Gure Eskuk bigarren konferentzia subiranista egingo du otsailaren 28an
Konferentzian parte hartzeko, bihar [otsailak 4] zabalduko dute izen ematea.
Josu Etxaburu ondarrutarra, konferentzia aurkeztenGure Esku Burujabetza eta naziogintza lehian XXI. mendean izenburupean, Gure Eskuk bigarren konferentzia subiranista egingo du otsailaren 28an, Bilboko Bizkaia Aretoan. Gure Eskuk iaz egin zuen lehen konferentzia, Irungo Ficoban, eta iragarri dutenez, ekimen hau urteroko agendan egonkortzeko asmoa du.
Itzulpengintza zerbitzua eskainiko dutela jakinarazi dute, eta konferentzian parte hartzeko, bihar [otsailak 4] zabalduko dute izen ematea. Horretarako, izenaeman.gureesku.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.
Gaur goizeko agerraldian azaldu dutenez, “nabaria da” nazio eta burujabetzaren ideiak bueltan direla, baina, kasu askotan, “oinarri erreakzionarioei” lotuta datoz gaur egun. Horregatik, itzulera hori zeren gainean eraikitzen ari den aztergai izango da otsailaren 28ko konferentzian.
Beraz, iaz hasitako lanketari jarraituz, konferentziaren helburua da naziogintzan eta burujabetzaren alde hainbat alorretan lanean ari diren eragileek eta norbanakoek gogoeta egitea eta iritziak trukatzea, eta ekarpen interesgarriak utziko dituela argi dute: “Gogoeta egiteko eta iritziak trukatzeko espazioak eta momentuak behar ditugu, eta areago, bertako hausnarketak Euskal Herriko gainerako eragileekin eta, oro har, herritarrekin partekatu behar ditugula sinetsita gaude”. Hausnarketak kalera iristea nahi dutela nabarmendu dute.
Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburuk esan bezala, “konferentziak urtero Euskal Herriko mugimendu subiranista zabal eta anitzaren bilgunea eta gogoeta-gunea izateko bokazioa dauka, erronka erraldoiak dituelako herri honek”. Erronka horietarako burujabetza ezinbestekoa dela argi daukate, eta gero elkarrekin jarduteko ere elkarrekin pentsatzea eta eztabaidatzea “behar-beharrezkoa” dela azpimarratu dute.
Gure Eskuk nazioarteko testuinguruari erreparatu nahi dio aurtengo konferentzian. “Adibidez, Europan eta Ameriketan beren burua subiranistatzat duten eta, diskurtsoetan, nazioaren defentsa barra-barra darabilten indar politikoak nagusitzen ari dira hauteskundeetan, eta haietako asko gobernuetan dira. Bazterkeria, xenofobia, feminismoaren kontrako jarrera, eskubideen ukazioa, negazionismo klimatikoa… Horiek izaten dira indar eta mugimendu horien ezaugarriak. Halako joera orokor bat ikusten ari gara mundu osoan, nazioa eta burujabetza balio erreakzionarioekin lotzen duena”, adierazi du Etxaburuk.
Gehitu du herritarren eskubideetan oinarriturako beste eredu ireki bat dagoela, esentzialismoari begiratzen ez diona: “Gure Eskun hormak eta harresiak ez ditugu maite esan genuen aspaldi, eta behin eta berriro errepikatu dugu. Orain ideia bera sustatzen ari gara Herritu ekimenarekin; herritar librez osaturiko herri librea nahi dugu. Ez dugu dudarik euskal herritar gehien-gehienek bat egiten dutela printzipio horrekin”.
Konferentziaren egitaraua:
- 09:30. Abagunearen analisia. Kazetarien begirada, Jon Olano, Maite Ubiria eta Jurdan Arretxegaz. Moderatzailea: Ane Urkiri
- 10:30. Naziogintza, herrigintzaren bidetik, Xavier Antich Omnium Cultural-eko lehendakarigaz. Elkarrizketatzailea: Zelai Nikolas.
- 11:15. Atsedenaldia.
- 11:30. Nazioaren eta estatuaren itzulera. Subiranotasunaren aldaerak:
- Nazio espainiarraren itzulera: Vicent Flor, soziologiako doktorea eta soziologia politiko eta kulturaleko ikerlaria.
- Nazio frantsesaren itzulera: Michel Cahen, historialaria eta Frantziako CNRSko ikerkuntza-zuzendari emeritua.
- Euskal Herriaren naziogintza XXI. mendean: Nagore Calvo, King’s College London-eko irakasle titularra, eta Malen Dominguez, soziologoa eta Telesforo Monzon eLab-eko kidea.
- Moderatzailea: Pili Kaltzada
- 13:00. Itxiera.
- 13:15. Mokadutxoa.