60 urte, herritik eta herritarrekin hezten
Eleizalde Ikastolak 60 urte beteko ditu aurten. Milaka dira bertatik igaro diren herritarrak, eta orain arteko bidea omendu eta aurrera begira jarraitzeko, ikastolako garai ezberdinak ezagutu dituzten belaunaldiak batu gura dituzte.
Duela 60 urte, herri baten behar eta amets partekatuetatik jaio zen Eleizalde ikastola. Herrian sortua, herria oinarri eta abiapuntu izan du beti: auzolanetik, konpromisotik eta euskararekiko maitasunetik eraikitako hezkuntza proiektua. Gabriel Arestik Harri eta Herri lanean idatzi bezala, “herri hau harri baten gainean eraikia dago”, eta harri horietako bat da, zalantzarik gabe, Eleizalde ikastola.
50. urteurrenean aldarrikatu moduan, herritik sortua, herrian sartua, ikastola ez da inoiz izan hormen barrura mugatutako espazioa; aitzitik, herriaren taupadarekin batera hazten den errealitatea izan da. Gaur, 60 urte bete dituen honetan, lema berriak egindako bidea eta etorkizuneko begirada uztartzen ditu: hrri txiki, amets handi. Izan ere, herri xume honetatik, harri txikiz harri handiak eraikiz, belaunaldiz belaunaldi, amets kolektibo bat sendotu da.
Gaur egun, ikastola 0 eta 16 urte bitarteko haurren etxea da: hazteko, ikasteko eta norbere burua eraikitzeko espazioa. Euskalduntasunean sustraituta, ikasleak ez dira soilik ezagutzaz hornitzen; pertsona oso gisa garatzen dira, pentsamendu kritikoa, konpromisoa eta gizarteko kide izateko ardura lantzen dituzten bitartean. Hezkuntza ulertzeko modu horretan, ikastola ez da irakaskuntza-gune hutsa, baizik eta komunitatea.
Komunitate horrek izena eta izaera dauzka; ikasleek, gurasoek, langileek, irakasleek eta baita ikasle ohiek, guraso ohiek, langile ohiek eta irakasle ohiek osatzen duten Ei familia. Elkarlana da bere oinarria, eta auzolana, bere eguneroko praktika. Guztion ekarpenari esker, ikastola etengabe hobetzen da, herritik sortutako proiektu bizia izaten jarraitzeko, herriari lotua eta etorkizunari begira.
Aurtengo urtea berezia da Ei familiarentzat; hori dela eta, belaunaldi guztiak batuko dira 60. urteurrena ospatzeko, martxoaren 7an egingo den bazkari erraldoian. Egun horretan parte hartu nahi dutenek ikastolako idazkaritzan eskuratu ahal izango dituzte tiketak.
Hemendik aurrera, pausoz pauso eta beldurrik gabe jarraituko dugu bidea egiten.
ZER DA ZURETZAT ELEIZALDE IKASTOLA?

Argazkia: Eleizalde Ikastola
MIKEL JAUREGIZAR – Athletic Clubeko jokalaria.
“Eleizalde Ikastolie niretzat neure etxie da”
Ikastolie niretzat, neure etxie! Gaur egungo lagunek emon dostena, neure txikitzeko sekreto askon etxie, neure barre eta negarren testigue. Jolasorduetako emoziñue, plaierak erre artien baloien atzien ibiltzeko jolasak… Han hazi naitzen, eta ikastolan bizi izandako esperientzidxek eztotez ahaztuko. Euskerie altxorra dala barneratu nauen eta zelai barruen zein kanpuen gauzenien, neure nortasune eta konpromisue adierazteko erabiltzen dot.

ILASKI SERRANO – Kazetaria.
“Maitasunez gogoratzen dotezen urteak”
Urteak pasata maitasun askogaz gogoratzen dotez ikastolan pasatako urteak, bizipenak, bertan ezagutu dotezen pertsonak, bai irakasleak, eta bai ikasleak; betirako lagun min bihurtu diranak batzuk. Nagusia izan gura eban umea nintzan ikastolan, ikasteko gose askogaz egoana eta sentimentu kontrajarriak sentitzen ebazana: bertako babesean betiko geratu edo handik “mundura” urteteko gogoen artean. Nire esker ona beti ikastolara, hain oinarri sendoak sortzearren nire barruan etorkizunean etorriko zan guztirako!

PAUL ELIZONDO – Kazetaria.
“‘Ni’-a eraikitzie ahalbidetu dosten espazio bat”
Niretzat ikastolie, aro barri baten hasikerie izen zan. Elantxobetik etorritze eta 4 kato ezanda; beste aldaera bat ikasi behar izan nauen, beste lagun barri batzuk egin (asko), beste herri eta ikastola bateko dinamiketara ohitu… 4 urtegaz, aldaketa guzti honek eitzie ezta bape erreza. Baie ikastoliek guzti hori modu organiko baten barneratutie irakatsi dosten. Beraz, niretzat ikastolie da… nire gaurko “ni-a” eraikitzie ahalbidetu dosten espazio bat. Euskeraz, lagunekaz eta “zer” edo “nor” bai eta ez bereiztuteko tresnak emon dostezen irakasle bat.

Argazkia: Hizkuntz Eskubideen Behatokia
AGURNE GAUBEKA – Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria.
“Itsosopeteko lemazaine izan da Eleizalde”
Gizatasune eta kolektibotasune ardatz, pertsona moduen oinarridxek eraikitzen lagundu doskune da niretzat ikastolie. Herridxe ta hizkuntzie garizenan parte dizela eta geure txikitasunetik, munduen danok leku bardine merezi dogule erakutsi doskune. Itsosopeteko lemazaine izan da Eleizalde Ikastolie.

Argazkia: Eleizalde Ikastola
UNAI GOMEZ – Athletic Clubeko futbolaria.
“Naiena izaten lagundu dosten bidelagune da”Eleizalde Ikastolie naiena izaten lagundu dosten bidelagune, etxie da. Txiki txikitxetik hasi eta gazte izan artien, pertsona moduen naiena izaten lagundu dozten bidelagune da. Neure lehenengo berban lekukue, munduko kroketa gozuenak jateko momentue, euskerako aditzekaz burue atrapatekue, barreka itxotekue, euskal kulturen kikunbera eitzen irakatsi doztena, trastada gutzidxen testigue… neure etxie.

IZASKUN MOYANO- Kazetaria.
“Eleizalde Ikastola betirako oroitzapenak diez”
Ikastola Juan Karren historiako klasiek diez, Mirenek erakutsitako “dinosaurs”-en mundue, Josegaz asmatutako kantak, Purigaz eitxen genduzen “zuzenketa!”-k, Zelai-Erreak, Zapi Zuriak, Ikastola Eguneko ensaiuek, Santa Zezilia eguneko txokolate eta bizkotxuek, irratsaiuek, janto
kiko kroketak, plastilinez betetako arratsaldiek, zulogailue, Atxitxe-Enea, Ikaslegoien Bazkaridxek, txikitzerik eskutik darutazen lagunek, idatzi nauzen lehelangoko berbak… Eleizalde Ikastola betirako oroitzapenak diez.

Argazkia: Eleizalde Ikastola
XABIER CASADO – Kazetaria.
“Ikastolak sustraidxek emon eustazan”
Nire ama Gotzone Ikastolako lehenengo zazpi ikasleetako bat izan zan, eta berak zabaldutako bidie hartute, neu be hemen hazi eta hezi naitzen, famili handi honen babespien. Ikastolak sustraidxek emon eustazan, eta era berien, heguek zabalduten erakutsi. Berba handidxek diez, bai, baie bidxotzetik esandakuek. Urtiek pasata be, ikastolien ondotik pasaten naien bakotxien, barruen zeozerk esaten dost: “hamen hasi zan dana”.

Argazkia: Eleizalde Ikastola
AMAIA ARTETXE – Konunikatzailea.
“Oroitzapen eder asko dira ikastolie”
Ikastolie niretzat, Eleizalde da. Atxitxe Enea, Kaiola Txiki, Ana Marin kroketak, andereño Itziar, Balbinan berba gozuek, Purin mate, ikus-entzun, danetik, pintxeteko harri borobilek amantalako boltsiluetan,… ikastola egunek. Neure biziko ikastola egunek. Zelako poza! Ze harrotasun! “Ama, aita, amuma, atxitxe… erdu ikusten, beitu hau da nire gelie eta hau geuk eiñiko murala”. Honek danak, bizi guztireko lagunek eta bihotza bete-betetzen didaten emozio negarra eragiterainoko oroitzapen eder asko dira niretzat ikastolie.