Sailkapenean gorantz begira jartzeko garaipena
84-69 gailendu zen Lointek Gernika Bizkaia atzo, Duran Maquinaria Ensinoren kontra, Malosten. Garaipen hori "oso garrantzitsua" dela adierazi du Lucas Fernandez entrenatzaileak. Zapatuan (urtarrilak 24) Innova-Tsn Leganesen kontra neurtuko dira gernika-lumotarrak, etxetik kanpo.
Lointek Gernika Bizkaiaren eta Duran Maquinaria Ensinoren aurkako partidako argazkia. Lointek Gernika Bizkaia Lointek Gernika Bizkaiak garaipen “garrantzitsua” eskuratu zuen atzo (urtarrilak 18) Malosten, Duran Maquinaria Ensino talde galiziarraren aurka: 84-69. Galiziarrak zortzi jokalarigaz agertu ziren heinean, etxekoek taldea egonkortuko duen Aaronette Vonleh-en debut arintsuaz gozatu zuten.
Etxekoek indartsu hasi zuten norgehiagoka, partiduari euren erritmoa erantsiz. Vonleh-k bere lehen puntuak saskiratu zituen Ane Olaeta eta Angela Salvadoresen babesagaz. Nahiz eta granateak jokuan nagusi izan ziren, saskiratze falta nabaria izan zen. Vonleh-k, ordea, galiziarrek ordura arte sartutako puntu berdinak sartu zituen segidan, markagailuan 15-8ra heldu arte. Duran Maquinaria Ensinoko Alicia Floresek, baina, aurkariak bizirik mantendu zituen, 9 puntu poltsikoratuz, eta beraz, markagailua estutuz; 24-21.
Erritmo horretan mantendu zen partidua, eta berriz ere markagailuan etxekoak gailendu egin ziren Bessoirren eta Westeriken saskiratzeekin, kanpotarren entrenatzailea den Suso Garridori partida etetera behartuz. Etenetik inoiz baino egonkor eta sendoago atera zen taldea, eta horrek gernika-lumotarren jokoan eragin zuen; motel jokatzen hasi ziren, eta saskiratze faltak markagailuak eragin handia izan zuen. Ordura arteko aldea murriztea lortu zuten bisitariek, horrela atsedenaldira 43-43 helduz.
Atsedenalditik bueltan, talde bien erritmoa handitu zen. Biek ala biek zuten irabazteko gosea, eta bai jokoan, zein markagailuan pareko jarraitzen zuten talde biek. Galiziarrak, hala, zonako defentsaz baliatu ziren errebotea menderatzeko. Lointek Gernikak, baina, defentsa horri erantzun egin zion. Ondo erantzunda, gainera; Olaetaren eta Salvadoresen hirukoek haizea eman zioten etxekoei: markagailuan 55-50.
Galiziarrek ere etxeko taldekoen akatsak zigortzen jakin zuten, batez ere Maimouna Haidarak, saski azpian sendo aritu baitzen. Baina granateek ez zuten etsi, eta 63-55eko emaitzagaz hasi zuten partiduko azken laurdena.
“Oso serio”.
“Lan fina” egin zuten etxekoek azken hamar minutuetan; “oso serio” aritu ziren, erritmoa areagotu zuten, eta 9-2ko partziala egin zuten. Bide horretan tinko mantendu ziren, gainera, eta partidu amaiera “erosoa” izan zuten gernika-lumotarrek, zalegoagaz batera taldeaz gozatu zuten bitartean.
84-69ko emaitzagaz bukatu zen, alegia, norgehiagoka. Lucas Fernandez Lointekeko entrenatzaileak esan du garaipen hori “berebizikoa” izan dela taldearentzat, burua altxatzeko eta sailkapenean gorantz begira jartzeko.
“Azken bi asteetan eskakizun handiko partida asko jokatzetik gatoz, eta beraz, taldea zoriondu nahi dut, egunez egun egindako lanagatik. Uste dut oso ondo hasi dugula partidua, baina beraiek ere oso ondo erantzun dutela. Jakin bagenekien partidu luzea izango zela, eta taldea 40 minutuetan kontzentrazioa mantentzeko gai izan da”, gaineratu du entrenatzaileak.
Lanean jarraitu behar dutela ere nabarmendu du entrenatzaileak: “Garaipen honekin, gainera, Duran Maquinaria Ensinoren aurkako batez bestekoa ere gure alde dugu. Baina orain, aurretik datozkigun partidetan eta eguneroko lanean jarri behar dugu fokua, gure indarguneak hauspotuz, eta ahulguneak hobetuz”. Izan ere, zapatuan izango dute hurrengo hitzordua, kasu honetan etxetik kanpo, Innova-Tsn Leganesen kontra, 17:00etan.