Lehengo lepotik burua
Johan eta Gorka Sorozabal anaiek azken tantoan irabazi diete Eñaut Urreistiri eta Imanol Lopezi, Eusko Label Winter Seriesko finalaurrekoen ligaxkan. Azken tantoak polemikatik asko izan du; Eraman Jai Alaik epaileen lana "babestu eta errespetatu" du.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Istorioa errepikatu egin da: Eñaut Urreistiri eta Imanol Lopezi berriro ihes egin die partiduak, hirugarren seteko azken tantoan. Atzo [urtarrilak 19], Jai Alaiko zestazaleek maila handiko zesta-puntaz eta azken unera arteko ezustekoaz gozatu zuten, Eusko Label Winter Seriesko finalaurreko ligaxkako partiduan. Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrek Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Imanol Lopez zumaiarra eduki zituzten aurrez aurre. Garaipenak azken txanpan lehendabizikoen alde jo zuen; bigarrenei, berriz, asko zaildu zaie finalera sailkatzea, baina oraindik matematikoki bizirik daude.
Partidua bide onetik abiatu zuten horiek, lehen unetik lehian bete-betean sartuta kantxaratu baitziren. Estreinako tanto piloteatuak finalaurreko borrokatua iragarri zuen, eta halaxe izan zen. Urreistik eta Lopezek markagailuan lehen aldeak egin zituzten, 6 eta 2 edota 8 eta 4 aurrea hartuz. Johanen erremateek ez zuten beste hainbestetan eduki izan duten emaitza onik eduki; Gorkak, bere aldetik, zenbait hutsegite egin zituen lehenengo setean. Urreistik tanto ederrak opari egin zizkien ikusleei, esaterako, 10 eta 5ekoa, alboz dotore eginikoa. Ipar Euskal Herriko bikoteak gogotik behar egin zuen, aldeak murriztu guran. Edozelan ere, 15 eta 11ko argi batekin biribildu zuten seta Urreistik eta Lopezek. Artean, bazirudien neurketa bideratuta zutela.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren seta hastearekin batera, baina, partiduaren noranzkoa errotik aldatu zen: Gorkak urrats bat aurrera egin zuen, eta Johanek bere ohiko maila berreskuratu. Anaien arteko elkarlan apartak hotz harrapatu zituen arerioak. Alde batetik, miarriztar atzelariaren eskumakadak uneoro deseroso egonarazi zituen aurkariak; bestetik, Johan gai izan zen pilotak hala indar handiz errematatzeko, nola txapa gainean gozo-gozo uzteko. Ondorioz, bikote laranjaren ekinak bidea egin zuen, 3 eta 8 nahiz 4 eta 9 aurrea hartuz. Horiek tanto bakarrera murriztu zuten odoljarioa, baina Johanek errebotez, sake-errestoan eta errebeskadaz eginiko hiru tanto ederrek seta laranjei eman zien. Lehen seteko markagailuak buelta eman zuen, bigarrenaren hondarrean: 11 eta 15, Sorozabal anaien alde.
Berdinketa haustean, lau puntisten arteko tentsioa nabaria izan zen, txapelketaren garapenerako partidu giltzarria zen jakitun. Lehen tantoaren ostean, Johanek labur atera zuen bigarrena, baina bere akatsa atoan konpondu zuen, 1 eta 2koa horma biko distiratsu batekin lortuz. Urreistik bina berdindu zuen, pilota txokoan lagaz, baina lapurtarraren hutsegite berbera egin zuen mutrikuarrak: sakean labur. Johanen ausardiak 2 eta 4koa ekarri zien anaiei, baina Lopez, lehenik, eta Urreisti, ondoren, partidua launa berdintzeaz arduratu ziren. Markagailuak 4 eta 4koa erakusten zuenean iritsi zen partidua erabaki zuen jokaldi polemikoa.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Johan airez sartu zen azken sakean, eta bere horma biko errematearekin biribildu zuten norgehiagoka. Lau pilotariek, pilotakada hura txartzat joz eta partidua amaitutzat emanez, elkar besarkatzeari ekin zioten, baina azken unean epaileek jokaldi hura ontzat jo zuen, eta horiei partiduak muturren aurrean ihes egin zien. Garaipenak, azken txanpan, Johan eta Gorka Sorozabalen alde egin zuen. Erabakia kolpe latza izan zen Urreisti eta Lopezentzat. Izan ere, finalaurrekoen ligaxkan neurketa hirugarren setaren azken tantoan galtzen duten bigarren aldia da. Garaipena tarteko, sorozabaldarrek ligaxkako lidergoa lortu zuten, lau punturekin; Alex Goitia-Unai Lekerika eta Xabier Barandika-Thibault Basque bikoteek hiruna dituzte; atzoko galtzaileek, ostera, bi. Edozelan ere, Urreisti eta Lopez oraindik bizirik daude Eusko Label Winter Series honetan: beren azken partidua bai ala bai irabazi beharra dute, baina gainontzekoen emaitzen pentsuan ere egon beharko dira.
Johan Sorozabal: “Hasiera batean, txarra zela pentsatu dut, baina pozarren gaude epaileek kontrakoa adierazi dutelako”
Partiduaren amaieran, Gorkak partiduaren esangura azpimarratu zuen: “Pozik gaude, eta lehian bizi-bizirik”. Azken tantoaz galdetuta, Johanek aitortu zuen berak “ez zekiela” tantoa barruan ala kanpoan zegoenik: “Pilota marratik oso hurre zegoen, eta ez dakit barruan ala kanpoan ote zegoen; epaileek barruan zegoela esan dute, beraiek dute azken batean arrazoia. Hasiera batean, txarra zela pentsatu dut, baina pozarren gaude epaileek kontrakoa adierazi dutelako”.
Epaileei babesa.
Neurketaren azken tantoko epaiak sortu duen polemika tarteko, Eraman Jai Alai enpresa antolatzaileak Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzako epaileen lana “erabat babesteko” asmoa duela adierazi du, gaur [urtarrilak 20] kaleratutako oharrean: “Orain arte bezala, beraien erabakiak errespetatzen jarraituko dugu, txapelketaren independentzia bermatu ahal izateko”. Bestalde, aurreratu dute bideo arbitraje sistema, behin-behinean eta lehiaketaren ekitaldi hau bukatu arte, bertan behera lagako dutela: “Hausnarketa epe bat irakiko dugu, baliabide horren etorkizuneko erabilera aztertzeko. Hurrengo jardunalditik aurrera, lau epaile barik, hiru egongo dira; kantxa erdikoak izango du azken erabakia”.