Bermeotarren izaeraren isla dira
Euskara eta Bermeoko giro herrikoia berreskuratzea dira Josepa Kale Kale musika taldearen zutabeetako bi. Lauzpabost lagunen artean hasi zen taldea, pandemiak herrian eragindako beherakada ikusirik. Gaur egun, aldiz, 40 bat lagunek osatzen dute taldea, eta han eta hemen aritzen dira eskualdeko zein kanpoko herrietako kaleak musikatzen.
Argazkia: Josepa Kale Kale. Esaten dute kantatzen duen herria ez dela inoiz hiltzen, eta hori ondo dakite bermeotarrek. Herriko kaleetan musika entzuten denean, askotan ez da oholtza handi baten gainetik etortzen; herriaren taupadetatik etortzen da; herriko kaleetatik. Jaietan, azoketan eta ospakizun berezietan, Josepa Kale Kale bezalako taldeek giroa pizten dute, kantu herrikoiak eta euskarazko doinuak kalez kale zabalduz, eta musikaren eta euskararen bidez, herritarrak batuz. Musika baino gehiago dira: herri-kulturaren transmisoreak dira. Parte-hartzearen bultzatzaileak. Bermeotarren izaeraren isla.
Lagun eta ezagunen artean kalerik kale musika egiteko helburua duen taldea da Josepa Kale Kale. Izenak ere hori bera dio, esan dutenez: “Antzina, gure gurasoek beti kalean ibiltzen zirenei Josepa Kale Kale deitzen zioten, parrandistak zirenei”. Izenaren aukeraketa esaera horregatik egin zutela azaldu dute, beraiei hori gustatzen baitzaie, musika oinarri izanik, kalean ibiltzea. Euren helburua argi zehaztuta dute: herriak eurekin batera kantatzea nahi dute.
Pandemia garaian egin zituen taldeak bere hastapenak. Lauzpabost lagunen artean kantatzeko biltzen hasi ziren, eta “herriaren erantzun ona” ikusirik, ekimenari zabalkundea ematea pentsatu zuten, taldea handitzea: “Pandemian, eta horren ostean herriko giroak beherakada handia izan zuela ikusi genuen. Herriak ez zuela lehen zuen giroa; hori aldatu nahi genuen, Bermeok beti izan duen giro alai hori berreskuratu”. Hori horrela, gaur egun, 40 bat lagunek osatzen dute Josepa Kale Kale, eta Bermeoko zein inguruko herrietako kaleak musikaz blaitzen dihardute.
Herriko estiloari leialak dira, eta “betiko kantak betirako izatea” nahi du taldeak: “Euskal eta bermeotar kantutegian hainbat kantu daude, belaunaldiz belaunaldi desagertzen joan direnak, eta geroz eta gutxiago entzuten direnak. Betiko kantek ezagunak izaten jarrai dezaten nahi dugu guk, urtez urte gure ondoan egon diren abesti horiek ez galtzea”. Hala ere, urteen joanarekin batera, abesti modernoagoen aldeko apustua ere egin du taldeak, baina bere funtsa galdu barik; ze, diotenez, hori da jendeak eskatzen duena, mugimendu gehiago, erritmo gehiago.
Euskara da taldearen zutabeetako bat, “argi eta garbi”: taldekideak euskaraz bizi diren heinean, euskaraz kantatu nahi dute. Euskararen erabilera beherantz doala ikusita, taldeak bere horretan mantentzea berebizikotzat du: “Bermeoko kaleetan geroz eta euskara gutxiago entzuten da, zoritxarrez. Guk, ordea, euskaratik euskarara abesten dugu kalerik kale, nahiz eta abesti batzuetan gaztelerazko zatiak ere egon. Gure oinarria euskara da. Bermeoren oinarria euskara da. Eta ezin dugu hori galdu. Gutxienez ahalegindu egin behar gara hori ekiditeko”.
Belaunaldi aldaketa
Belaunaldi arteko aldaketa “zail” ikusten dutela aitortu dute. Euskara eta euskal musika mantentzea eta ez galtzea “denon erantzukizuna” dela, eta horretarako, gazteak funtsezkoak direla azpimarratu dute: “Eurak dira etorkizuna, eta beraz, eurak dute pisu handia, gure herriaren norabidea eraikitze aldera”. Herriz herri dabiltzanetan, gazteren bat zein beste batzen bazaie ere, belaunaldien arteko “barrera antzeko bat” nabaritzen dutela aitortu dute: “Azken hiru-lau urteetan, Bermeok sekulako aupada izan duela uste dugu, Arrekatxutxa edo Kanta Kanta Lorue bezalako taldeen sorreragaz, esaterako. Baina etorkizunak kezkatzen gaitu. Herriko jaietan, adibidez, hutsune bat nabari izan dugu azken urteotan, euskaraz abesteari dagokionez. Txosna batzordeak antolatzen du txosna-gunea, eta uste dugu horretan topagune bat falta zaigula, guztiok Bermeo euskaldun eta hobe baten alde lan egiteko”. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak luzeak direla esan, eta “euskaraz abesteko egun bat” izatearen ideia mahai gainean jarri dute taldekideek, herriko gainontzeko kultur eta euskara taldeekin lankidetza oinarri izanik.
Musikazaleei deia
Talde zabala izanik, “musika instrumenturen bat edo beste” ezagutzen duen jendea ongi etorria dela adierazi dute: “Kantatzeko batzen zaigu jende asko, baina instrumenturen batekin trebea den jendea ere behar dugu, taldea hobetzeko eta guk ere eboluzionatu ahal izateko”. Beraz, musikazaleei dei egin diote taldetik, euren lokalera hurbiltzeko esanez, taldearen parte izateko.
Izan ere, duela ez askotik lokal propio bat du taldeak. Bermeoko Batzokiko bigarren solairuan biltzen dira entseatzeko zein bilerak egiteko. Barikuro entseatzen dute, eta “eskaeraren arabera” aukeratzen dute errepertorioa: “Ez da gauza bera Bermeoko jaietan kantatzea edo zaharren egoitzara egindako bisita batean egitea. Uneoroko eskaera ikusita, hausnartu eta kantutegia aukeratzen dugu; horrela aukeratzen ditugu abestiak eta aldatzen ditugu entseguak”.