"Umeek ez dute mobila behar, lagun eta guraso presenteak baizik"
Eleizalde Ikastolako Familia Mugimenduak bultzatuta jaio da 'EI, Altxa Burue', mobilen erabilera atzeratzea helburu duen ekimena.
Pantailen erabilera gero eta goiztiarragoa dela antzeman eta antolatzeko erabakia hartu dute Eleizalde Ikastolako Familia Mugimenduan. Mobila jasotzea atzeratzea eta seme-alabei horien erabilera zuzena eta arriskuak helaraztea dute misio, eta helburu hori lortzera bidean eratu dute EI, Altxa Burue ekimena. Hilero familia arteko topaketak egiten dituzte, eta hurrengoa otsailaren 9rako dute deituta, ikastolan bertan.
Zein beharri erantzunez sortu duzue EI, Altxa Burue?
Duela bi urte inguru, DBHko guraso talde batek deialdi bat egin zuen, beraien umeak oraindik mobil barik zeudela eta, beraien funtzionamenduaren berri emateko asmoz. Deialdia kezkatik zetorren; batetik adin txikitik hasten direlako umeak sakelako telefonoak erabiltzen, eta bestetik, horiei ematen zaien erabileragatik. Arazo horri aurre egiteko asmoz, ikusten genuena partekatu eta oso sonatua den Altxa Burua ezagutuz joan ginen: zer den, nola funtzionatzen duen… Ume txikiak direnean ematen dizkiegu sakelakoak, tabletak… eta sarri ez dakigu nola eta zertarako erabiltzen dituzten. Erabilera askotan ez da egokia izaten, eta formakuntza batzuetara joan ginenean ikusi genuen ze ondorio larri ekar ditzakeen, esaterako arreta gaitasunean eta osasun mentalean.
Zein da helburu nagusia?
Altza Burua mugimenduaren helburu nagusia da pantailen erabilera ahalik eta gehien atzeratzea. Ikerketa asko daude, eta askotan esaten da 16 urte dela mobila jasotzeko adin egokiena; gaur egun, baina, Lehen Hezkuntzako azken mailetan ikusten dugu horien erabilera orokortuta eta normalizatuta dagoela. Gomendatzen duten adinetik oso urrun gaude, eta orain hamar urte ikusten ez ziren gauza asko ikusten dira. Gizarteak aldaketa oso handia eman du, eta gure txikietan egonezin argia nabaritzen da. Mareak mugitzen gaitu, olatuak eramaten gaitu atzera eta aurrera, eta EI, Altxa Burue programaren nahia da kontzientzia piztu eta mareak beste norabide bat hartzea.
Ikastolako familia mugimenduak bultzatu du ekimena.
Bai. Smartphoneekiko eta erloju adimendunekiko beldurra nabaritu da, baita hezkuntzan digitalizaziorako pausoa noiz eta nola eman horretan ere. Ikasturte honetan hasi gara familia mugimendu gisa antolatzen, eta ikastolaren aldetik ere gogoa nabaritu dugu ze, azken batean, hezkuntza arloan ere aldaketak egon dira. Jaurlaritzak arautegia hezkuntza zentroen esku utzi zuen, eta ikastolak hartutako neurrietako bat izan zen mobilak eramatea debekatzea. Hor ikusten dugu ikastolak ikusten dituen zailtasun eta arriskuak eta familien eskariak bat datozela.
Nola ikusten duzue Bermeoko errealitatea?
Maila batzuetara oraindik ez dira eskuko telefonoak iritsi, eta kasu horietan arazoari aldez aurretik aurre egiten ahalegindu gara. Mobilak iritsi diren mailetan, ostera, seme-alabei erremintak ematen ahalegintzen ari gara. Bereziki DBHko gurasoen artean antzeman da arazoa: batzuetan ezin dute nahi dutena egin, taldeak bultzatzen dituelako.
Presioa dago, hortaz.
‘Ni izango naiz azkena’ bezalakoak entzuten dira, eta taldearen presioa nabarmena da. Horregatik, programarekin hasi garenean, problematika horretaz hitz egitea gura genuen, uste dugulako egin daitekeen gauzarik eraginkorrena dela zure seme-alaben inguruko gurasoekin harremanetan jartzea, umeek zein gurasoek presioa ez sentitzeko eta beharrizanik ez sortzeko. Umeek kalean jolastu behar dute, elkar begiratu eta gurasoekin, berdinekin eta komunitatearen harremanak eduki.
Kontzientzia da garrantzitsuena.
Bai, hemen sartzean lanketa bat egiten zaude guraso gisa eta hor, mobila 12, 13 edo 14 urterekin emanda ere, bidea ezberdina izango da, beste modu batera hitz egingo duzulako. Oro har, sakelakoak ez dira oparia izan behar: tresna oso indartsua dira, eta helduok ez badakigu erabiltzen, umeek are gutxiago.
Ze harrera izan duzue?
Hileroko topaketetan 25 bat familia batzen gara eta taldea ere badugu; 70 bat gara, eta beti eskatzen dute hitz egin dugunari buruzko informazioa. Interesa dago eta pozik gaude. Gu ikastolan hasi gara, baina helburua da proiektua herrian zabaltzea.
Gurasoek beraiek egiten duten erabileraz hausnartzen al dute?
Hortik hasten da dena: mugikorra logelatik kanpo utzi, noizean behin kalera mobil barik irten eta seme-alabari jakinarazi… Gurasoak irudi gara. Miren Ros Altxa Buruaren bultzatzaileak gomendio batzuk ere eman zizkigun, esaterako, Olentzerori betiko iratzargailua eskatzea, telefonoz deitzen irakastea, astero mugikorraren erabilera-denbora begiratzea, ea aurrekoarekin alderatuta murriztu den… Umeek ez dute mobila behar, lagunak eta guraso presenteak baizik; herri presente bat behar dute.