Gernikak bisitari kopuru sendoari eutsi dio
2025ean 51.748 bisitari hurreratu ziren Gernika-Lumora, eta jatorriari erreparatuz gero, datuek hurbileko turismoaren garrantzia berresten dute: 7.314 bisitari izan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik gerturatutakoak.
51.748 bisitari igaro ziren iaz Gernika-Lumoko Turismo Bulegotik, duela bi urte antzera; izan ere, 2024an 52.700 izan ziren bisitariak. Hala, iazko bisitariei buruzko zifrak bisitarien fideltasuna islatzen duela diote udal ordezkariek, nahiz eta udaberriko goi denboraldian bulegoa partzialki itxita egon zen.
Bertaratutako horietatik 37.291 goizean hartu zituzten turismo bulegoan, %70 baino gehiago, eta 5.655 izan ziren 14:00etatik 16:00etara bitartean iritsitakoak. Ondorioz, langileek jendeari arreta eskaintzeko “ahalegin” handia egin behar izan zutela nabarmendu dute udal ordezkariek.
Jatorriari erreparatuz gero, datuek hurbileko turismoaren eta Espainiako turismoaren garrantzia berresten dute; izan ere, 7.314 bisitari izan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik gerturatutakoak, eta horietatik 2.319 udalerrikoak bertakoak. Espainiar estatutik iritsi ziren asko eta asko: zehatz esateko, 23.142 bisitari, gerturatutako guztien %44,72. Horien artean presentzia nabarmena izan zuten Madrildik, Kataluniatik, Valentziatik, Andaluziatik edota Gaztela Leondik hurreratutakoek.
Nazioartetik ere hurbildu ziren Gernika-Lumo ezagutzera, 21.292 herritar (%41,15), hain zuzen ere. Horien artean, Frantziatik, AEBetik, Alemaniatik, Italiatik edota Erresuma Batuetatik iritsi ziren gehienak.
Bisitarien artean, asko, erromesak izan ziren, horien kopurua mantendu egin dela berretsi baitute udal arduradunek: “5.000 zigilatu igaro ziren udalerritik, eta horien jatorriak bat datoz bulegoko bisitari orokorren jatorriarekin. Ondorioz, Gernika-Lumo euskal Donejakue Bideko funtsezko puntu gisa berresten da”.
Gainera, uda honetan, Astrako aireko babeslekua bisitaratzeko zerbitzu berri bat jarri zuten martxan, eta zerbitzu hori 4.266 pertsonak bisitatu zuten, “udalerriko esperientzia kultural eskatuenetako bat bihurtuz”.
Turismo Buelgoko lanak.
Bisitari kopuru horri eskaintzeko zerbitzuak moldatu behar izan zituzten turismo bulegoko langileek, bulegoa partzialki itxita egon zelako otsailaren 24tik apirilaren 2ra bitartean; izan ere, arratsaldeetan ez zen martxan egon, 36 urteren ondoren bulegoko irudia modernizatzeko birmoldaketa lanen ondorioz. Hala, udalak sustatutako esku hartzeak diseinu garaikidea, iraunkortasuna eta tokiko legatua berreskuratzea uztartu zituela adierazi dute, “Gernika-Lumoko historiaren elementu adierazgarriak txertatuz”.
Obren ondorioz, bulegoko sistema elektrikoa modernizatu dute, luminariak soluzio eraginkorragoekin ordezkatu dituzte, altzariak eta barruko margolanak eguneratu dituzte, eta ehun fonoxurgatzaileen bidezko hobekuntza akustikoa jarri dute. Mostradorearen gunean zurezko eta ehunezko akaberak jarri zituzten, soinu-giroa leuntzen dutenak, “erosotasunaren, energia-eraginkortasunaren eta udalerriaren historiarekiko errespetuaren alde eginez”.
“Gure bisitarien fideltasunak eta ekipoa egokitzeko gaitasunak obren eragina arintzea ahalbidetu dute”, adierazi dute Turismo Bulegotik. Hala, Gernika-Lumok eta Urdaibaik “euskal nortasuna, kultura, hizkuntza eta izateko modua ulertzeko ezinbesteko helmuga” izaten jarraitzen dutela gehitu dute, Euskal Herriko turismo erreferente gisa duten lekua sendotuz.