Garaipen balioanitza, etxekoen aurrean
Gernika Rugby Taldeak 29 eta 13 irabazi dio A.D Ingenieros Industriales Las Rozasi, Ohorezko Elite Multzoko hamargarren liga jardunaldian. Sailkapenean kalitate jauzia egin dute basurdeek, baita "moral aldetik" ere.
Argazkia: Pedro Urrutxua. Gernika Rugby Taldeak balio handiko garaipena poltsikoratu zuten atzo [urtarrilak 25], Urbietan, etxeko jarraitzaileen aurrean. Sailkapeneko zuzeneko arerio bat, A.D. Ingenieros Industriales Las Rozas eduki zuten aurrez aurre, eta basurdeek, gogotik behar eginda, madrildarrak garaitu ahal iza zituzten: 29 eta 13. Partidua abiatu bezain pronto, euriteek eta txingorrak berdegunea lokaztu zuten, eta hark “irakurketa bikoitza” sorrarazi zien etxekoei, azaldu dutenez: “Alde batetik, inork baino hobeto joka dezakegu, Urbietako zelaigunea hala ipintzen denean. Bestetik, Industrialesi joko fisikoa interesatzen zitzaion, eta guri, berriz, neurketari abiadura ematea; egoera hartan, baina ez zen batera erraza bizkor jokatzea”.

Argazkia: Pedro Urrutxua.
Zalantzei aurre eginez, Gernika RTk bere tokia topatu zuen jokoan. Madrildarrek entsegu bakarra egin zuten partidu osoan, baina norgehiagokaren hasiera “oso gaitza” proposatu zuten: “Markagailuan behetik ekin genion partiduari: 0 eta 3, 3 eta 5 edota 5 eta 6. Pixkanaka-pixkanaka, geure lekua aurkitu genuen jokoan, eta egoera iraultzeko gai izan ginen”. Basurdeek markagailuan agintea hartu zuten atsedenaldia orduko, eta 15 eta 6 aurrea hartuta biribildu zuten lehen zatia.
Aldageletatik itzultzean, partiduaren “fisikotasunak eta gogortasunak” ez zuen etenik izan. Industrialesek kontaktuan “min itzela” egiteko moduko jokalari “fisiko eta handiak” zelairatu zituen. “Edozelan ere, puntuak egiteko gai izan ginen, eta ez genuen erabateko blokeo edo kaos egoerarik bizi”, argitu dute. Hain zuzen, lau entsegu egin zituzten etxekoek, eta basurdeen jokoa uneoro arina eta dinamikoa izan zen. Markagailua, azkenean, egindako lanaren ordainsaria izan zen, alde “politagaz” nagusitu baitziren. Lantaldeko hutsuneak izan ziren Gernika RTren kezka nagusietako bat. Izan ere, zenbait jokalari min hartuta dituzte, baina asmatu zuten traba hari aterabidea jartzen: “Jokalari batzuen postuak aldatu egin behar izan genituen, beraientzako ohikoenak ez direnetara igaroz; hori bai, ederto erantzun zuten”.

Argazkia: Pedro Urrutxua.
Garaipena ez ezik, bonus puntua ere lortu zuten basurdeek; bost puntu, beraz. Hala, sailkapenaren hirugarren posturaino jauzia egin dute, 32 puntu bilduta. Club de Rugby Sant Cugat kataluniarrak lidergoan daude, baina hiru puntu gehiago baino ez dituzte; bigarren postua Recoletas Salud Fenixen esku dago, baina horiek ere gernika-lumotarrek beste puntu dituzte. Atzetik, berriz, Hernani CRE dago, 31 puntugaz, Industriales orduko.
Datozen asteburu bietan ez dute partidu ofizialik edukiko egutegian, baina “asko dago egiteko”: “Lehenik, indarrak berreskuratzeko, eta, ostean, gogor behar egiteko aprobetxatuko dugu partidurik gabeko tarte hori. Lehiaz kanpo dauden jokalarietako batek meniskoa minberatuta du eta, beraz, gaur-gaurkoz ez da jokatzeko moduan egongo; beste batek, ostera, zaintiratua du belaunean, eta hori beharbada datorren jardunaldira iristeko moduan egon daiteke”. Valencia RC izango dute aurkari, etxetik kanpo: “Ez da inondik ere aurkari erraza, baina azken garaipen honegaz urrunago daukagu sailkapenean”.
Gainera, hurrengo jardunaldian Sant Cugatek eta Recoletasek elkarren kontra jokatu beharko dutela aintzat izanda, lider postura iristea “egingarria” izan daitekeen jomuga da: “Berez, ez daukagu burua horretan ipinita, baina lehiak berak ekar dezakeen faktorea da. Garaipen honen balio erantsia, dena dela, moral aldetik emandako bultzada da”.