Bermeoko portuak zerbitzu-pabiloi berria izango du
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egungo pabiloia eraistea aurreikusten du, biltegiratze-azalera handiagoa izango duen zerbitzu-pabiloi berria eraikitzeko. Inbertsioa 670.269,64 eurokoa izango da.
Argazkia: Irekia Merkantzien kudeaketa hoetu, lurzoruaren erabilera optimizitatu eta Bermeori lotutako jarduera ekonomikoa indartu asmoz, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak udalerriko portu komertzialean zerbitzu-pabiloi baten berrikuntza eta handitzea bultzatuko ditu. Horretarako, egoera “kaskarrean” dagoen eta edukiera mugatua duen gaur egungo pabiloia eraistea aurreikusten dute, biltegiratze-azalera handiagoa izango duen eraikin berria eraikitzera bidean.
Amaia Barredo sailburuak adierazi duenez, instalazioen modernizazioa “Bermeorentzat eta bermeotarrentzat lehiakorrragoa, hobeto antolatua eta erabilgarriagoa izango den portu baten aldeko apustua” da. Izan ere, Jaurlaritzatik iragarri dutenez, zerbitzu-pabiloi berriarekin portuan lan egiten duten kontsignatarioek espazioarekiko duten gero eta eskaera handiagoari erantzun ahal izango diete, “bai itsasotik bai kamioietatik datozen edukiontzietan sartu gabeko merkantzien biltegiratzea erraztuz”.
Hobekuntza horiekin, Bermeoko portua “ordenatuagoa, eraginkorragoa eta funtzionalagoa” izango da, udalerriarentzat “onura argiak” ekarriz. Izan ere, espazioaren kudeaketa hobeak jarduera logistiko arinagoa ahalbidetuko du eta portu komertzialak tokiko indar ekonomiko gisa duen eginkizuna indartuko du.
Zehaztu dutenez, lanok aurrera eramateko inbertsioa 670.269,64 eurokoa izango da, BEZa barne: horietatik 553.941, 85 euro oinarrizko aurrekontuari dagozkio, eta gainontzeko 116.327, 79 euroak, BEZari. Nabarmendu dutenez, obrari esker “nabarmen hobetuko” dira Bermeoko portu komertzialaren azpiegiturak eta herritarrentzako zerbitzua.
Azpimarratu dutenez, lanak indarrean dagoen Bermeoko portuaren plangintzara egokitzen dira, eta helburua erabilgarri dagoen lurzoru erabilgarria “ahalik eta gehien optimizatzea” da, “zerbitzuak instalazio bakar moderno batean kontzentratuz, egungo beharretara egokituta”.
Lanak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estrategiaren parte direla adierazi dute; izan ere, herrritarren eta tokiko ehun ekonomikoaren onura ardatz, “euskal portuak azpiegituta eraginkorrago eta funtzionalagoez hornitzea” bilatzen dute. Modu horretara, Eusko Jaurlatitzak portu-azpiegiturak hobetzeko eta kostaldeko udalerrien garapen jasangarria sustatzeko duen konpromisoa indartzen duela zehaztu du.