Herritarren "garaipena" ospatzeko eguna
Guggenheim Urdaibai Stopek, makroproiektuaren aurreko "garaipena ospatzeko", egun osoko egitaraudun jaialdia atondu du zapaturako [otsailak 7]. 300 lagun elkartuko dira herri bazkarian. Iluntzean, ekitaldia eta mosaiko erraldoia egingo dituzte.
Garaipenak ospatu beharra dago. Eta Guggenheim Urdaibairi dagokiona garaipen handia izan da. Hiru urteko borrokaren eta konpromisoaren ondoren, herritarrek museo makroproiektua atzera botatzea lortu dute, eta balentria hori ospatuko eta omenduko dute zapatu honetan [otsailak 7], Gernika-Lumon. Agur, Guggenheim. Urdaibai martxan dau! lelopean, Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformak egun osoko ospakizun egitaraua prestatu du, “lortutakoaz hausnartzeko eta lana baloratzeko”, eskualdeko eragileekin elkarlanean.
Goizetik gauera bitartean, udalerriko txoko ezberdinetan egongo da egitekorik. Eskualdeko borrokan fokua ipinita ere, ingurukoak ez dituzte ahazten antolatzaileek, eta goizeko elkartasun azoka izango da horiei beraien espazioa emateko abagunea. Azaldu dutenez, Euskal Herriko talde edo elkarte ekologisten “kontzientziazio plaza” izango da Merkuriokoa eta, euria egingo balu, Merkatu plazakoa. “Gutxitan eduki ohi dugu inguruko borrokak biltzeko eta haiei ahotsa emateko aukera, eta azoka hori betetzera emana dago; egun aktiboki borrokan ari diren taldeak babesteko gunea izango da, borrokak merezi du eta”, azaldu dute plataformako kideek.
25 inguru izango dira postuetan egongo diren elkarteak, Euskal Herriaren luze-zabaletik bertaratuak: “Oskiako ekologistak Ipar Euskal Herritik etorriko dira, Aroztegikoak, Nafarroa Garaitik, eolikoen aurkakoak, Enkarterritik; subflubialaren kontrakoak, Nerbioi ibaiaren ingurutik; edota interkonexio elektrikoaren aurkakoak, Gatikatik”. Kontzientziaziorako baliatuko dute eremu hori: “Horrez gain, elkarteek beren produktuak saltzeko aukera izango dute, horixe baita autofinantzaketarako bidea; guk geuk ere posible izan dugun toki denetan ipini dugu geure postutxoa, eta orain guri dagokigu aldameneko kausen ordezkariak hartzea”. Izaera ekologistadun taldeez gain, “Korrika, Gure Esku edota Sahararen zein Senegalen aldekoak” ere egongo dira elkartasun azokan, besteak beste.
Eguerdi aldeko gailur nagusietako bat Elai Alai areto handian emango duten berbaldia izango da: Agur, Guggenheim! Trantsizio ekosoziala Urdaibain izenekoa; Martin Lallana (LAB trantsizio ekosoziala) eta Mirene Begiristain (EHUko irakasle eta Agroekologian aditua) izango dira hizlariak. Mehatxu “zuzena kenduta”, etorkizunari begira, “dena idazteko dagoela” bistaratzeko solasaldia izango dela argitu dute antolatzaileek: “Zer nolako Busturialdea gura dugun eta egungo beharrizanei zerk erantzuten dien galdegin behar diogu geure buruari; hori dena inor atzean utzi barik nola egin eztabaidatuko dugu hitzaldian. Busturialdeak bere ekonomia suspertzeko zein proiektu onartu ditzakeen eta zein baztertu beharko lukeen azalduko dute horretarako prestakuntza eta ezagutza maila itzela duten hizlariek”.
Stop barik, agur.
Herri bazkariari begira, 300 herritar bilduko dira Astran. Txartelen salmenta “ezin hobeto” joan da: “Eskualdeko salmenta puntuetako txartelak amaitu ditugu; zapatuan bertan, 30 sarrera inguru ipiniko ditugu salgai, 13:00etatik aurrera, Astran, batez ere kanpotik datozenei zuzenduak”. Bazkalostean, beste tontorretako bat harrapatuko du egitarauak: herritarren mosaiko erraldoia. “Pasealekuan, plataformaren logoa irudikatuko dugu, euritarako koloredun zirekin; Guggenheim Urdaibai agertuko da, baina, Stop berbaren ordez, agur hitza irudikatuko dugu”. Osteko ekitaldia Oihana Cabello gernika-lumotarrak eta Unai Narbarte arratzuarrak dinamizatuko dute, eta ordu erdi inguruko iraupena izango du. “Ekitaldi arina eta atsegina izateko, denetariko modalitateak txertatu gura izan ditugu”.
Txalaparta eta adar hotsez abiatuko dute aipatutako ekimena; jarraian, azken hiru urteotako borroka ibilbidearen “errepasoa” egiteko bideoa proiektatuko dute. Ostean, Aitor Etxebarriazarraga eta Janire Arrizabalaga bertsolari gernika-lumotarrak oholtzaratuko dira, saioari “umoretik ekingo diotenak”. Hiru ilustratzaile ere taularatuko dira: Asisko Urmeneta, Adur Larrea eta Amaia Carrere. Ekitaldiak iraun artean “jo eta su margotzen” ariko dira hirurak. Ondoren, “instituzioei nahiz oposizioei zuzendutako” komunikatua irakurriko dute, musikarekin amaitu orduko: “XSakarak, Marenek eta Iñigito Txapelpunkek bina abesti joko dituzte”.
Ez dira oholtzara igoko diren musikari bakarrak izango. Iluntzean, Sua eta Lukiek taldeek ere kontzertuak emango dituzte Pasealekuan. Gainera, Iparragirre Rock Elkarteak “bat egingo du” plataformagaz, eta, 22:00etan, Leihotikanek kontzertua emango du, beren estreinako albuma aurkeztuko duten Apokhalipsis gernika-lumotarrekin batera; hitzordu horretarako sarrerak agortuta daude. Antolakuntzak, bestalde, garraio publikoa erabiltzeko eskaria egin die herritarrei, “pilaketak edo istripuak ekiditeko”.
EGITARAUA
11:00-14:00. Elkartasun azoka, Merkurion (euria balitz, Merkatu plazan).
11:00-12:00. Motx pailazoaren Irri, kantu eta dantza ikuskizuna, Elai Alai areto txikian.
12:00-14:00. Umeentzako tailerrak, Elai Alai areto txikian.
11:00-12:30. Hitzaldia, Elai Alai areto handian: Agur, Guggenheim! Trantsizio ekosoziala Urdaibain.
12:30-13:30. Urdaibaiko sakrifizioa laburmetrajearen proiekzioa eta egilearekin solasaldia, Elai Alai areto handian.
14:30-16:30. Herri bazkaria, Astran.
17:00-18:30. Mosaiko erraldoia, 1.300 baietz!, Pasealekuan.
18:30-19:00. Ekitaldia, Pasealekuan.
19:30-22:00. Kontzertuak, Pasealekuan: Sua eta Lukiek.
22:00. Kontzertuak, Iparragirre Rock Elkartean: Leihotikan eta Apokhalipsis.