Bertoko sortzaile eta kulturzaleen espazioa
'Ricardo III eta ni' ikuskizuna. Ainhoa Resano Nabarmentzekoa da programazio horretan udalerriko sortzaileen lanari emandako espazioa, horien lanari lekua eskaini gura izan baitiote antolatzaileek. Esaterako, Artedramak Nor naizen baneki ikuskizuna eskaini zuen urtarrilean, eta Ross Dantza Eskolakoek Errauskine familientzako obra taularatu zuten.
Horiez gain, otsailean Eneritz Artetxe sortzaile gernikarra ere hurreratuko da, Horman Poster eta Dxusturi Teatroak estreinatuko duten Ricardo III eta ni antzezlanean ariko baita, otsailaren 21ean. Eta Gernikako Antzerki Taldeak ere Los tres izeneko obra erakutsiko du, otsailaren 28an eta martxoaren 1ean.
Hala ere, bestelako ekintzak ere egongo dira, hiru ildo estrategikoren baitan antolatzen baituta kultur etxeko ordezkariek kultur eskaintza: arte eszenikoak, familientzako ikuskizunak eta Lizeoteka. Azken horri tiraka, zirkuitu komertzialetik kanpo dauden pelikula onak proiektatzen dituzte bariku arratsaldeetan; besteren artean, gaur, El extranjero erakutsiko dute, otsailaren 6an Kontinental 25, eta otsailaren 20an Eloy de la iglesia, adicto al cine.
Baina, ikus-entzunezko horiez gain, antzerkiak ere presentzia nabarmena izango du urteko lehen hiruhileko programazioan: Txalo konpainiakoek Trajea (otsailak 7) ikuskizuna eskainiko dute, eta Erre produkzioak taldekoek El amor no se produce en cautividad (martxoak 28). Familia ikuskizunak edo tailerrak ere ez dira faltako; izan ere, inauterietan (otsailak 13) kultur etxean makillatzeko aukera izango dute etxeko txikienek, eta martxoaren 29an Hodei guztien gainetik familientzako ikuskizuna izango dute aukeran.
Ekimen desberdinen parte
Guzti horiez gain, udalerrian garrantzitsuak diren ekimenetan ere parte hartuko du kultur etxeak. Inauterietako saioaz aparte, martxoko Lekuek jaialdirako kontzertu «handi» bat programatu dute Lizeoan, oraindik «sorpresa» dena.
Eta, Martxoaren 8aren harira ere, Le llamaban loca ikuskizuna ekarriko dute udalerrira. Hilabete horretan, Korrika Kulturalean ere parte hartuko du kultur etxeak, udalaren euskara zerbitzuagaz batera, Itzal(iko) bagina obra eskainiko baitute bertan.