"Egungo erronketara egokitzeko" Araudi Plana
Bermeoko Udalaren 2026ko Araudi Planak hainbat ordenantza estrategiko berrikustea aurreikusten du: 11 dira aldatu nahi dituztenak eta hamabi, berriz, aurten izapidetu eta onartu gura dituztenak.
Argazkia: Bermeoko Udala Bermeoko Udalak aho batez onartu du 2026ko Araudi Plana, eta horren bidez, 2026. urtean indarrean dauden udal erregelamendu eta ordenantza batzuk berrikusi, eguneratu eta egokituko ditu. Halaber, ordenantza eta erregelamendu berriak onartzea aurreikusten dutela zehaztu dute, behar berriei erantzuna emango dietenak. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen berbetan, araudi plana “tresna estrategikoa” da Bermeo gaur egungo erronketara egokitzeko: “Helburua da araudia errealitate berrietara egokitzea, udalaren funtzionamendua hobetzeko eta herritarren beharrei erantzun eraginkorragoa emateko”.
Alkateak nabarmendu duenez, “beti legearen aginduz gardentasuna eta parte hartzea” izango dira Araudi Planaren ardatz nagusiak. Era berean, urte honetarako aurreikuspena “asmo handikoa” dela iragarri du, gaur egungo errealitate sozial, ekonomiko eta urbanistikoetara egokitzeko beharra duten arau ugari berrikustea aurreikusten dutelako: “Hainbat ordenantza aldatu behar ditugu. Kasu batzuetan gabeziak daude, eta beste batzuetan uste dugu gaur egungo errealitatera egokitu behar direla”. Hala, Bermeoko Udalak gaur egun onartuta dituen arauen artean, 11 dira 2026an aldatu nahi direnak eta hamabi, berriz, udalak aurten izapidetu eta onartu gura dituenak.
Interes orokorra.
Planaren barruan, besteak beste, Bermeoko oinezkoen gunea antolatzeko ordenantza berrikustea aurreikusten dutela aurreratu dute, “Alde Zaharrean ematen diren baimenen azterketa sakona eginez, lokal hutsen jabeei sartzeko aukerak errazteko, xedatu gabe dauden etxebizitza turistikoen erabilerak arautzeko eta asteburu eta jaiegunetan portu zaharrera ibilgailuen sarrera mugatzeko”.
Horrez gain, espazio publikoetan terrazak jartzeari lotutako ordenantza ere berrikusiko dute, terraza kopuruak izan duen hazkundeari erantzun, eta espazio publikoaren “erabilera ordenatua, orekatua eta interes orokorrarekin bateragarria” bermatu asmoz.
Era berean, animaliak izan eta babestea arautzen duen ordenantza eguneratuko dutela iragarri dute, martxoaren 28ko 7/2023 Legearekin bat eginez, “animalien eskubideak eta ongizatea bermatzeko”.
Eguneratuko duten ordenantzen artean dago baita ere Bermeoko Udal Azokaren Ordenantza; helburua da erabilera eta kudeaketa arautzen dituen xedapenak egungo beharrizanetara egokitzea, “bereziki postuen emakidei eta ustiapenari dagokienez, egungo araudiak ez duelako behar bezala bermatzen postuen esleipena eta funtzionamendu egokia”.
Ordenantza berriak.
Aurten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Ordenantza onartzea aurreikusten du udalak, “nazioarteko, Europako, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudiaren esparruan, emakumeen eta gizonen berdintasunak herrietan izen behar duena araubide juridikoa ezarri, eta udalaren antolaketa eta funtzionamendua berdintasunaren arloan behar bezala araututa” gera dadin.
Horrez gain partaidetzari buruzko ordenantza berria ere jasota dago, udalak sustatzen dituen prozesu parte-hartzaileak arautzeko eta lankidetza-dinamikak udal jardunean modu egituratuan txertatu ahal izateko. Izan ere, gaur egungo ordenantzak ez du jasotzen arlo horretako araudi espezifikorik, eta “funtzionamendu bateratu eta sistematikoa bermatzeko beharra” antzeman du udalak.
Udaletik zehaztu dutenaren arabera, Araudi Plan berriarekin udal kudeaketa modernizatzeko, espazio publikoaren erabilera ordenatzeko, ongizatea eta berdintasuna indartzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko duen konpromisoa berretsi du udalak.