Basurdeek zuzeneko aurkarietako bat hartuko dute Urbietan
Gernika Rugby Taldeak A.D. Ingenieros Industriales Las Rozas taldearen aurka jokatuko du domekan, 12:30ean hasita, Urbietako berdegunean. Sailkapenean aurretik dituzte madrildarrak, baina puntu berberekin.
Gernika Rubgy Taldeak zuzeneko arerioaren kontra neurtu beharko ditu indarrak domekan [urtarrilak 25], 12:30etik aurrera, Urbietan. Basurdeek A.D. Ingenieros Industriales Las Rozasen kontra jokatu beharko dute Ohorezko Elite Multzoko hamargarren liga jardunaldiari dagokion partidua. Madrildarrak, hain zuzen ere, sailkapenean aurretik dituzte, baina puntu aldetik berdinduta: laugarren eta bosgarren postuetan daude, hurrenez hurren, 27na puntu poltsikoan dituztela. Gaur-gaurkoz, Club de Rugby Sant Cugat dago lidergoan, 31 puntugaz, baina sailkapeneko lehen bostak lehian bete-betean murgilduta daude: bigarren sailkatuak, Hernani CREk, puntu bat gutxiago dauka; hirugarren sailkatu Recoletas Saldu Fenixek, ostera, 28 puntu ditu.
Horrenbestez, asteburu honetakoa, “partidu garrantzitsua” izango dela azaldu du taldeko ordezkaritzak, igoera kanporaketa jokatzeari begira. Aurkariaren jokoari dagokionez, alde fisikoa izango da madrildarrek gehien zukutuko dutena, baina bada “abiaduradun atzelari pare bat” ere: “Beren kantxan jokatu genuenean, ozta-ozta irabazi genuen, baina argi eta garbi geratu zitzaigun norgehiagokari ahalik eta abiadura handiena ematea komeni zitzaigula, haiek uneoro deseroso joka dezaten eta beraien joko moldea presiopean egon dadin”.
Edozelan ere, gernika-lumotarrak lantaldea apur bat kolpatuta iritsiko dira: “Zenbait jokalari, batzuk postu berekoak, min hartuta daude; horrek ez du geure alde egingo, baina ezbehar horri ere aurpegia erakutsiko diogu”. Helburua argia da: irabaztea. “Galduz gero, oraindik aukerak genituzke igoerari begira eusteko, baina zailagoa litzateke; beraz, garaipenaren bila zelairatuko gara”, azaldu dute.