TAE Gernikakoek emaitza bikainak lortu dituzte Espainiako Txapelketan, 13 dominagaz
Espainiako taekwondo txapelketan urrezko lau domina lortu dituzte TAE Gernikakoek. Baina hori gutxi ez-eta, zilarrezko lau eta brontzezko bost domina ere ekarri dituzte udalerrira.
TAE Gernika klubeko ordezkariak Blanesko Espainiako txapelketan irabazitako dominekin.TAE Gernika TAE Gernika klubeko kideak Kataluinara joan dira asteburuan, Blanes hirira, Espainiako taekwondo txapelketan parte hartzera, eta urrezko lau domina lortu dituzte. Baina hori gutxi ez-eta, Espainiako lehiaketarik “garrantzitsuenetako” bat den horretatik zilarrezko lau domina eta brontzezko bost ere ekarri dituzte udalerrira.
TAE Gernikako ordezkariek euren kirolari guztien “ahalegina, diziplina eta konpromsioa” nabarmendu dituzte, baita talde teknikoaren lan bikaina eta familien “etengabeko laguntza” ere. “Emaitza horiek kluba nazio mailako erreferentzia gisa sendotzen dute, eta etorkizuneko lehiaketei begira ilusioz eta anbizioz lan egiten jarraitzera motibatzen gaitu”, adierazi zuten.
Guztira klubeko hamar lehiakidek —sei neskak eta lau mutilek— parte hartu zuten, 600 parte hartzaile baino gehiago bildu ziren txapelketan. “Maila oso lehiakorra” aukeztu zutela diote klubeko ordezkariek, finaletara iristeko hiru edo lau txanda gainditu behar izan zituztela esanda, eta horrek “exijentzia fisiko eta mental handia” eragin ziela nabarmenduta. Ondorioz, 13 dominen balantzea “bikaina” izan dela ondorioztatu dute.