Europako legediaren "ondorio larrien kezkaz"
Hands Off Nature koalizioak herritarren babesa eskatu du, Europako Batzordeak bultzatutako zortzigarren omnibus paketearen neurriek ur ekosistemen babeserako "atzerapauso larriak" ekarriko dituztelako.
Ekologistak Martxan taldeak aditzera eman duenez, Hands Off Nature koalizio ekologista “kezkatuta” dago Europako erakundeek ingurumen araudia “ahultzeko” egin dituzten proposamenak drela eta. Hain zuzen, hamarkadaz hamarkada eraikitako funtsezko babesak “higatzeko” arriskuaz mintzo da eragile taldea; Europatik bultzatutako zortzigarren omnibus paketeak “enpresa handiei bakarrik” mesede egiten diela eta bai giza bizitzarako, bai naturguneetarako “funtsezkoak” diren ekosistema prozesuei eragiten diela nabarmendu dute, ingurumen araudian “atzerakada larria” dela argituta.
Hezeguneen eta ur habitaten babesari eragiten dioten legeari keinu egin diote, proposatzen dituzten legeek horiek ahuldu ditzaketen aldaketak proposatzen dituztela adierazita. Alde horretatik, Uraren Esparru Zuzentaratua “arriskuan” dagoela diote: “Europatik proposaturiko ebaluazio azkartuek, zuzentaratze aldaketek eta informazioa emateko beharraren ezabapenek aukera ematen dute betebeharrak, kontrolak zein babesak murrizteko, eta horiek ezinbestekoak dira uraren kalitatea zein kantitatea hobetzeko, uretako ekosistemak babesteko eta ura pertsonen baldintza seguruetan eskuratzea bermatzeko”.
Koalizioak nabarmendu duenez, zuzentaratu hori ahultzeak, ur ekosistemen babesari dagokionez, “atzerapauso handia” ekarriko luke, besteren artean, “ibai, akuifero, hezegune eta kostaldeko eremuen babesean”. Era berean, hala biodibertsitatea, nola kutsaduraren, gehiegizko ustiapenaren, ur eskasiaren eta klima aldaketaren inpaktuen aurreko “erresilientzia arrisku larrian” lirateke, hori guztiori ur baliabideen presioa “etengabe handitzen” ari den testuinguruan,
Sinadura bilketa.
Iragan irailean, hamar egunen buruan, koalizioak abiatutako sinadura kanpainak 200.000 atxikipen lortu zituen, Europako Batzordeari bidalitako mezu “argiagaz”: “Ingurumen legeen atzerakada geldiaraztea”. Kanpaina haren ondoren, Hands Off Naturek orain bigarren faseari ekin dio: Europako araudiak blindatzeko bultzada berria hauspotzea, eta herritarrei eskaera sinatzeko deialdia luzatzea.
Kanpainagaz honako hau azpimarratu gura dute: alde batetik, ekosistemek naturari nahiz gizakiei ematen dizkieten onurak babesteko araudia “aplikatzea eta hobetzea, ahuldu beharrean”; bestetik, indarrean dauden babes neurriak “betetzea eta hobeto inplementatzea“; horiez gain, “informatutako” herritarren parte hartzea bultzatzea.