Langileak kontratatu dituzten Busturialdeko enpresentzako diru laguntza eskainiko du Lanbide Ekimenak zentroak
Diruz lagunduko dituzten kontratuak 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean egindakoak izan beharko dira, eta enpresa onuradunek gutxienez urtebetez eutsi beharko diote enpleguari. Eskaerak aurkezteko epean otsailaren 28an (zapatua) amaituko da.
2024ko uztailetik 2025eko ekainera bitartean langileak kontratatu dituzten Busturialdeko enpresek aukera dute Lanbide Ekimenak zentroaren bidez, tokiko enplegua sustatzeko abian jarri duen diru laguntza jasotzeko; hain zuzen ere, 178.699 euroko diru saila aktibatu du Gernika-Lumoko Udalak, eta, zehaztu dutenez, kontratu mugagabeei zuzendutako laguntza da, enplegua eta kohesio soziala indartzea helburu dituena.
Diruz lagunduko dituzten kontratuak 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean egindakoak izan beharko dira, eta enpresa onuradunek gutxienez urtebetez eutsi beharko diote enpleguari. Eskaerak aurkezteko epean otsailaren 28an (zapatua) amaituko da, eta interesa duten enpresek Gernika-Lumoko Udalaren webguneko izapideen atalaren bidez egin dezakete eskaera.
Lanbidek eta eskualdeko garapen agentziek lankidetzan garatzen duten programa da honakoa, ekoizpen sarea indartzeko eta lanik bariko pertsonen enplegagarritasuna hobetzea bilatzen duena. Jon Lejarraga udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak ekimenaren fokua lurraldearen gaineko zuzeneko eraginean kokatu du: “Laguntza horien helburua da tokiko enpresek eskualdean bertan talentua sustatzea, eta, aldi berean, aukera berdintasuna eta Busturialdeko garapen ekonomikoa bultzatzea”.
Lejarragak gehitu du programaren helburua ez dela bakarrik enpresei laguntzea, erantzun soziala eskaintzea ere baduelako asmo. “Enplegua funtsezko motorra da gizarte eta lurralde kohesiorako. Ondorioz, deialdi honen bidez, benetako aukera eskaini nahi diegu langabeei, eta eskualdearen etorkizunerako funtsezkoa den ehun ekonomikoa indartu nahi dugu”, azaldu du.
Hala, deialdia Busturialdean lantokia duten enpresa eta erakunde pribatuei zuzenduta dago —pertsona fisikoak edo juridikoak—, baldin eta kontratu mugagabeak egin badituzte, baita kulturaren arloan artisten eta ikuskizun publikoetako teknikarien edo laguntzaileen aldi baterako kontratuak egin badituzte ere.
Hori bai, funtsezko baldintza da kontratatutako pertsona Busturialdeko udalerriren batean erroldatuta egon izana kontratazioaren unean, baita langabezian dagoen enplegu eskatzaile gisa Lanbiden izena emanda egotea ere. Gainera, kontratazioek enplegu sorrera garbia ekarri behar badute eska daiteke laguntza; hau da, aurreko sei hilabeteekin alderatuta enpresako bataz besteko lan taldearen hazkunde erreala eragin badu.
Izan ere, diru laguntzaren ardatz nagusia kontratazio mugagabea da, lanaldi osoko kontratu bakoitzeko 8.000 euroko laguntza eskaintzen duelako. Zenbaki hori proportzionalki egokituko litzateke lanaldi partzialen kasuan, betiere lanaldi partzialak gutxienez %50era iristen badira. Hala ere, kontratatutako pertsona emakumea bada, laguntza %10 handituko da, 8.800 eurora arte gehienez, urteko soldata kostuaren %75 gainditu barik, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne.
Gainera, deialdiak indartu egiten du lehentasunezko kolektiboei ematen zaien laguntza —DSBEa edo BGDa jasotzen duten pertsonak, 35 urtetik beherakoak edo 55 urtetik gorakoak eta iraupen luzeko langabeak—, izan ere, laguntza 10.000 eurokoa izan daiteke, edo 11.000 eurokoa, kontratatutako pertsona emakumea bada, hori bai, urteko soldata kostuaren %100eko mugarekin.