Besalde elkarteak Oporrak Bakean programarekin bat egin du
Oporrak Bakean programagaz bat egin eta harrera familia izan nahi dutenek otsailaren 10era arte [martitzena] dute izena emateko aukera.
Aurten ere, Bermeoko Besalde elkarteak saharar haur errefuxiatuak udako hilabeteetan etxean hartzea helburu duen Oporrak Bakean programarekin bat egin du. Haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik urruntzea bilatzen duen programak 40 urte beteko ditu aurten, eta harrera familien bila dabiltza. Hala, familia euskaldunetan edo udalekuetan 10 eta 12 urte bitarteko saharar haur errefuxiatuak
harreran hartu gura dutenek otsailaren 10era arte [martitzena] dute izena emateko aukera, 635 72 50 62 telefono zenbakira deituta.
Azaldu dutenez, denbora bateko harrera programaren helburuen artean daude, besteak beste, elikadura orekatu baten bidez haurren osasuna hobetzea, horiei oinarrizko osasun azterketak egin eta kanpamentuetan antzeman edo tratatzeko zailak diren gaitzak artatzea edota haurrek errefuxiatu kanpamenduetakoa ez den beste errealitate bat ezagutzea. Era berean, euskal herritarrak Mendebaldeko Sahararen eta Saharako herritarren egoeraz kontzientziatu nahi dute, bi gizarteen arteko harremana sustatuz.
Euskal Herrira uda igarotzera datozen ume sahararren kopurua urtez urte aldatuz joan dela nabarmendu dute bultzatzaileek, helburua argia dela zehaztuz: “Ahalik eta haur gehienei ongi etorria ematea”.
Haur saharrarentzat programan parte hartzeak hamaika onura baditu ere, Oporrak Bakeanekin bat egitea familia euskaldunentzat ere “oso onuragarria” izaten dela azpimarratu dute, besteren artean “uda ahaztezina” igarotzen dutelako. Gainera, harreran hartutako umearen familia ezagutzean, familia hartzaileak kanpamentuetara bidaiatzeko aukera izaten dute. Familia euskaldunetako haurrentzat ere aniztasuna kudeatzen ikasi eta enpatia eta elkartasuna bezalako balioak lantzeko aukera dela zehaztu dute: “Errealitate egoera ezberdin bat ezagutu eta kultura berri batekin elkarbizitzen dira. Bizitzako egoera ezberdinak beste begi batzuekin begiratzen ikasten dute eta arazoak erlatibizatzen laguntzen die”. Hala, programak Saharar herriaren egoera ezagutu eta horien “egoera bidegaearen bozgorailu” bihurtzen ditu familia hartzaileak.