Irakur Jolas Txokoa antolatu dute haur eta gurasoentzat
Ibarrangeluko Udalak Irakur Jolas Txokoa antolatu du, herriko 3 eta 6 urte bitarteko haurrei eta beren gurasoei zuzenduta. Hilaren 23an nahiz otsailaren 20an egingo dituzte irakurketa eta aisia uztartuko dituzten saioak, kultur etxean Mari Garcia Ladero dinamizatzailearen gidaritzagaz; saio biak ala biak 17:00etan hasiko dira, eta parte hartu gura dutenek kultur etxean bertan doako izen ematea egin beharko dute.
Jardunaldiotan, ume zein nagusiek taldelanean jardungo dute, irakurzaletasuna hauspotzeko helburuagaz. Azaldu dutenez, liburuak denen artean “irakurriko, kontatuko, komentatuko eta antzeztuko” dituzte. Herriko liburutegia herritarrei are gehiago hurreratzea bilatuko dute, eta euskal haur literaturari heltzea izango da horretarako abiapuntua.
Bi helmugadun proiektua dela argitu dute antolatzaileek: alde batetik, “gozatzeko une bat” sortzea, “ipuin, kantu, olerki eta berba jokoekin helduek zein haurrek ondo pasatu dezaten”; bestetik, “gurasoen prestakuntza” bilatzea. Horretarako, bertaratzen direnei euskal haur literaturaren baliabideak irakatsiko dizkiete, baita ipuinak kontatzeko moldeak argitu ere. Egitasmoaren atzean helduak beraien seme-alabekin literatura “modu autonomoan lantzeko gai sentiarazteko” bilaketa dago.
Irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuen gaineko iruzkin zein gomendioak eta “bestelako hainbat ekimen lasai” baliatuko dituzte bidean. Era horretan bilatuko dute liburuak “ezagutuz gozaraztea” eta bibliografia literarioa “pixkanaka-pixkanaka” osatzen hastea.