Aniztasun funtzionalaren aldeko pausoak
Domekan [urtarrilak 25], XX. Bermeoko Herri Lasterketa egingo dute. Proben izen emateetan bildutako dirua Sagrado Corazón Ikastetxeak jasoko du, aniztasun funtzionala duten ikasleen artean kirol praktikak sustatzeko.
Domeka honetan [urtarrilak 25], Bermeoko herrigunea elkartasuna eta kirola ezkonduko dituen jarduera kolektiboaren topaleku izango da. Udalaren Kirol Sailak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuta, Bermeoko Herri Lasterketaren XX. ekitaldia egingo dute, berezitasunerako motiboz josta, gainera: aurtengoa Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuko duen azkenengo aldia izango da; hain zuzen, abian da bere lekukoa nork hartuko erabakiko duen prozedura.
Lasterketa herritar guztiei zuzendurik egongo dela aurreratu dute udal ordezkariek, “edonork parte hartu dezakeela” iragarrita. Izan ere, bere xedea ez da inondik inora lehiagaz erlazionatutakoa, “izaera herrikoi eta sozialari” dagokiona baino: “Kirola herritartzea; kirolaren osasunaren arteko hartu-emana ikusaraztea; lasterkarien arteko harremanak sendotzea; eta argitzea kirola ez dela soilik federatuen kontua”. Azken ekitaldietan bezala, aurten ere adin taldeka banatutako lau proba egongo dira, denak ala denak Lameran hasita.
Gazteak eta helduak, 14 urtetik gorakoak, 11:00etan abiatuko dira, 8 kilometroko ibilbidea betetzeko. 11 eta 14 urte bitarteko gaztetxoek 1.500 metro egin beharko dituzte, 12:00etan; proba nagusian parte hartzeko aukera ere edukiko dute, “nagusi baten ardurapean“. 7 eta 10 urte arteko umeek 800 metro egingo dituzte, 12:10ean hasita. Azkenik, 3 eta 6 urte arteko haurrek 100 metroko ibilbideari ekingo diote, 12:40an hasirik.
Herritarrei eskaria.
Nagusien probak 11:00etatik 12:00etara arte iraungo duela aurreikusita, ordu tarte horretan, “korrikalariak ahalik eta gehien errespetatze aldera, ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzeko eskakizuna” egin du udalak. Aurretiazko izen emateari dagokionez, Arene kiroldegian egin beharko dute nagusiek, eta umeek, berriz, ikastetxeetan egin ahalko dute. Domekan bertan ere, izena emateko aukera egongo dela adierazi dute, 10:30ak bitarte. Hori bai, antolakuntza planak errazteko, izena ematea aldez aurretik egiteko eskatu dute.
Haur, ume zein gazteek euro bat ordaindu beharko dute; euro bi, ostera, nagusiek. Aurten, izen emateetan bildutako dirua Sagrado Corazón Ikastetxeak jasoko duela argitu dute, “aniztasun funtzionala duten umeen arten kirol ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin”. Izena emanda, korrikalari bakoitzak bere dortsala jasoko du, eta lasterketa egunean ikusgai eroan beharko du soinean. Haur, ume eta gaztetxoek ikastetxeetan jasoko dituzte beren dortsalak. Lasterkaldia biribilduta, parte hartzaileek opari poltsa bana jasoko dute, jan-edanagaz. Ez hori bakarrik: denen artean opariak zozkatuko dituztela iragarri dute. Dutxatu gura dutenek, bestalde, horretarako aukera edukiko dute bai Arene kiroldegian, bai Artza udal pilotalekuan.
Iazko ekitaldian, 851 korrikalari bildu ziren Bermeoko kaleetan; haietako 209k proba nagusian parte hartu zuten, eta 642 izan ziren, aldiz, ume zein gazteen lasterketetan aritu zirenak. Halaber, 1.145 euro bildu zituzten, eta Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratu, umeen artean kirol ohitura osasungarriak sustatzeko”.