Arrantza-sektorearen jasangarritasuna tokiko komunitateari helarazteko dibulgazio astea antolatu dute
BTWCek, Marine Stewardshil Councilekin (MSC) eta Jaurlaritzarekin lankidetzan, arrantza jasangarriaren inguruko prestakuntza eta dibulgazio astea antolatu du, eta bihar arte [otsailak 5] 'MSC ziurtapenerantz lanean', 2. mailako prestakuntza-ikastaroan eskainiko dute, Bermeoko Portuen Bulegoan.
Argazkia: Bermeo Tuna World Capital Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC), Marine Stewardshil Councilekin (MSC) eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, arrantza-sektoreko profesionalei, administrazio publikoetako langileei, zientzialariei, aholkulariei eta arrantza hobetzeko proiketuen arduradunei zuzendutako arrantza jasangarriaren inguruko prestakuntza eta dibulgazio astea antolatu du, eta bihar arte [otsailak 5] MSC ziurtapenerantz lanean, 2. mailako prestakuntza-ikastaroan eskainiko dituzte. Adierazi dutenez, ekimenaren xede nagusia arrantza-sektorearen gaitasun teknikoa indartzea eta jasangarritasuna tokiko komunitateari hurbiltzea da. Atzo [otsailak 3] hasi ziren saioak eta, zehaztu dutenez, helburua MSCen arrantza-tokien estandarra interpretatzeko eta aplikatzeko gaitasunak handitzea da. Izan ere, etorkizuneko arrantza-tokietako ebaluatzaileentzat eta hobekuntza eta ziurtapen prozesuetan arrantza-tokiei arreta eman diezaioketen teknikarientzat “gaitasun berriak sortzea” bilatzen duen MSCren prestakuntza-estrategiaren parte da.
Bermeoko Portuen Bulegoan egiten ari diren saioak 2. mailako ikastaroen hirugarren aldiaren parte dira, aurrekoak Alacanteko Unibertsitatean eta Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuan gauzatu zirelarik. Oraingo honetan, hiru egunetan zehar egiten ari diren prestakuntza-ikastaroak 30 orduko iraupena duten online saioak eta hiru lanaldi presentzial intentsibo uztartuko ditu. Zehaztu dutenez, ikasgelako denbora ariketa praktikoei, kasu errealen analisiari eta zalantza teknikoen ebazpenari bideratzen ari dira. Programak MSC estandarraren aplikazioan sakontzen du, hiru printzipiori erantzuten diotenak: arrainen populazio iraunkorrak, ingurumen-inpaktuak minimizatzea eta arrantzaren kudeaketa eraginkorra. Hala, ikastaroak ebaluazio-baldintzak, puntuazio-irizpideak eta hobekuntza-planak garatzeko tresnak jorratzen ditu, “arrantza-kudeaketako eredu jasangarriagoak eta gardenagoak lortzeko interesa gero eta handiagoa” den testuinguru batean.

Argazkia: Bermeo Tuna World Capital
Ikastaroarekin batera, BTWCeko bazkideekin batera ekitaldi paraleloak ere antolatu dituzte eta, besteren artean, parte-hartzaileek MSC estandarra sektoreagaz lotutako enpresa eta erakundeen eguneroko jardueran nola aplikatzen den “zuzenean eta formatu lasaian” ezagutu ahal izango dute. Topaketa horiei esker, bat egitea erabaki dutenek jasangarritasunari eta ziurtapenari buruzko esperientzia praktikoak trukatzeko aukera izaten ari dira. Horrez gain, Bermeoko Udalaren laguntzarekin, Bermeoko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako dibulgazio-tailerra ere egin zuten atzo.
Bermeo, erreferente.
Alberto Martin MSC Espainia eta Portugaleko zuzendariak adierazi duenez, Bermeo “nazioarteko erreferentea” da arrantzaren iraunkortasunari dagokionez, eta horregatik, prestakuntza-ikastaroa bertan egiteak “balio estrategiko handia” du: “Gure helburua da gaitasun teknikoak indartzen jarraitzea eta MSC Estandarra hurbiltzea egunero Betiko Itsasoen alde lan egiten dutenei”.
Maitane Leizaola Bermeo Tuna World Capitaleko zuzendari nagusiak, berriz, iraunkortasuna arauekin soilik ez, ezagutza partekatuarekin, konpromiso kolektiboarekin eta epe luzeko ikuspegiarekin eraikitzen dela nabarmendu du: “Aste honek horixe adierazten du zehazki: prestakuntza, dibilgazioa eta benetako esperientzia, Bermeotik mundura”.
Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Ixone Soroak honelako ekimenek “arrantza jasangarri, arduratsu eta lehiakor baterantz aurrera egiteko funtsezkoak” direla azpimarratu du: “Sektorearen, nazioarteko erakundeen eta tokiko komunitatearen arteko lankidetzak indartu egiten du ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren iraunkortasunaren alde Jaurlaritzak egiten duen apustua, eta Euskadi eta Bermeo erreferenteak dira jardunbide egokietan eta arrantza-kudeaketako prestakuntzan”.