri ere. Nestorrek besotik hartu ninduen, eta lasai etxeranzko bidera hartu genuen artean, berriro begiratu genion elkarri eta sabelean mila koloreko arrain dantzariak nituela ematen zuen.
Gorri. Inoiz entzundako izen politena zela pentsatu nuen portuko eskailerak igotzen genituen bitartean. Baina ekaitza zetorrela zirudien.