1.550 lagun, aldarri sozialaren bidezidorrean
VII. Etxera Trailek parte hartze esanguratsua eduki du: 1.550 mendizale. Mikel Arriola Muniozguren eta Oihana Azkorbeitia Urizar izan dira mendi lasterketaren garaileak.
Argazkia: Txebi Arriaga. Beste behin, euskal mendizaleek aldarri argi eta ozena egin zuten atzoko Etxera Trailen, euskal preso, iheslari eta deportatuen alde. Kirola eta kontzientzia soziala uztartzen dituen mendi jaialdi herrikoiaren VII. ekitaldiak 1.550 parte hartzaile hartu ditu, orain arteko gehienezko kopuruetatik oso hurre. Beste behin, mendi martxek eta lasterketak osatu dute egitaraua. Egitarau horren balorazioa, hain zuzen ere, “oso positiboa” dela adierazi dute antolatzaileek: “Dena espero modura irten da, eguraldiak goiz erditik aurrera gauzak zaildu arren”.
Ibilbide luzeko martxalariek zein mendi korrikalariek, aurten, berritasunak eduki dituzte, bereziki, ibilbideen azken zatian. 16 kilometroko eta ia 700 metroko desnibeldun jardunaldiari aurre egin zioten, eta “ekarpen oso baikorrak” jaso dituzte, alde horretatik: “Martxalari zein lasterkari ugarik azken jaitsiera eta, oro har, ibilbidearen azkenengo zatia aurreko ekitaldietakoa baino erakargarriagoa iruditu zitzaiela azaldu ziguten; beraz, badirudi berritasunekin asmatu egin dugula”. Jaso duten “kritika” bakarra modalitate bien arteko elkarbizitzari dagokiona izan da: “Martxalari batzuek argitu ziguten haiek bidean aurrera egin ahala harrapatzen zituzten korrikalariengandik presio uneren bat edo beste jaso zutela, baina antolakuntzak argi utzi eta uzten du Etxera Trailen oinarria ez dela konpetizioa: mendian guztientzako espazioa da, are gehiago, aldarri soziala muina duen ekimena izanik, eta ez lehiaketara mugatzen direnena”.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Lehiaketa erdigunean egon zein ez, korrikalariek maila handiko denborak ezarri zituzten, lokaztuta esnatu zen ibilbidean. Gizonezkoen artean, erregistrorik onena Mikel Arriola Muniozguren eibartarraren partetik iritsi zen; 1.11.53an gelditu zuen erlojua. Podiumean lagun izan zituen Iñigo Pradera Belar mallabiarra (1.12.42) eta Daniel Ibarrondo Crespo (1.13.09) kanpezuarra. Eskualdeko lasterkaririk bizkorrena Antton Luengo Zelaia izan zen: arteagarra seigarren postuan helmugaratu zen, lanak 1.13.32an biribilduta. Emakumekoen artean, inor ez zen Oihana Azkorbeitia Urizar abadiñarraren mailara iritsi; 1.23.5oean gelditu zuen kronoa. Bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren, Nerea Urteaga Sozaru zumaiarrak (1.24.18) eta Mayi Mujika Aloa elgoibartarrak (1.24.28) lortu zituzten. Eskualdeko emakumezko lasterkaririk bizkorrena Luzia Arzanegi Basabe gernika-lumotarra izan zen, 1.32.42ko erregistroagaz.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Berritasunekin “asmatuta”.
Urdaibai kantaguneak Hertzainaken 564 abestia interpretatu zuen martxa luzea hasi orduko. Laburraren hasiera, berriz, erraldoiek girotu zuten. Lasterketari dagokionez, korrikalariak joaldunen atzean abiatu ziren. Aldaketa berriok “begi onez” hartu zituzten partaideek, irteera eremuari “bestelako kolorea” eman ziotelako: “Asmatu dugu proposamen berri horiekin, eta hurrengo urteetan errepikatzeko edo pareko zerbait egiteko prest gaude”. Edozelan ere, Etxera Trailik arrakastatsuena oraindik egin ez dena, “azkena“, dela: “Argi dugu, egunen batean Etxera Trailik egingo ez balitz, presoen auzia amaituta legokeelako izan zela; horrenbestez, ea guztion artean helburu hori errealitate bihur dezakegun, eta noizbait Gernika-Lumo inguruko mendietan plazer hutsagatik elkartu gaitezkeen”.