Duintasuna galdu barik
Lointek Gernika Bizkaiak 83 eta 81 galdu du, Villeneuve d'Ascqueren aurka, Eurocup Womenen final-zortzirenetako itzulikoa. Lehiatik kanporatuta geratuta ere, gernika-lumotarrek joanekoan baino itxura hobea eskaini dute.
Borrokatuz gero, galtzea zilegi da; borroka egin ezean, ez dago jakiterik. Lointek Gernika Bizkaia Eurocup Womenetik kanpo dago. Atzo [urtarrilak 21], europar txapelketaren final-zortzirenetako itzuliko neurketa jokatu zuten, azken aldiko txapeldun Villeneuve d’Ascqeren kontra. Joanekoan kanporaketa ia-ia poltsikoratuta utzi zuten frantziarrek, baina gernika-lumotarrek inongo lotsa barik lehiatu zuten itzulikoa, eta garaipena eskurateko zorian egon ziren: 83 eta 81.
Malosten egin modura, etxeko taldeak bere botere fisikoa baliatu zuen lehendabiziko segundotik. Hori bai, Gernikak asmatu zuen jokoari mugikortasuna eta erritmoa ezartzen; mugimendu hark lehen saskiratzeak ekarri zizkieten, batik bat, kanpoaldetik. Barrualdeko jokoari zegokionez ere, ez ziren kamustu granateak; Masa Jankovic eta Joy Adams izan ziren barruko jokoaren gidaritza eduki zutenak. Lehen laurdenaren azken txanpan, Villeneuvek apur bat gehigo zapaldu zuen azeleragailua, eta zazpi puntu gora amaitu zuten: 28 eta 21, etxeko taldearen alde.

Argazkia: Gernika KESB.
Lehen borrokaldian handia zen abiadura are gehigo bizkortu zen, bigtarrena hasteagaz batera. Hala Villeneuvek, nola Lointekek bere erritmoa, gehien komeni zitzaiena, ezarri gura zuten kantxan. Edozelan ere, frantziarren erangikortasuna handiagoa zen, puntuak lortzerakoan. Gernikak bere jokoarenganako fidel jarraitu zuen, kanpoaldetik presioa eginez, jabetza kontrolatu asmoz, eta hark isla eduki zuen markagailuan: puntu batekoa baino ez zen izan hautagaiek atsedenaldia orduko lortu zuten errenta, 44 eta 43ko markagailuarekin.
Gernika-lumotarren presioak Villeneuveko lantaldea defentsan lan eskerga egitera derrigortu zuen. Emily Bessoir izan zen puntu jarioak etenik eduki ez zezala ziurtatu zuen jokalaria. Partiduan erabat sarturik egonagatik ere, aipagarria izan zen frantziarrek, unerik gaitzenak barne, uneoro puntuak egiteko abilezia plazaratu zutela. Hirugarren laurdena, bigarrena bezalaxe, puntu bakarreko aldeagaz biribildu zuten: 62 eta 61.
Esther Castedok hiruko lerrotik ederto asmatu zuen, baina frantziarren presioa eta defentsa lerroa oso zurrunak ziren. Gernikaren ekinaren ispilu, amaierarako lau segundoren faltan, 81 eta 81 berdinduta zeuden. Azken arnasestuan, Villeneuveren planteamendu estrategikoak fruitua eman zuen, eta Gernikak, gogor lehiatu arren, puntu biren aldeagatik galdu zuen neurketa: 83 eta 81.
Bidesari fisikoa.
Kanporaketa orduko, Villeneuveren aurkakoak hitzordu “oso zailak” zirela jakin arren, gernika-lumotarrek behetik gorako joera erakutsi dute final-zortzirenetan. Lucas Fernandezek lehiaketan edukitako “une lehiakorrak” azpimarratu ditu: “Gianninaren aurkako lehiatik Ramlaren kontra Bulgarian jokatzera artean, hainbat bizipen eduki ditugu; Eurocup Women pila bat eman digun txapelketa da, baina alderdi fisikotik bidesaria kobratu digu”. Ligako eta Eurocupeko partiduen segidari aurre egitea “oso konplexua” dela nabarmendu du entrenatzaileak: “Ez da erraza etenik gabe konpetitzea, baina irakaspen handiak ematen ditu”.
Lucas Fernande3z: “Eurocup Women pila bat eman digun txapelketa da, baina alderdi fisikotik bidesaria kobratu digu”
Kanpoalde eta barrualdeko jaurtiketen arteko “orekagaz” asistentziagaz eta joko ireki “oso onagaz”, kanporaketaren balorazio positiboa egin du Fernandezek: “Orain denboraldi amaierari eta ligari begira ariko gara bete-betean”. Hain zuzen, zapatu honetan [urtarrilak 24], Leganesen kantxan jokatuko dute Emakumezkoen Endesa Ligaren 18. jardunaldiari dagokion partidua.