Bermeoko emakumeen bizipenak, erdigunera
Puntu Gorria Kultur Elkarteak sustatutako 'Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia' proiektua aurkeztuko dute otsailaren 5ean [eguena], 18:00etan, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. "Kontakizun historikoki isilaraziak ikusgarri egitea" helburu duen ekimena da, eta ELLAS izeneko ekimen zabalago baten barruan kokatzen da.
Argazkia: Bermeoko Udala 65 urtetik gorako emakumeen bizipen eta oroitzapenak ardatz harturik emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu, ikusarazi eta komunitatearen esparruan aktibatzea helburu duen Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektua aurkeztuko dute, otsailaren 5ean [eguena], 18:00etan, Bermeoko eta Gizarte eta Kultura Etxean. Saio irekia izango da, eta 65 urtetik gorako emakumeei zuzenduta egongo dela zehaztu dute. Proiektua arte garaikidea, artxibo-lana, bitartekaritza kulturala eta aktibazio komunitarioa uztartzen dituen Puntu Gorria Kultur Elkarteak sustatu du.
2017an sortutako ELLAS izeneko argazkilaritza eta memoria ekimen zabalago batean barruan kokatzen da proiektua, eta Euskal Herriko herri ezberdinetan zehar landu da. Zehaztu dutenez, emakumeen memoriari aitortza publikoa ematea eta “kontakizun historikoki isilaraziak ikusgarri egitea” du helburu, beti ere tokian tokiko errealitatera egokituta.
Proiektuak emakumeen argazki-album pertsonalak, bizitza-kontaketak eta sorkuntza kolektiboko tresnak ditu ardatz, “memoria intimimoa esparru publikoara eramateko eta ikuspegi feminista, sentikor eta testuinguruan errotua garatzeko”.
Herriaren memoria.
Bermeon ekimena ikuspuntu transbertsaletik landuko dutela nabarmendu du, hainbat arlo uztartuko dituztela zehaztuz: berdintasuna, kultura, gizarte-ekintza, herritarren parte-hartzea, hezkuntza ez-formala eta ondare inmateriala. Azpimarratu dutenez, helburuen artean daude belaunaldien arteko transmizioa sustatzea, harreman komunitarioa sustatzen eta emakumeen ekarpena herriaren memoria kolektiboaren parte aitortzea.
Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektua 2026an zehar jorratuko dute eta, aurreratu dutenez, bi fasetan banatuko da: lehen fasean, 65 urtetik gorako emakumeekin entzute aktiboan, talde-lanean eta esperientzien trukean oinarrituko diren oroitzapen partekatuko tailerrak egingo dituzte, “harremanak sendotzeko eta komunitate-loturak indartzeko espazioak sortuz”. Bigarren fasean, ostera, “egindako lanaren itzulera publikoa” egingo dutela iragarri dute.
Arantza Ormaza Berdintasun zinegotziak herritarrak proiektuan parte hartzera deitu ditu, herriaren historia beste begirada batetik ulertzeko aukera emango duelako: “Belaunaldi oso batek bizitakoa entzutea ezinbestekoa da memoria kolektiboa osatzeko, eta bereziki garrantzitsua da emakume horiei ahotsa eta espazioa ematea. Herriko 65 urtetik gorako emakume guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera, euren oroitzapenek Bermeoren historia aberasten dutelako”.
Emkaumeek etziko aurkezpenean izango dute lan-ildo nagusiak, metodologia eta parte hartzaileentzako aukera ezberdinak ezagutzeko aukera.